Aurkibidea
Sar hitza (EHAZE)
Erregea eta bufoia eta deabrua eta jainkoa (Jon Gerediaga)
Herri antzerkia: Etxebarriko Antzerki Taldea
Egon Schiele edota Gustav Klimten estiloan
William Layton antzerki laborategia
Tropoak, tranpak eta heteronimoak
Kaosaren estetika. Ezetzaren estetika
Eugenio Barba, antzerki antropologia
Mas Soegeng, Baliko antzerki maskara
Errituala, kultura eta ikuskizuna
Tadeusz Kantor, heriotzaren antzerkia
Inor ez da profeta bere herrian
Antton Luku, bortutik datorren ura
Adel — Artedrama Euskal Laborategia
Lehen eguneko ilusioarekin lanean
Mixel eta Maika Etxekopar, Xiberuatik bi xori
Irakasleak, maisuak, maistrak eta guruak
Amancay, bihotza sendatzen duen lorea
Amarauna: bideak eta bidaideak
Aurkibidea
Sar hitza (EHAZE)
Erregea eta bufoia eta deabrua eta jainkoa (Jon Gerediaga)
Herri antzerkia: Etxebarriko Antzerki Taldea
Egon Schiele edota Gustav Klimten estiloan
William Layton antzerki laborategia
Tropoak, tranpak eta heteronimoak
Kaosaren estetika. Ezetzaren estetika
Eugenio Barba, antzerki antropologia
Mas Soegeng, Baliko antzerki maskara
Errituala, kultura eta ikuskizuna
Tadeusz Kantor, heriotzaren antzerkia
Inor ez da profeta bere herrian
Antton Luku, bortutik datorren ura
Adel — Artedrama Euskal Laborategia
Lehen eguneko ilusioarekin lanean
Mixel eta Maika Etxekopar, Xiberuatik bi xori
Irakasleak, maisuak, maistrak eta guruak
Amancay, bihotza sendatzen duen lorea
Amarauna: bideak eta bidaideak
Kerala Kalamandalam
Ba ei da betiereko arbola bat sustraiak zeruan dituena
eta adarrak lurrerantz hazten zaizkiona —esan zuen Krisnak.
Bhagavad-Gita
Hamalau urteren ondoren, 2018ko udan, berriz bueltatu nintzen Keralara. Kunchukuttyamma ni iritsi baino bi hilabete lehenago zendu zen, laurogeita hamazazpi urte zituela. Bere errautsak tradizio hinduistari jarraituz ibaian bota zituzten, eta beste gutxi batzuk vara edo platano baten azpian jarri, etxe ondoan.
Denbora bat ia lanik gabe egon ondoren, Kalamandalam instituzioan hasi zen klaseak ematen Haridasan, Cheruthuruthy herrian. Bertara joan nintzen, eskolatik hurbil zegoen aterpetxe batean hartu nuen gela bat, eta hilabetea eman nuen, kathakalia ikasten eta aztertzen.
Kerala osoan eskola ezberdinak daude, batzuk publikoak eta beste batzuk pribatuak: Kottakkal, Kalanilayam, RLV, Margi, Sadanam eta, garrantzitsuenetakoa, Kalamandalam. Sarrerako kartel handiak hala zioen: “Kerala Kalamandalam. Deemed University for Art and Culture”. 1930. urtean sortua, Vallathol Narayana Menon eta Manakkulam Mukunda Raja izan ziren fundatzaileak. Thrissur distrituko Cheruthuruthy herrixkan eraiki zuten eskola. Old Kalamandalam (Nila campus), Nila ibaiaren ondoan dago, Soranur-erako bidean, eta herriaren beste puntan dago gaur egun eraikin berria, beharrezko dituen kalari, lo egiteko leku, ostatu, antzoki eta instalazio guztiekin.
Eskolan arte diziplina hauek erakusten dituzte: kathakali, kudiyattam, mohiniyattam, bharathanatyam, kuchupudi, ottan thullal eta nangiar koothu. Chenda, maddalam eta mizhavu instrumentuak ere bai. Ikasle bakoitzak bere espezialitatea hartzen du. Batzuk makillatzaile izaten ikasten dute, beste batzuk kantari egiten dira, aktore-dantzari, eta beste batzuk perkusio-jole. Kathakaliari dagokionez, eskolan, bi estilo nagusiak erakusten dituzte: thekkan edo hegoaldekoa eta vaddakan edo iparraldekoa deitzen direnak. Normalean gurua izaten da ikasleari zein estilo komeni zaion erabakitzen duena.
Ni egon nintzen urtean bostehun eta seiehun ikasle artean zeuden. Mutil zein neska. Zortzi edo bederatzi urterekin hasten dira ikasten. Ekainean hasten dituzte eskolak eta martxoan bukatu. Klaseak goizeko lau eta erdietan hasten dira, eta eguerdiko ordu bata arte izaten dira. Batzuetan arratsaldea ere probesten dute guruarekin argitu beharreko zalantzak hobetzeko. [67]
Ariketa eta entrenamendu guztiak beti guruaren begiradapean egiten dira. Natyasastra deitzen den liburuki bat dago, Bharata Munik idatzia, non aktore-dantzariaren teknikaz hitz egiten den. Aktorearen tekniken inguruan munduan ezagutzen den libururik zaharrenetakoa da hau.
Ikasleak behin guztia ikasita, kathakalia egiteko ordua iristen zaie. katha hitzak istorio nahi du esan eta kali-k jokoa. Jokatzen den istorioa da kathakalia. Kathakaliko istorioak hinduismoaren hiru epopeia nagusitan daude oinarrituta: Mahabharata, Ramayana eta Bhagavata Purana.
Kathakali emankizuna normalean tenpluetan edo bere inguruetan izaten da. Ilunabarrarekin, arratsaldeko seiak aldera hasten dira tenplutik kanpo kelikottu deritzon atariko batekin. Ondoren, maddalam keli perkusio kolpeak entzuten dira eta, bederatziak baino lehen, todayam egiten dute. Ondoren, eta istorioen antzezpenarekin hasi baino lehen, vandanasloka, purapaddu [68] eta melappadam deitzen diren dantza eta musikak egiten dituzte elkarrekin. Istorioak iraun bitartean publikoak lasai-lasai jarraitzen du emanaldia, eta noizean behin altxatu eta beste zerbait egitera joan daiteke. Emanaldiak gau osoa irauten du eta egunak egon daitezke bata bestearen ondotik antzezlanak egiten. Bukatzeko, eta jaungoikoei esker ona adierazteko, egunsentiarekin Dhanasi deitzen den azken dantza errituala egiten da.
Kathakali istorioek, kutsu erlijiosoa izan arren, eta euren jaungoiko eta heroien mundua irudikatu arren, garai berrietara ere moldatzen jakin izan dute eta beste klasiko unibertsal batzuen moldaketak ere egin izan dituzte. Adibidez, Shakespeareren Otelo, Julio Zesar, Antonio eta Cleopatra, Lear Errege eta Hamlet taularatuak izan dira. Iliada, Edurnezuri, Fausto doktorea eta Kixotearen egokitzapenak ere egin dituzte. Keralan elkarbizitzen diren hiru erlijio nagusiak kontuan hartuta (hinduista, musulmana eta kristaua), bestelako istorioak ere jorratu dituzte: Jesukristo eta Maria Magdalena esaterako. Eta Keralako istorio garaikideago bat, Manavavijayam deitzen dena.
Nire egonaldian, iluntzean, arratsaldeko seiak aldera, sarritan programak eskaintzen ziren, eta horiek ikusteko aukera izaten nuen. Eskolan bertan antzezlanak eta kontzertuak egiteko natyagrham edo antzoki eder bat zegoen. Bi ikuskizun zeuden, batetik oholtza gainean gertatzen zena, eta bestetik, publikoan gazteek eskaintzen zutena: neskak eta mutilak bananduta ezartzen ziren, ezkerreko partean neskak eta eskuinean mutilak, eta ikuskizunak iraun bitartean polita zen ikustea euren arteko begiradak, keinu konplizeak, hitz xuxurlatuak…
Egun batean istorio berri bat ikusteko aukera izan nuen, Janardanan Pottik idatzitako Vaideahi Charitam. Lagun egin nuen Mukundam maisua ere istorio berri bat prestatzen ari zen, laster aurkeztuko zutena: Karna Nidhanam deituko zela esan zidan. Udako egonaldi hartan, monzoi garaia izateaz gain, Ramayanaren hilabetea ere bazen. Azken egunean, Ramayanaren bi istorio ikusgarri eskaini zituzten: Seeta Swayam Varam eta Sree Rama Pattabhisheakam. Ohiko solemnitatetik haratago, oihuek eta otoitzek, suek eta petardoek, beilegi koloreko petaloek jantzi zuten eszenatokia eta antzoki osoa.
Ezin da ukatu kathakalia arte ederra dela. Baina, zergatik joan nintzen Indiara? Zergatik kathakalia? Zertarako kathakalia? Indiako bidaiak beti izan ziren barne bidaiak, eta azken bidaia nire galderei erantzuna bilatzeko egin nuen.
Azken egunak Fort Kotxin pasatu nituen, Kathakali Kerala Centerko lagunekin. Etxera bueltatzekoa nintzenean iritsi zen ezbeharra. Faizal, Irlandako emakume batek irekitako hotel eder batean erkide izateaz gain, arduraduna ere bazen. Azken gaua bertan pasatzera gonbidatu ninduen. Faizal nire lehen bidaiatik ezagutzen nuen. Orduan rickshaw gidaria zen. Indian normalean taxiaren bidaiaren diru kopurua beti negoziatzen ibili behar izateak gogaitzen ninduen eta horregatik Faizal hartu nuen horretarako lagun. Negoziatzen ez ibiltzeko. Berarekin egiten nuen guztia. Hamalau urteren ondoren berdin-berdin jarraitzen zuen, baina bere bizitza oparoagoa izatea lortu zuen. Pozten ninduen horrek. Beraz, Faizalen eskuzabaltasuna profitatuz, hotelean instalatu eta turista dirudun bat bezala pasatu nuen azken eguna. Piszinan bainua hartu, interneta erabili, zuku eta freskagarriak edan… erosotasun guztiak nituen. Goiza iritsi zenean, gosari betea hartu eta motxila prest nuenean, Faizal agertu zen berri txarrak zituela esanez. Uholdeek izugarrizko triskantza egin zutela herrian eta aireportua itxita zegoela. Faizalek gau baterako utzi zidan hoteleko gela eta ezin nintzen gehiago han gelditu. Beste hotel kaskarrago batera aldatu behar izan nuen. Astebete pasatu nuen Fort Kotxin harrapatuta. Ez atzera ez aurrera. Azkenean, Trivandrumen irteteko hegaldia lortu nuen, eta handik Mumbaira iristea lortu nuen, eta Mumbaitik etxera, ia hiru eguneko bidaian. Nik zortea izan nuen eta kontatzeko aukera ere, beste batzuek ez zuten zorte berdina izan. Laurehunetik gora hildako eragin zituzten uholdeek. Azken mendean Keralan gertatutako hondamendirik handiena izan zen. Indian heriotzak beste dimentsio bat hartzen du. Baita bizitzak ere. Zer esanik ez antzerkiak.