Aurkibidea
Sar hitza (EHAZE)
Erregea eta bufoia eta deabrua eta jainkoa (Jon Gerediaga)
Herri antzerkia: Etxebarriko Antzerki Taldea
Egon Schiele edota Gustav Klimten estiloan
William Layton antzerki laborategia
Tropoak, tranpak eta heteronimoak
Kaosaren estetika. Ezetzaren estetika
Eugenio Barba, antzerki antropologia
Mas Soegeng, Baliko antzerki maskara
Errituala, kultura eta ikuskizuna
Tadeusz Kantor, heriotzaren antzerkia
Inor ez da profeta bere herrian
Antton Luku, bortutik datorren ura
Adel — Artedrama Euskal Laborategia
Lehen eguneko ilusioarekin lanean
Mixel eta Maika Etxekopar, Xiberuatik bi xori
Irakasleak, maisuak, maistrak eta guruak
Amancay, bihotza sendatzen duen lorea
Amarauna: bideak eta bidaideak
Aurkibidea
Sar hitza (EHAZE)
Erregea eta bufoia eta deabrua eta jainkoa (Jon Gerediaga)
Herri antzerkia: Etxebarriko Antzerki Taldea
Egon Schiele edota Gustav Klimten estiloan
William Layton antzerki laborategia
Tropoak, tranpak eta heteronimoak
Kaosaren estetika. Ezetzaren estetika
Eugenio Barba, antzerki antropologia
Mas Soegeng, Baliko antzerki maskara
Errituala, kultura eta ikuskizuna
Tadeusz Kantor, heriotzaren antzerkia
Inor ez da profeta bere herrian
Antton Luku, bortutik datorren ura
Adel — Artedrama Euskal Laborategia
Lehen eguneko ilusioarekin lanean
Mixel eta Maika Etxekopar, Xiberuatik bi xori
Irakasleak, maisuak, maistrak eta guruak
Amancay, bihotza sendatzen duen lorea
Amarauna: bideak eta bidaideak
Egoitzak
Artedrama plataformaren proiektua egonkortu ahala, talde egoiliar izatea borroka bat bilakatu zen. Gure herrian kultura zerbait periferikoa izateaz nazkatuta, antzerkigintzari zentralitate bat eman behar geniola argi ikusi genuen Xabino Alkortak eta biok. Antzerkia ez da zerbait isolatua, publikoa da, herriari emana da, eta bere izaera soziala aldarrikatzen hasi ginen. Herri baten egunerokotasunean antzerkiak eta, oro har, arte eszenikoek duten garrantziaz jabetu behar ziren politikariak, kultur teknikariak eta, azken finean, herritarrak.
Eredua gure herrian bertan genuen. Luhuson kokaturik zegoen eraikin puska bat, antzoki puska bat, herriaren erdian geldirik zegoena, eta Fuchs anaiek jakin zuten kultur proiektu bat diseinatuz eta sustatuz espazio hura ahalbidetzen. Sarritan gertatu izan dira horrelakoak! Zementuzko eraikinak egin baina gero bere atzean dagoen proiektua hutsaren hurrengoa izatea. Hala ere, esan bezala, Le Petit Théâtre de Painekoek lortu zuten Harri Xuri deituko zioten eraikin hari bizitza ematea, mamuz beteta zegoen eraikin huts hura ametsez eta ekintzaz betetzea.
Espazioa emanaldiak egiteko ez ezik sorkuntzarako ere baliatu zitekeen. Gure antzerkigintzan dagoen gabezia handienetako bat hori da, sortzeko espaziorik ez dugula, eta sortze prozesuetan ez dela nahikoa babesten artistaren lana.
Egia da estatu estruktura ezberdinetan mugitzen garela. Frantses estatuan eta Espainiar estatuan kultur ekintzak ez dira berdin ikusiak, baloratuak, pentsatuak, eraikiak. Kultur modeloak eta kultur politika oso ezberdinak dira eta, espainiar eta frantziar modeloetatik aparte, euskaldunok gure egiteko manerak ere baditugu, baina bi estruktura hegemonikoen aurrean sarritan ikusezin bilakatzen dira.
Leioa izan zen Artedrama talde egoiliar izateko aurkitu genuen lehen egoitza. Bost urte eman genituen bertan eta Artedramarentzat urte oparoak izan ziren. Egonkortasun bat bermatu ahal izan genuen eta udalarekin zein herriko elkarte batzuekin lankidetza eta proiektu interesgarriak bideratzea lortu genuen. Horietako bi proiektu aipatzearren: batetik, Kultur Maratila jaialdiaren antolakuntza eta bestetik, herriko Andrak (Leioako Andreen Elkarte Soziokulturala) elkartean erretretan zeuden emakumeen antzerki taldean landutako tailerrak eta jarraipen artistikoa.
Gauzak trakestu ziren arte! Leioa utzi eta etxe berri baten bila hasi ginen orduan. Nomadak. Behin Leioatik kanpo eta etxe gabe, Getxo, Sopela eta Larrabetzu herrietan jo genituen ateak. Bilera batzuk egin genituen kultur teknikari zein arduradun politikoekin eta herri bakoitzeko baliabideak, jardun soziokulturala eta arte eszenikoen inguruko interesa aztertu genituen. Baina bitartean, gure taldeko Irantzu Azpeitia Gernikan bizi zenez, behin-behinekoa izan behar zen gela bat utzi zigun Ricardo Abaunzak, garai hartan Gernika-Lumoko kultur teknikaria zenak. Bat-batean dena bela bete haize! Gernika Garretan deitzen zen herriko elkarteko kide ziren Camino Sanz eta Doro Zobaran etorri ziren niregana, Gernikako bonbardaketaren inguruan herri antzerki bat zuzentzeko prest egongo ote nintzen galdezka. Argi ikusi nuen Gernika izango zela gure etxe berria, bertan jarriko genuela gure egoitza. Udalarekin hitz egiteko unea zen.
Udalaren baimenak eta onespena jaso ondoren, 2018az geroztik Gernikan hasi ginen Artedramaren zimendu berriak eraikitzen. Egoitza finko bat izatetik aparte, badaude egoitza artistikoak eskaintzen dituzten espazioak: Azala, Garaion Sorgingunea, Dinamoa, Sarobe, Harrobia, Azkuna Zentroa, Muxikeberri… Espazio hauek, egonaldi artistikoak egiteko baliatzen dira. Taldeek euren sorkuntzak gauzatzeko. Zorionez, dinamika hauek areagotzen hasi dira azken urteetan gure herrian.