Aurkibidea
Sar hitza (EHAZE)
Erregea eta bufoia eta deabrua eta jainkoa (Jon Gerediaga)
Herri antzerkia: Etxebarriko Antzerki Taldea
Egon Schiele edota Gustav Klimten estiloan
William Layton antzerki laborategia
Tropoak, tranpak eta heteronimoak
Kaosaren estetika. Ezetzaren estetika
Eugenio Barba, antzerki antropologia
Mas Soegeng, Baliko antzerki maskara
Errituala, kultura eta ikuskizuna
Tadeusz Kantor, heriotzaren antzerkia
Inor ez da profeta bere herrian
Antton Luku, bortutik datorren ura
Adel — Artedrama Euskal Laborategia
Lehen eguneko ilusioarekin lanean
Mixel eta Maika Etxekopar, Xiberuatik bi xori
Irakasleak, maisuak, maistrak eta guruak
Amancay, bihotza sendatzen duen lorea
Amarauna: bideak eta bidaideak
Aurkibidea
Sar hitza (EHAZE)
Erregea eta bufoia eta deabrua eta jainkoa (Jon Gerediaga)
Herri antzerkia: Etxebarriko Antzerki Taldea
Egon Schiele edota Gustav Klimten estiloan
William Layton antzerki laborategia
Tropoak, tranpak eta heteronimoak
Kaosaren estetika. Ezetzaren estetika
Eugenio Barba, antzerki antropologia
Mas Soegeng, Baliko antzerki maskara
Errituala, kultura eta ikuskizuna
Tadeusz Kantor, heriotzaren antzerkia
Inor ez da profeta bere herrian
Antton Luku, bortutik datorren ura
Adel — Artedrama Euskal Laborategia
Lehen eguneko ilusioarekin lanean
Mixel eta Maika Etxekopar, Xiberuatik bi xori
Irakasleak, maisuak, maistrak eta guruak
Amancay, bihotza sendatzen duen lorea
Amarauna: bideak eta bidaideak
EHAZE
Nork ez du Ez Dok Amairu gogoratzen? Euskaldunon artean elkartzeko eta Euskal Herri osoari begira antzerkia eraiki eta saretzeko gogoa beti egon da. Honen adierazgarri, ehaze sortu aurreko esperientziak aipatzea ezinbestekoa iruditzen zait.
Iparraldean, 1966an, antzerkilari amateur gogotsu batzuek gogoeta egun bat antolatu zuten Heletan. Hogeita hamar bat pertsonak parte hartu omen zuten, horien artean Piarres Larzabal eta Telesforo Monzon. Hortik abiatu zen euskal antzerkiaren federazio bat sortzeko ideia, Antzerkilarien Biltzarra. Xedeetako batzuk ondoko hauek ziren: antzerki sorkuntza bat aurkeztea urtero; euskal antzerki bizia koordinatzea; harremanak sortzea Hego Euskal Herriko antzerki taldeekin; artxiboen osatzea. [59]
Antzerkilarien Biltzarraren xede nagusia —hots, sorkuntza laguntzea— bete zen, baina taldeen arteko koordinazioa ez omen zen hain ongi ibili. Hego Euskal Herriko taldeekiko harremanei dagokienez, federazio bat sortu zen 1977ko maiatzaren 29an Urnietan, mugaz bi aldeetako berrehun bat antzerkilari bilduz. Ondotik, batasunaren izenean, Antzerkilarien Biltzarra Euskal Antzerki Taldeen Biltzarra (eatb) bilakatu zen. Zein garai interesgarriak, eta zein gutxi dakigun garai horretaz. Gure historia da, eta zirrara sartzen zait garai horietaz zerbait ikusi edota irakurtzen dudanean.
Antzerki taldeen artean esperientziak trukatu eta elkarlanean aritzeko ahaleginak beti eman dira. Euskara hutsez aritzen ziren taldeek Euskal Antzerki Talde Amateurren Elkartea (eatae) sortu zuten 1995ean. Mutrikuko Goizeko Izarra, Elgoibarko Ekekei, Azpeitiko Antxieta, Etxeberriko antzerki taldea, Debako Goaz, Lekuineko Bordaxuri eta Xirrixti-Mirrixti izan ziren elkarteko lehen partaideak. Beranduago sartuko ziren Gilkitxaro, Mairu edo Lakrikun taldeak. Lehenengo topaketak Saran izan ziren. Ondoren, Deban, Elgoibar, Mutriku, Bermeo eta azkenak Ataunen. 2004. urtea zen. Atauneko topaketen ostean urte pare bat jarraitu zuten martxan, baina itzaltzen joan zen.
Euskal Herriko Antzerkizale Elkartea (ehaze) Hik Hasi topaketen barruan hasi zen forma hartzen. Joxe Mari Auzmendiren eskuzabaltasunak erraztu zuen guztia, eta lehen bilera nagusia Donostiako ehuko Pedagogia fakultatean egin genuen. Euskarazko antzerkigintzak ahuldade asko zituen, eta gogoetatzeko eta zerbait egiteko unea zela pentsatzen hasiak ginen batzuk. Antolatu zen lehen deialdi orokorrean jende ugari bildu zen. Euskal antzerkigintzaren inguruan hitzetatik ekintzetara pasatzeko unea zela deliberatu genuen. [60]
ehazek hainbat proiektutan parte hartu zuen. “Antzerkizale eguna” bost urtez antolatu zen Euskal Herriko zenbait herritan: Amasa-Villabona, Mungia, Azpeitia, Berriozar eta Bilboko Pabiloi 6n; gogoetarako espazioak sortu ziren Esperientzixak ekimenaren barruan; argitalpenak egin zituen; Durangoko Azokan Szenatokia deritzon espazio berria ireki zen, eta beste hainbat ekimen burutu ziren antzerkizaleen ilusio eta gogotik. [61]
Hasiera baten, Amasa-Villabonako Mintzola etxean egiten genituen bilerak. Gero, Azpeitiko Udalak bulego bat jarri zigun eta Enparan dorretxean izan zuen egoitza. Bi zuzendaritza izan zituen elkarteak, hastapenetan Josu Kamara bilbotarra izan zen lehendakaria eta, ondoren, Eneritz Artetxe gernikarra. Gero, zuzendaritza batzorde bat eratu zen.
ehaze ez zen eraginkorra izan. Asmo onak eta handiak genituen, baina bazkideen parte hartzea txikituz joan zen. Tartean gauzak egiteko manera eta ikuspuntu ezberdinak zeuden, eta horrek desadostasunak ekarri zituen. 2017an elkarteak hondoa jo zuen. Larrialdi talde bat eratu eta inflexio puntu bat egon zen. “Zertarako behar dugu ehaze?” galderari erantzunez elkarteak egin zezakeen ekarpenez gogoetatu eta bide orri berri bat eraiki zen. Oier Guillan setati jarri eta bere bulkadari esker elkarteak norabide bat hartu zuen. Oier Guillanek berak, Eneritz Artetxek, Maider Galarzak, Josu Zubiak eta Arantzazu Fernandezek osatu zuten zuzendaritza berria. Ondorioz, elkarteak pauso eta funtzio berri batzuk eman ditu azken urteetan. [62]
Gauza asko dago egiteke, baina euskarazko teatroak itsasargi bat edukitzeak, bere asmatze eta akats guztiekin, on egiten dio gure ofizioari. Euskal Herriko Antzerkizale Elkartea antzerkigintzaren erreferentzia bat izan beharko litzateke. “Itsasoan urak handi dire”, baina zeruertza ikusten da oraindik.