Aurkibidea
Sar hitza (EHAZE)
Erregea eta bufoia eta deabrua eta jainkoa (Jon Gerediaga)
Herri antzerkia: Etxebarriko Antzerki Taldea
Egon Schiele edota Gustav Klimten estiloan
William Layton antzerki laborategia
Tropoak, tranpak eta heteronimoak
Kaosaren estetika. Ezetzaren estetika
Eugenio Barba, antzerki antropologia
Mas Soegeng, Baliko antzerki maskara
Errituala, kultura eta ikuskizuna
Inor ez da profeta bere herrian
Antton Luku, bortutik datorren ura
Adel — Artedrama Euskal Laborategia
Lehen eguneko ilusioarekin lanean
Mixel eta Maika Etxekopar, Xiberuatik bi xori
Irakasleak, maisuak, maistrak eta guruak
Amancay, bihotza sendatzen duen lorea
Amarauna: bideak eta bidaideak
Aurkibidea
Sar hitza (EHAZE)
Erregea eta bufoia eta deabrua eta jainkoa (Jon Gerediaga)
Herri antzerkia: Etxebarriko Antzerki Taldea
Egon Schiele edota Gustav Klimten estiloan
William Layton antzerki laborategia
Tropoak, tranpak eta heteronimoak
Kaosaren estetika. Ezetzaren estetika
Eugenio Barba, antzerki antropologia
Mas Soegeng, Baliko antzerki maskara
Errituala, kultura eta ikuskizuna
Inor ez da profeta bere herrian
Antton Luku, bortutik datorren ura
Adel — Artedrama Euskal Laborategia
Lehen eguneko ilusioarekin lanean
Mixel eta Maika Etxekopar, Xiberuatik bi xori
Irakasleak, maisuak, maistrak eta guruak
Amancay, bihotza sendatzen duen lorea
Amarauna: bideak eta bidaideak
Tadeusz Kantor, heriotzaren antzerkia
Aktorea
gizakiaren argazki biluzia,
iristen zaizkion guztiari ikusgai,
silueta elastikoa.
Aktorea ferietan,
exhibizionista lotsagabea,
itxurazko negar eta barreak erakusten duena,
organo guztien funtzionamendua,
pentsamenduaren, bihotzaren eta pasioen gailurrak,
sabelarenak, zakilarenak,
bizigarri guztiei gorputza agerian jarriz,
arrisku guztiei, ezusteko guztiei;
ilusioa,
bere anatomia eta burmuinaren modelo artifiziala,
duintasunari eta ospeari uko egiten diona,
mespretxu eta burla erakartzen duena,
zaborretik zein eternitatetik horren hurbil,
gizartean normala eta normatiboa den gauzetatik arbuiatua.
Aktorea
imajinarioan bakarrik bizi dena,
atsekabe egoera kroniko batera eraman
eta gauza guztien artean kontentagaitza dena,
fikziozko unibertsotik kanpo benetan existitzen dena,
betiereko nostalgia batera eramanen diona,
bizitza nomada batera behartua.
Feriako aktorea,
munduan lekurik ez duen alderrai eternala,
portu bat alferrik bilatzen
bere ondasun guztiak ekipaian dituela:
bere esperantzak, bere ilusio galduak,
bere aberastasunak dira horiek,
eta bere karga,
bukaera arte jeloskor defendatzen duen fikzioa
axolagabeko mundu honen intolerantziaren kontra.
Tadeusz Kantor, Heriotzaren antzerkia.
2004an Varsoviatik trena hartu eta Polonia hegoaldean dagoen Krakovia hirira joan nintzen helburu konkretu batekin, Cricoteka ezagutzea. Cricot 2 izan zen Tadeusz Kantor eszena zuzendari, margolari eta eszenografo poloniarraren antzerki taldea eta Cricotekan eraiki zuen bere antzerki lan guztia. Hiriko zentral elektriko zahar bat zen, metal herdoilduzko eta beira beltzezko kanpoaldearekin, hiriaren eta Vistula ibaiaren ikuspegi bikainak zituena.
Heriotzaren antzerkia liburua irakurtzeak zirrara handia eragin zidan. Hura izan zen bere antzerkiaren jarraitzaile sutsu bilakatzeko estakurua. Nahiz eta, gutxigatik baina, ezin izan nuen bere obrarik zuzenean ikusi. Gaur nire urtebetetzea da, 1991n bera hil ondoren estreinatua, Zaragozan ematen zuten eta azkenean ezin izan nintzen joan. Damu naiz. Bere antzerki lana ikusi zutenek haren edertasuna aipatu izan didate beti, beste munduko zerbait ikusi izanaren sentsazioa. Sakratua eta ederra.
Pastoraletan errejenta bere banderarekin dagoen antzera, Kantor maisua eszenatokian egoten zen bere aktoreak zuzentzen. Aktoreen jokoari begira egoten zen adi-adi, beste batzuetan eseri eta beha geratzen zen, eta sarritan musika sartzeko edota hasteko keinuak egiten zituen. Berak maneiatzen zuen guztia. Antzezteko orduan sarritan aktoreek Kantorren keinuei men eginez jokatzen zuten eta, esaten dutenez, gai zen ikuskizunaren erdian ekintza bat geratu eta berriz ere errepikarazteko. Bere antzerkia bizirik zegoen. Zuzendariak heriotzaren gaia etengabe aipatzen bazuen ere, bizi-bizirik zegoen eszenan gertatzen zen guztia.
Bere teatroaren beste ezaugarri bat objektuen eta manikien erabilera zen. Manikiak aktore errealak bailiran erabiltzen zituen. Batzuetan aktorearen eta manikiaren artean diferentziarik ez zegoen ia. Zergatik du hilotz batek horrenbesteko indarra? Bere energia ezak, arnasa ezak, zirrara bat sorrarazten du biziongan. Goitik beherako zirrara. Hildako batek sorrarazten duen zirraraz mintzatzen zen. Eta egia da. Energia ezak sortzen duen indarraz hitz egiten zuen.
Bere memoria eta bere haurtzaroko bizipenak ekartzen zituen oholtza gainera. Hilda zegoen hura, ahanzturan zegoena, jada ezertarako balio ez zuena berpizten zuen antzerkian. Heriotzatik itzultzen zen ikusleari bizitza bat eskaintzera.
Kantorrek eragin handia izan zuen nire lanean eta Antzerkiolako lanetan. Krakoviarako bidaia berarekin eta bere lanarekin topo egiteko modu bat izan zen. Bere lana hurbilagotik ezagutzeko era bat. Bere herria, bere espazioa, bere lan tresnak eta egin zituen antzerki lanak berrikusteko aukera izan nuen.
Urteak pasatuko ziren berriz ere Poloniako teatroarekin aurrez aurre egon arte. Edurne Azkarate, Oiongo aktore eta lagunarekin, 2019. urtean itzuliko nintzen Varsoviara. Edurnek bertako TR Warsawan teatroan egin zuen lan, eta erreportorioan zegoen Grzegorz Jarzynan G.E.N obra birjartzen zutenez, berarekin joatea profitatu nuen. Poloniarren antzerkiarekin berriz ere topo egin nahi nuen, zertan ziren, zer egiten ari ziren kuxkuxeatu. Poloniar antzerkiak beti erakarri izan nau, herritarrek antzerkiari dioten errespetuagatik, gizartean txertatuta dagoen modua eta aktoreen formakuntza maila oso eredugarria dela iruditzen zaidalako. STUDIO teatrgalerian, Stanisław I. Witkiewicz-en Metafizyka dwugłowego cielecia; Teatr Powszechnyn, Stanisława Wyspianskiego dramaturgoaren Klatwa, Oliver Frljicek zuzendua (Joan Paulo II.a aita santuaren figura eta elizaren kritika latza egiteagatik oso polemikoa izan zen obra) eta Nowy Teatr-en Kabaret Warsawski izan ziren ikusitako obra batzuk. Penaz, Krystian Luparen ezer ezin izan nuen ikusi. Kantorren munduak ez bezala, oraingo antzezlanek ez ninduten ase, baina beti ateratzen duzu zerbait horrelako esperientzietatik. Egin nahi ez duzun horren argitasuna bada ere!