Aurkibidea
Sar hitza (EHAZE)
Erregea eta bufoia eta deabrua eta jainkoa (Jon Gerediaga)
Herri antzerkia: Etxebarriko Antzerki Taldea
Egon Schiele edota Gustav Klimten estiloan
William Layton antzerki laborategia
Tropoak, tranpak eta heteronimoak
Kaosaren estetika. Ezetzaren estetika
Mas Soegeng, Baliko antzerki maskara
Errituala, kultura eta ikuskizuna
Tadeusz Kantor, heriotzaren antzerkia
Inor ez da profeta bere herrian
Antton Luku, bortutik datorren ura
Adel — Artedrama Euskal Laborategia
Lehen eguneko ilusioarekin lanean
Mixel eta Maika Etxekopar, Xiberuatik bi xori
Irakasleak, maisuak, maistrak eta guruak
Amancay, bihotza sendatzen duen lorea
Amarauna: bideak eta bidaideak
Aurkibidea
Sar hitza (EHAZE)
Erregea eta bufoia eta deabrua eta jainkoa (Jon Gerediaga)
Herri antzerkia: Etxebarriko Antzerki Taldea
Egon Schiele edota Gustav Klimten estiloan
William Layton antzerki laborategia
Tropoak, tranpak eta heteronimoak
Kaosaren estetika. Ezetzaren estetika
Mas Soegeng, Baliko antzerki maskara
Errituala, kultura eta ikuskizuna
Tadeusz Kantor, heriotzaren antzerkia
Inor ez da profeta bere herrian
Antton Luku, bortutik datorren ura
Adel — Artedrama Euskal Laborategia
Lehen eguneko ilusioarekin lanean
Mixel eta Maika Etxekopar, Xiberuatik bi xori
Irakasleak, maisuak, maistrak eta guruak
Amancay, bihotza sendatzen duen lorea
Amarauna: bideak eta bidaideak
Eugenio Barba, antzerki antropologia
Gure antzerkiaren asmoa ez da ez entretenitzea ez tesi bat defenditzea.
Galderak baino ez ditu egiten, zeinendako gutako bakoitzak
bilatu behar dituen erantzunak.
Arte konprometitua ez da erantzun zuzenak ematea,
galdera egokiak egitea baizik.
Eugenio Barba
2000. urteko udan Bizkaiko Aldundiaren beka bat lortu eta Eugenio Barbaren lana hurbiletik ezagutzeko aukera izan nuen. Bere liburu guztiak irakurrita nituen eta irrikan nengoen Barbaren lan metodologia bizitzeko, bere antzerki lanak ikusi eta taldearen ekarpena hurbiletik jarraitzeko. Aspaldiko amets bat betetzen zen.
Bilbotik Hannoverrera hegazkinez, bertan gaua pasatu eta hurrengo egunean Bielefelderako trena hartu nuen. Han nengoen bat-batean, hiri ezezagun batean, ISTAko topaketak (International School of Theatre Antropology) hasteko oraindik astebete falta zela. Hain gogotsu nengoen Eugenio Barba eta Odin Teatret ezagutzeko erokeria hori egin nuela, astebete lehenago joan, alegia. Beraz, Bielefelden nengoen, eta topaketak antolatzen zituen bertako hiriko Theaterlabor antzokiaren ondoan zegoen pentsio bat hartu nuen. Ez nekien zer egin eta bat-batean antzokira gerturatzea bururatu zitzaidan.
Odin Teatreteko administrazioan lan egiten zuen Rina Skeel argentinarra hurbildu zitzaidan, eta harrezkero dena primeran joan zen. Aste bikaina pasatu nuen. Goizean jaiki eta Michel Grunert Theaterlaborreko aktore eta antolatzailearekin muntaketa lanetan laguntzea eskaini zidaten. Esperientzia ederra izan zen. Odinen Mythos eta Teatro Mundi Ensemble ikuskizunetako espazioak muntatzen lagundu nien, baita ISTA antolatzen zen eraikinean gauzak prestatzen ere.
Sari moduan, Rinak aterpetxeko biko gela berezi bat jarri zidan Japoniako noh teatroko zuzendari batekin. Topaketak hasteko eguna iritsi zen eta ni hunkituta nengoen! Egitarauko lehen jarduera La hora del silencio deitzen zen, gazteleraz. Goizeko seietan zen hitzordua, eraikinaren kanpoaldean, baso baten hasieran. Hainbestetarainokoa zen nire ikasteko afana jada bost eta erdietarako handik nenbilela. Bat-batean, Baliko aktore bat ikusi nuen euren antzerki maskarako pertsonaiaren bat egiten eta nire buruari esan nion: “Honek itxura ona dauka”. Seiak iritsi ziren eta denak bildu ginen, Eugenio Barba, Odin Teatretekoak eta ikasle guztiak. Ordubete isilik egon behar zen... Nik hartu nuen zaputza, sutan nengoen! Espero nuen gorputz ariketa kañeroak egitea Grotowskiren estiloan, eta bat-batean ordubete geldi eta isilik geratu behar nintzen. Meditatzen edo horrelako zerbait. Eta bukaeran kantuan hasten ziren. Horretarako hobe ohean lo gelditu izan banintz! Amorratuta nengoen. Ez zen nik espero nuena.
Topaketek iraun zuten bitartean, mementoko berotasun eta egoskorkeriagatik, uko egin nion goizeko zeremonia hartara joateari. Egunak lan intentsitate handikoak ziren, baina hala ere topaketetan zehar egiteko manera batzuekin pixka bat muturtuta egon nintzen. Odinekoek euren lanen demostrazioak egiteko ohitura daukate, eta niri batzuetan aspergarriak iruditzen zitzaizkidan. Nik nire gorputzetik, nire azaletik, nire esperientziatik pasatu nahi nuen, ez eurek egiten zutenari begira egon. Maila intelektual batetik, alegia. Bestalde, ekialdeko tradizioko maisuen teknikak erakusten oso denbora gutxi pasatzen zuten, azaletik ari ginela iruditzen zitzaidan. Hala ere, gauza asko ikasi nituela onartu behar dut, eta Eugenio Barba entzutea betiere plazer handia zela. Nahiz eta egiten zituzten gauza batzuekin ados ez egon, oso interesgarriak ziren haien gogoetak eta gutxika-gutxika nire mundua, nire imajinarioa, nik antzerkia ikusteko izango nuen modura eramaten ninduen hango lanketak. Alta, bertan igarotako egunek nire ibilbidea markatu zuela esan dezaket.
Theatrum Mundi Ensemblek Barbaren zuzendaritzapean egindako The Legend of Doctor Faustus antzezlanak edo Odin Teatreten Mythos eta Ode to Progress obrak ikusteak, astindu bezalako bat eman zidan. Bestalde, beste herrialde eta tradizioetako antzerkiek, Brasilgo Augusto Omoluren Orô de Otelo, Japoniako The Snow that Never Melts, eta Baliko Rangda and Barong lanek, sarritan Barbari berari irakurritako teoria eta gogoetak aurrez aurre ikustera eta ulertzera eraman ninduten.
Odin Teatreten obrak ikusteak inspiratu egin ninduen. Beraien lan egiteko maneran bazegoen zerbait erakartzen ninduena, oso indartsua iruditzen zitzaidana. Aktorearen aurre-adierazpen lana bistakoa zen, eta Roberta Carreri, Torgeir Wethal, Tage Larsen, Iben Nagel Rasmussen eta Julia Varley Odineko taldekideak oholtza gainean ikustea plazera zen. Hortaz aparte, Odinen lana bat zetorren bilatzen ari nintzen estetikarekin, antzerkiarekiko nuen ikuspuntuarekin. Trukearen lanketa, aktorearen diziplina eta entrenamendua, antzerkiaren zentzu sakratua, oraindik nire teatroa egiteko maneran irmoki mantentzen eta defendatzen ditudan ideiak dira.