Aurkibidea
Sar hitza (EHAZE)
Erregea eta bufoia eta deabrua eta jainkoa (Jon Gerediaga)
Herri antzerkia: Etxebarriko Antzerki Taldea
Egon Schiele edota Gustav Klimten estiloan
William Layton antzerki laborategia
Tropoak, tranpak eta heteronimoak
Kaosaren estetika. Ezetzaren estetika
Eugenio Barba, antzerki antropologia
Mas Soegeng, Baliko antzerki maskara
Errituala, kultura eta ikuskizuna
Tadeusz Kantor, heriotzaren antzerkia
Inor ez da profeta bere herrian
Antton Luku, bortutik datorren ura
Adel — Artedrama Euskal Laborategia
Lehen eguneko ilusioarekin lanean
Mixel eta Maika Etxekopar, Xiberuatik bi xori
Irakasleak, maisuak, maistrak eta guruak
Amancay, bihotza sendatzen duen lorea
Amarauna: bideak eta bidaideak
Aurkibidea
Sar hitza (EHAZE)
Erregea eta bufoia eta deabrua eta jainkoa (Jon Gerediaga)
Herri antzerkia: Etxebarriko Antzerki Taldea
Egon Schiele edota Gustav Klimten estiloan
William Layton antzerki laborategia
Tropoak, tranpak eta heteronimoak
Kaosaren estetika. Ezetzaren estetika
Eugenio Barba, antzerki antropologia
Mas Soegeng, Baliko antzerki maskara
Errituala, kultura eta ikuskizuna
Tadeusz Kantor, heriotzaren antzerkia
Inor ez da profeta bere herrian
Antton Luku, bortutik datorren ura
Adel — Artedrama Euskal Laborategia
Lehen eguneko ilusioarekin lanean
Mixel eta Maika Etxekopar, Xiberuatik bi xori
Irakasleak, maisuak, maistrak eta guruak
Amancay, bihotza sendatzen duen lorea
Amarauna: bideak eta bidaideak
Garaizarkoa
Hautuez norbaitek zerbait baldin badaki, hori Habanako Martin Mendez da. Gazte zelarik bere bizitza zeharo aldatuko zuten hautu batzuk egin zituen. Berak ere heteronimoak erabiltzen zituen, baina ez Pessoak edo nik bezala, nahi zuelako; Martin Mendez behartua zegoen bere nia ezkutatzera, klandestinitatean bizitzera.
2009ko urte bukaeran gaude. Baionan Jose Mari Agirretxe Porrotxekin eta Manex Fuchsekin manifa batean topo egin eta nire opor beharrez hitz egiten hasi nintzen. Lan erritmo gogorrean ari nintzen lanean eta egun batzuk hartu behar nituen. Indiara joateko asmoa neukan, eta eurak esan zidaten Habanara joateko, uzteko alde batera Indiako kontuak eta Karibera animatu ninduten. “A gozal!” Horrela Martin ezagutzeko aukera ere izango nuen.
Ni ez naiz inoiz turista ona izan. Herrialde batera joan naizenean normalean beti zerbait egitera izan da. Asko kostatzen zait ezer egin gabe egotea, eta ia gehienetan antzerkiaren aitzakia bilatu izan dut bidaiatzeko. Zerbait egitera joan. Baina, oraingoan, Manexek eta Porrotxek konbentzitu egin ninduten. Habanara joango nintzen, haize eta emozio berrien bila 2010eko urte hasieran.
Habanara iritsi eta Maigred Bouricau musikariaren etxean gelditu nintzen. Yanaysa Prietorekin batera osatzen du Duo Jade taldea. Gau hartan bertan azaldu zen Martin etxean. Lagunek eta senideek emandako hainbat gauza nituen berarentzat: liburuak, cdak, eskutitzak, jakiak, arropa, pendriveak… herritik kanpo bizi denarentzat herrimina asetze aldera lagun eta hurbilekoek bidalitako detaile txikiak.
Hurrengo egunean berriz etorri zen etxera Martin, eta bere tico zaharrean Habanan zehar ibili ginen elkarri kontuak esaten. Martinek Habanako errepideko zulo guztiak harrapatzeko apeta kontrolaezina zeukan. Bere Iddorretako euskaran lasai hitz egiten zidan bere bizitzaz, berak bizitakoaz: gazte denborako Durangoz; Pott bandaz; jasandako torturez, gorputzean hainbat urte ondoren oraindik fisikoki azaleratzen diren minez; kartzelaldiko oroitzapen ilunez; bafletik irten eta Donostiako polizia-etxearen parean ezkutatuta egon zen pisuaz; Aljeria, Praga, Brno eta Kanadan eskala eginda Habanara iritsi zenekoaz; Win Nordbroek herbeheretarra izan zenekoaz eta bere lehengusu Eric-ekin Holguinen pasatutako bi urteez; bere aita Miguel eta ama Natalia ikusteko zuen gogoaz; politikaz orokorrean, euskal gaiez zehazki; eta, batez ere, literaturaz. Garai hartan jendeak hamaika artikulu eskatzen zizkion; abesti eta poemez aparte, Moroak gara behelaino artean? eta Idazlea zeu zara, irakurtzen duzulako liburuak idazten ari zen.
Hilabetea elkarrekin eman genuen eta, bera ezagutzeaz aparte, beste pertsona berezi bat ere ezagutuko nuen. Vedadoko Linea kalean, Mella antzokitik oso hurbil, bi ahizpa aurkeztu behar zizkidala eta, han joan ginen biok. Etxe dotore asko zatitu eta kuarteria bilakatu dira Habanan. Horietako bat zen hau. Karraju luze baten bukaerara iritsi, atea jo, ireki eta sukalde-egongelara sartu ginen. Han zeuden bi ahizpak, Daniellis eta Danieuris, eta beraien ama, Clara Luz. Hitz egiten hasi eta hamaika kontu eta berriketa ibili genituen ahoan. Ikusten zen Martin ondo ezagutzen zutela, nahiz eta benetako Martin hartaz ez zekiten gauza askorik: asturiarra zela eta, ondorioz, bisitan etorritako asturiar asko ezagutzen zituztela. [52]
Martinek ohitura zeukan jendea bi ahizpen etxera gonbidatzeko eta haiek, jostailuzko teklatu bat kolpekatu bitartean (ez zeukaten ezer hobeagorik), kantuan hasten ziren. Etxe hartan sorginkeria batek harrapatu ninduen, bi ahizpetatik batekin amorostu bainintzen, Daniellis Moyarekin. Harrezkero Habanara urtero bidaiatu dut eta Kuba nire bigarren herria izatera heldu da. Bertan, familia eta lagunak bisitatzen ditut urtero. Martinekin ere, nola ez, harremana izaten jarraitu dut, Mikel eta Ainhoa bere seme-alabak hazten ikusi ditut eta berak, Martinek, ozeanoaren bestaldetik galderak luzatu dizkigu urteetan: bizitzea ez al da oso arriskutsua?
Nire ibilbidean, bai bera ezagutu aurretik bai bera ezagutu ondoren, beti presente izan dudan idazle bat izan da. Askotan jo izan dut bere testuetara, ekitaldi publiko batzuetan bere poemaren bat ere irakurri izan dut, eta bere liburuetan oinarritutako hainbat ikuskizun sortu ditut. [53]
Bafle batean sartuta ihes egin zuen poeta baino askoz gehiago da bera. Bai idazle moduan bai —are gehiago— pertsona moduan ere. Hogeita hamasei urteko erbestealdiaren ostean, Joseba 2021eko apirilean itzuli zen Euskal Herrira.
Celicia Arrozarena, Win Nordbroek, Amalia Zulueta, Luna Ichaso, Martin Mendez, Joseba Sarrionandia… zein ote zen Garaizarkoa?
Exilio é se esconder num armário com medo de que alguém
o abra e com medo de que nenhum o abra.