Western Basque Festival
Western Basque Festival
2007, kronika
160 orrialde
978-84-95511-95-9
Miel A. Elustondo
 
 

 

53

 

Castor Uriarte jaunaren hitzaldia Renon

 

        Euskaldunak, Agur:

        Erdaldun idazlari andi batek esan eban Bizkai'ko semiak, eta ni bizkaitarra naz, berbeta laburrak eta egintza luziak daukiezala: orregaitik, idazlari ori ez guzurtetako, nire itzaldia laburra izango da.

        Euskaltzaindiko lendakariak bere ordez ona etorteko izentau ninduanian, jai eder au ikusteko, guztiz ikaratu nintzan. Nor zara zu, Ispazterreko Uriarte baserri txikiko asabakandik urtena, pixu ain aundia zeure sorbaldan eruateko? Baña Begoña'ko Ama ikusten juan nintzan, bertan konfesau, gure Jauna artu, eta gero Gernika'ko Arbola Santuaren aurrian, negar tantak urtenik neure begietatik, eta biotza dardaraz, Iparragirrek esan eban lez neuk be esan neban: Banua Ameriketara, an anai asko dagoz eta neure anaitasuna agertzen; eta orregaitik emen, poz-pozik nago zeuen artian, Euskaltzaindiaren izenean.

        Zer ikusi dabe gaur neure begiak emen! Meza santua, zeuen siñismena erakusten, gero kantuak, dantzariak, aizkolariak eta abar, eta guztien ganetik zuen espanetan geure euskera zar, eder eta maitia, ez bakarrik Euskalerrian jayotakuak, baita zuen seme-alaba Amerika'n mundura etorri diranak. Ze gauza ederra ta zoragarria!

        Orain amabi Universidadetan Europa zarrian, gixon jakitunak lanian diardue geure euskeria nundik datorren jakin guraz, eta bere sustrayak aztertu guraz, eta ezin asmau; eta diñoe gure izkuntzia isla bat dala, «isolated language». Oraindiño ez dira amabost egun Barandiaran abade guztiz jakitunak, Foru'ko koban lanian eguala, Gernika'tik urrian, esan eustala: euskaldunak sei edo zazpi milla urte, gitxienez, Euskalerrian bizi dirala, eta baita geure euskeria be. Markiña'ko baserritarrak, euren pelotariakaitik esaten dabe: Munduan, eguzkipean, obarik badago? Eta nik gaur emen, arrokeri barik, baña bildur barik diñot: Munduan, eguzkipean, geure Euskalerria eta geure euskera maitia baño oberik badago?

        Jarraitu ba euskeraz eta erakutsi zeuen seme-alabari. «Euskalduna»-k euskera dabena esan nai dau, eta «Euskalerria», euskera egiten dauan erria. Orregaitik, zuek emen euskera egiten badozue, Euskalerrian zagozie.

        Gure Euskalerria guztiz txikiña da: ogei milla kilometro bakarrik daukoz, eta Naparruak bakarrik Euskalerri guztiaren erdia baño geyago. Ta zer da ori Nevada, Idaho eta beste Estadu Ameriketakuak ikusita? Baña erri aundi au orain berreun urte askatasuna lortuta «Federal Democratic Republic» izenaz eratu zan. Guk barriz milla bider lenago euki gendun geure askatasun ederra, menpeko barik, besteen jabetasuna gordeten ziran, geure auzoko erriak zapaldu barik, ta gañera geure siñismen eta oitura ederrak; eta emoniko berbia, idatzi ezarren, iñok ezeban ukatuten. Orregaitik zuek emengo lege ederrak, zigur nago, iñok baño obeto gordetan dozuezala; agaitik bildur barik esan leie emen dagozan Amerikako Agintariei: Jaunak, ez dozue topauko zuen errian Euskaldunak baño gizon on eta erritar obarik, zuen legien antzekoak eurak bere euren sorterrian euki dabezalako! Amerikako Agindariak, munduan, eguzkipean, badago euskaldun artzañak lakorik?

        Eta orain zeozertxu geure etxeko-andrari, geure neskatilla lirain eta garbieri. Zeuen biotz eta oitura ederrak, eta zeuen aita eta amak erakutsitako siñismenak gorde; beti zeuen lanak asi-aurretik «Gurutze Santua» egin eta zuen gixon eta semiei irakatsi Jaungoikuaren lege barruan biziten.

        Baña amaitu bihar dot, ez orraitiño Euskaltzaindiaren eta ango anayen eta neure izenian, guztioi agur eta besarkada sutsu bat emon barik. Eta Enbeita bertsolariaren antzera diñotsuet:

        Anayak gariala Lapurdi, Benaparroa ta Zuberotarrak, Anayak gara baita be Bizkai, Gipuzkoa ta Arabarrak. Anayak dira Naparrak, naiz Europa edo Amerikakuak. Danok «Zazpiak bat»-en semiak. Goratu daigun geure euskeria eta geure Euskalerria.

        Agur.