Western Basque Festival
Western Basque Festival
2007, kronika
160 orrialde
978-84-95511-95-9
Miel A. Elustondo
 
 

 

70

 

Urteak joan ziren eta 1959an Renotik Madrilera bidaia egin zuen William A. Douglass hark, jaialdian parte hartu ez zuen renotar berak, Western Basque American Festival-aren interpretazio burutsua landu zuen. Antropologo zaildua zen ordurako, Reno-Nevada Unibertsitateko Basque Studies Program mintegiaren sortzaile eta koordinatzaile, eta jaialdiaren interpretazio printzak utziak zituen bateko eta besteko argitalpenean. 1980an, «Inventing an Identity: The First Basque Festival» izeneko artikulua eman zuen argitara Halcyon aldizkarian. Jaialdiaren garrantziaz jabetzeko oinarri-oinarrizko testua.

        Artikuluan, lehenengo, AEBetan ziren euskaldunen historia laburtu zuen. Ondoren, Jaialdia bera aztertu zuen. Azkenik, hiru paragrafo ondu, ondoriozkoak.

 

Azkena

        Zaila da adieraztea Western Basque Festival izeneko jaia zer izan zen AEBetako Mendebaldeko euskaldunentzat. Lehenengo aldia zen euskal amerikarrek erregio mailako ekitaldi batean parte hartzen zutena. Nahiz eta antolatzaileen asmakaria izan, jaialdia euskal komunitatearen katalizatzaile izan zen. Euskaldun adineko asko, euskaldunen kontrako diskriminazio urteak bizi izan zituztenak, beldurrik gabe azaldu ziren bere ondarearen jendaurreko erakusketa hartara. Ekitaldiak euskaltasunaren fokoa eta adierazpidea eman zien bertan parte hartu zuten guztiei.

        Jaialdi hark bultzaturik, euskaldunek elkarteak irekitzen, dantza-taldeak osatzen eta jaialdiak egiten hasi ziren, zein bere gisa, Mendebaldeko leku askotan. 1962an, Elko-Nevadako euskaldunek nazio-mailako euskal jaialdia egitea erabaki zutenean, antolatzaileek aholkulari hartu zituzten Echeverria eta Laxalt. Ondoko lau urteetan Echeverria Elkoko jaialdiko zeremonia burua izan zen. Antzera egin zuen Ely herriko lehen bi euskal jaialdietan, eta hainbat aldiz Renoko euskal jaialdian. Gaur egungo jaialdiak 1959ko hartan jaio ziren, eta haren fotokopia zehatzak dira ia-ia.

        AEBetako beste talde etniko asko bezala, euskaldunak biziberritze etniko indartsua bizitzen eta proiektatzen ari dira, eta, neurri handi batean, euskal jaialdia dute oinarri. Urteko jaialdi horretarako dirua lortzea da euskal klubaren lehen helburua. 3.000 lagunetik gora bildu ohi da komunitateetako bakoitzak egiten duen jaialdian, eta asko oso urrutitik bertaratzen dira. Dantza-taldeak eta kirolariak batetik eta bestetik ekartzen dituzte. Nahiz eta gutxi izan kopuruz, eta nahiz eta oso sakabanatuak egon, jaialdiak jendeen arteko harremanei eusteko balio du, norberaren identitate etnikoa biziberritzeko, eta kanpoko munduari euskaltasunaren irudi positiboa erakusteko. Ez dago euskaldunentzat, ez eta AEBetako Mendebaldean euskal kulturaren jarraipenarentzat ere, euskal jaialdiak baino garrantzi handiago duen erakunde etnikorik.