Aurkibidea
Sar hitza (EHAZE)
Erregea eta bufoia eta deabrua eta jainkoa (Jon Gerediaga)
Herri antzerkia: Etxebarriko Antzerki Taldea
Egon Schiele edota Gustav Klimten estiloan
William Layton antzerki laborategia
Tropoak, tranpak eta heteronimoak
Kaosaren estetika. Ezetzaren estetika
Eugenio Barba, antzerki antropologia
Mas Soegeng, Baliko antzerki maskara
Errituala, kultura eta ikuskizuna
Tadeusz Kantor, heriotzaren antzerkia
Inor ez da profeta bere herrian
Antton Luku, bortutik datorren ura
Adel — Artedrama Euskal Laborategia
Lehen eguneko ilusioarekin lanean
Mixel eta Maika Etxekopar, Xiberuatik bi xori
Irakasleak, maisuak, maistrak eta guruak
Amancay, bihotza sendatzen duen lorea
Amarauna: bideak eta bidaideak
Aurkibidea
Sar hitza (EHAZE)
Erregea eta bufoia eta deabrua eta jainkoa (Jon Gerediaga)
Herri antzerkia: Etxebarriko Antzerki Taldea
Egon Schiele edota Gustav Klimten estiloan
William Layton antzerki laborategia
Tropoak, tranpak eta heteronimoak
Kaosaren estetika. Ezetzaren estetika
Eugenio Barba, antzerki antropologia
Mas Soegeng, Baliko antzerki maskara
Errituala, kultura eta ikuskizuna
Tadeusz Kantor, heriotzaren antzerkia
Inor ez da profeta bere herrian
Antton Luku, bortutik datorren ura
Adel — Artedrama Euskal Laborategia
Lehen eguneko ilusioarekin lanean
Mixel eta Maika Etxekopar, Xiberuatik bi xori
Irakasleak, maisuak, maistrak eta guruak
Amancay, bihotza sendatzen duen lorea
Amarauna: bideak eta bidaideak
Europako kultur hiriburua II
Ustez publikoa gogoan sortzen diren ekitaldi guztiek ez didate, ordea, zirrara bera sortzen. Kultur hiriburuekin eta horrelako proiektuetan xahutzen den diru zamarekin kritiko azaldu izan naiz.
Kulturak orokorrean diru injekzioak behar ditu. Ados. Kulturak ere ekonomia bat mugitzen du eta ez nago horren kontra. Nola egongo naiz bada horren kontra? Kontua da ekonomia hori zein asmorekin mugitzen den, eta hor agian ideologikoki ez nator bat kultur politika batzuekin.
2016. urtean Donostia izan zen Europako Kultur Hiriburua. Ni proiektuarekiko oso kritikoa nintzen, baina egia da inoiz ez nuela proiektuaren kontrako iritzirik eman, ezta ahotsik altxatu ere. Gauza gehiegiren kontra nago eta argi daukat horretan ez dudala nire indarra xahutuko. Hobe da sorkuntzarako utzi indar horiek, eta sorkuntzaren bitartez kontzientziak ireki eta iritziak plazaratu. Hala ere, seguru nago gauza ederrak ere egin izan direla. Hori ez dut ukatuko. Are gehiago, esango nuke pozten naizela.
Hiriburutzaren barruan Hazitegiak deituriko proiektuan jaso genuen dirulaguntza txiki bat, Zumaian eta Azpeitian egonaldiak egiteko. Bertako elkarte batzuekin mediazioak egin genituen. Ni ez nintzen dirulaguntza haietara aurkeztearen aldekoa, baina egia da ekoizpenerako behar dituzun diru iturri guztiak baliatu behar direla. Taldean, batez ere ekoizpenean ari zirenek, aukera bat bezala ikusi zuten hiriburutzari dirulaguntza eskatzeko bideak jorratzea. Eta azkenean, horretara jo genuen.
“Bizikidetzarako (elkarbizitzarako) kultura” proiektuaren barruan lau arlo nagusi sortu zituzten jarduera eta programak gauzatzeko: Bakearen itsasargia: gatazkak, bizikidetza, biolentzia eza, giza eskubideak, enpatia, desberdintasuna; Bizitzako itsasargia: bizitza osasungarria eta solidarioa, adiskidetzea, etika feminista, gastronomia, inklusioa / bazterketa, herritarren jabekuntza…; Ahotsen itsasargia: hizkuntzak, hizkuntza artistikoak, transmedia, aniztasuna, euskara, itzulpengintza; Itsasargia eta lurra: lurraldea, paisaia, hiria eta natura, mugikortasun iraunkorra, mugak, gobernantza… Europan bizikidetza eraldatu eta hobetzeko interes soziala zeukaten lau eremu ziren hauek, lau itsasargi. Hara! Zenbat argi! Zenbat gauza on!
Programa kulturalaren zuzendaria Xabier Paya zen. Bera izan zen urte horietan Europako Kultur Hiriburuko aurpegia, beraz, berarengana jo genuen. Proposamena oso zehatza zen. Lehenengo, proiektu artistikoa azaldu genion, ondoren proposamen ekonomikoa eta elkarlana. Francoren bilobari gutuna zen aurkeztu genion proiektua. Gure herrian Francoren diktadurak eragindako zauriez eta minez hitz egingo zuen lanak. Ez ote zuen bada proiektuak ongi enkajatzen? Gure herriaz mintzatuko ginen, gure hizkuntzaz, gure memoriaz, gutaz. Ximun Fuchsek horretarako hamalau aktore eta musikari bat beharko lituzke oholtza gainean. Jende gazteari lana eman eta obra indartsu bat plazaratzea zen asmoa Euskal Herriko plaza guztietan. Jakinda herri batzuetan hainbeste aktoreren katxeta ordaintzeko gaitasunik (dirurik) ez zela egongo, Donostia 2016ri eskatzen genion parte baten kargu hartzea. Gainera guk, dirua jartzen bazuten, mediazio lan ikaragarria egingo genukeen obraren inguruan. Gure herrian gertatutakoaz hitz egin eskola, elkarte eta hainbat agenterekin. Beraz, guk gure aldetik ekoitziko genuen antzerki lana eta katxetaren erdia Donostia 2016k jarriko zuen.
Bilera egunean argi esan zigun Xabik guk aurkezten genuen proiektuak ez zuela ibilbiderik izango, baina hala ere bidaltzeko berari azaldutakoa. Erdi bidean ere ez zen geratu proiektua. Kasurik ez! Itsasotik itsasargi asko ikusten genituen baina inork ez gintuen portura sartzera gonbidatu! Piratei gertatzen zaien bezala, porturik gabe, itsasoan nabigatzen jarraitu behar izan genuen, enbata guztiei aurre eginez. Kontraesanak kontraesan, Francoren bilobari gutuna obrak XVII. Donostia Antzerki Saria jaso zuen.
Batzuek 2016. urtea euren bizitzako urtetzat oroituko dute, beste batzuek instituzioetatik etxera edo patrikara diru dezente sartu zuten urtea; beste askorentzat urte normal bat. Niretzat, ordea, urte tristea izan zen, ez hiriburutzaren kontuagatik, ez, urte hartan hil zelako nire Gorbeiako artzain txakur fidel eta maitagarria, Batu. Bizitza da handiena.