Aurkibidea
Sar hitza (EHAZE)
Erregea eta bufoia eta deabrua eta jainkoa (Jon Gerediaga)
Herri antzerkia: Etxebarriko Antzerki Taldea
Egon Schiele edota Gustav Klimten estiloan
William Layton antzerki laborategia
Tropoak, tranpak eta heteronimoak
Kaosaren estetika. Ezetzaren estetika
Eugenio Barba, antzerki antropologia
Mas Soegeng, Baliko antzerki maskara
Errituala, kultura eta ikuskizuna
Tadeusz Kantor, heriotzaren antzerkia
Inor ez da profeta bere herrian
Antton Luku, bortutik datorren ura
Adel — Artedrama Euskal Laborategia
Lehen eguneko ilusioarekin lanean
Mixel eta Maika Etxekopar, Xiberuatik bi xori
Irakasleak, maisuak, maistrak eta guruak
Amancay, bihotza sendatzen duen lorea
Amarauna: bideak eta bidaideak
Aurkibidea
Sar hitza (EHAZE)
Erregea eta bufoia eta deabrua eta jainkoa (Jon Gerediaga)
Herri antzerkia: Etxebarriko Antzerki Taldea
Egon Schiele edota Gustav Klimten estiloan
William Layton antzerki laborategia
Tropoak, tranpak eta heteronimoak
Kaosaren estetika. Ezetzaren estetika
Eugenio Barba, antzerki antropologia
Mas Soegeng, Baliko antzerki maskara
Errituala, kultura eta ikuskizuna
Tadeusz Kantor, heriotzaren antzerkia
Inor ez da profeta bere herrian
Antton Luku, bortutik datorren ura
Adel — Artedrama Euskal Laborategia
Lehen eguneko ilusioarekin lanean
Mixel eta Maika Etxekopar, Xiberuatik bi xori
Irakasleak, maisuak, maistrak eta guruak
Amancay, bihotza sendatzen duen lorea
Amarauna: bideak eta bidaideak
Sagarrarena I
…sagarren herrialde bat da, emaztekiek sagarrak baino ez dituzte jaten, sagarren ura baizik ez edaten, eta horrek aukera ematen die atseginez egiteko kosk fruitu debekatu honi, zeinak gure lehen aita Jainkoaren mandatuak urratu eta neurriz gain ibiltzera bultzatu baitzuen.
Pierre Lancre
Adamen lehen emaztea bera bakarrik deserritu zen paradisutik
baina bigarrenak gizateria osoa eraman zuen atzerabueltarik gabeko kanporatzera. Sugeari kasu egin eta fruitu debekatuari kosk egin behar zenion!
Itziar Ziga
Zergatik egoten da beti antzerki ikastaroetan neska gehiago mutilak baino? Zergatik dira antzokietako garbitzaileak emakumeak? Zergatik dira paper protagonista gehienak gizonezkoenak? Zergatik da ikusleen gehiengoa emakumea? Antzerki taldeetako administrazio postuetan ez ote dira gehiago emakumeak? Nork idatzi ditu gure antzerkiak? Eta zuzendu?
Mari-Luisa Erdozio Etxeberri Donibane Lohizuneko bertsolariaren inguruan honako esaldi hau irakurri nuen Naiz-en: “Azkainen Ipar Euskal Herrian ezagutzen den lehen emazte bertsularia aurkitu dute”. Aurkitu dute? Aurkikuntza!! Historiaurreko elementu enigmatiko eta exotiko bat bezala ematen da berria. Iraia Elias eta Amancay Gaztañagaren Matriuska antzezlana etorri zait gogora. Historiaren parte diren aurreko emakume guztien gorputzak, izenak eta izanak berreskuratzeko beharraz ziharduen lanak. Emakumearen presentzia historian ezerezaren pare azaltzen da, eta horren kritika egiten zuten umoretik, ironiaz.
Antzerki munduan emakumearen presentzia are makurragoa da. Jakina da, nahiz eta artxibo zaharretan emakume aktoreak argazkietan agertu, euren izenak ere ez zirela aipatzen. Zer egin dugu bada gaizki? Dena, esango nuke.
Antzerkiaren inguruan gutxi idatzi bada, zer esanik ez emakumeen jardueraz antzerkian. Hala ere, bada zerbait eta eskertzekoa da. La mujer en las artes escénicas en Euskadi. Siglo xx. Teatro liburua da aipagarriena. Utopian, Getxon dagoen arte eszenikoko zentroan irakasle aritzen den Arantxa Iurre aktore eta zuzendari bilbotarrak idatzia. Emakumea bistaratzen lagundu du. Liburuarekin, luzaroan “ezkutaturik” egon diren antzerki-munduko emakumeei hitza eman nahi izan die.
Euskaraz ere gutxi dago idatzia. Eneritz Artetxe gernikarrak Karanbola hirukoitza liburuan euskal emakume antzerki sortzaileen egoeraren gaineko ikerketa bat egin zuen. Harkaitz Canoren Emakumea euskal antzerkian eta Amaia Alvarezen Genero eta nazio identitateak Katalina Eleizegiren antzezlanetan izeneko tesia ere aipatuko nituzke.
xx. mende hasierara arte emakumearen presentzia antzerkian hutsaren hurrengoa izan zen. Emakumeak ezin zuen espazio publikoa okupatu. xx. mende hasieran, eta Espainiako gerra zibila hasi aurretik, Katalina Eleizegi donostiarra eta Robustiana Mujika Tene debar dramagileak aipatu beharko genituzke. Eleizegiren kasuan Garbiñe antzezlanak arrakasta izugarria bildu zuen.
Gerraostean, mende erdi aldera lehen aldiz emakume bat antzerkia zuzentzen hasten da, Maria Dolores Agirre errezildarra. Beste hiru ere nabarmendu beharko genituzke: Miren Arizmendi urnietarra, Janamari Malharin donapaleutarra eta Miren Nekane Arrizabalaga ondarroarra.
Franco ostean zuzendari belaunaldi berri bat etorri zen: Maite Agirre, Mireia Gabilondo, Garbi Losada, Agurtzane Intxaurraga, Teresa Calo, Olatz Beobide, Aizpea Goenaga, Eguzki Zubia, Itziar Lazkano, Begoña Bilbao, Edurne Lasa, Enkarni Genua, Virginia Imaz, Yolanda Arrieta. Zorionez, ia guztiekin lan egiteko aukera aparta izan dut.
Belaunaldi gazteago batek euskal antzerkiari haize berriak ekarri dizkio: Marga Altolagirre, Ainara Gurrutxaga, Eneritz Artetxe, Marise Urruti, Miren Tirapu, Edurne Azkarate, Erika Olaizola, Amancay Gaztañaga, Getari Etxegarai, Maika Etxekopar, Idoia Gereñu, Marina Suarez eta Maria Goirizelaia dira, beste askoren artean, pertsonalki ezagutu eta beraien lanak ikusteko eta modu ezberdinetan partekatzeko aukera izan dudana. Artista hauen ekarpena ezinbestekoa izan da, antzerkigintzaren estetikak, gaiak eta bideak zabaltzeko.
1990ean, Euskal Iztundearen 75. urteurrenean omendu zutenean, hitz hauek esan zituen Maria Dolores Agirrek: “Lan handia egindako jende asko dago”. Asko eta asko itzalean geratu dira eta denon lana da argitara ematea. Eta argi hori izan dezaten lekua uztea. Fokuek ez baitakite deus generoez.