Aurkibidea
Aurkibidea
47
«Elkoko lehen euskal jaialdia 1964an egin zen. Renokoa egin eta bost urtera. Peter Echeverriak jardun zuen Elkokoa zuzentzen. Mikrofonoa hartu eta girotzen, alegia. Nik neuk ez nuen parte hartu 64ko jaialdi hartan. Artean artzain nenbilen eta, beste batzuekin batera, artzainen ogiak erre nituen jaialdi hartarako. Horixe izan zen nire 'parte hartzea'.
«Baina artzain izateari utzi eta herrira etorri nintzenean bai, jaialdian laguntzen hasi nintzen, beste euskaldun asko bezala. Urte baten, jokoak egin behar genituela esan zen: aizkoran eta harri jasotzen. Sasoi hartan, artzainen artean baziren zenbait gazte Euskal Herrian lan horietan ibiliak eta haiek jardun ohi zuten horretan. Esaterako, harri jasotzea dela eta, urte batzuetan hemen artzain ari zen Bikandi izeneko gazte batek egiten zuen harri altxatzen. Urte batzuk hemen egin eta atzera Bizkaira joan zen hura.
«Bada, denbora hartan, Elkon bizi den beste euskaldun batek, Nikolas Fagoaga lesakarrak, marmolista baten berri izan zuen. Salt Laken bizi zen marmolista horrek kanposantuetako harriak egiten zituen. Nikolasek, marmolezko kanika egiteko agindu zion. Baita hark egin ere! Kanika ederra, gainera! Elkoko euskaldunen sozietateak pagatu zuen.
«Lehen esan dudan Bikandi hark exhibizio bat baino gehiago egin zuen Elkoko jaian Salt Laken egindako harri harekin. Baina Bikandi Euskal Herrira joan zenean, harria genuela geratu ginen, baina jasoko zuenik gabe.
«Hurrengo urte batean, berriz, bi lagun tokatu ziren Elkon harri jasotzeko moduan. Beharbada bat Euskal Herritik etorria izango zen, ez dakit seguru. Akaso, Bikandi ere tartean izango zen. Ez dakit seguru esaten. Kontua da norbaitek pentsatu zuela bi harri-jasotzaileek batera egin behar zutela lan. Bi bola behar ziren, beraz, baina bat besterik ez genuen! Orduan, Nikolas lesakarrak:
Hi, badakik? Ikusi joat nik harri bat. Gurearen tamaina berdin-berdinekoa. Eta pisuan ere ez dok bost libraren gorabehera izango.
Nun dok ba, harri hori? galdetu genion euskal klubean.
Kanposantuan...
«Lehenengo, barre egin genion, baina gero ez, gero benetan hartu genuen haren asmoa. Hain benetan ere, kanposantura joan eta harria hartu genuen, hildakoa batere gabe lagata.
«Sasoi hartan Elkoko herriarentzat lan egiten zuen bat ere euskalduna zen, Alfontso Igoa, nafarra. Nikolas ere nafarra eta harekin hitz egin eta hau eta hura, gauean, Nikolas kanposantura joan eta hildakoaren harria hartu. Horixe egin zuen!
«Eta biharamunean, egunez, jaialdian erabili genuen harria. Ilunabarrean, isil-isilik, atzera hartu eta lehengo tokira eraman zuen delako harri hori Nikolasek. Inork ez zuen ezer sumatu. Eta, jakina, inork sumatu ez zuenez, ohitu egin ginen, eta urtero, jaialdia zen garaian, kanposantura joan eta hildakoaren harria, bola, hartzen genuen, plazara eraman, jaso, eta berriz kanposantuan laga. Hemezortzi, hogei urtean egin genuen azioa eta inor ez zen konturatu. Jakina, lehenengo urtean isil-isilik ibili ginen, baina, denborarekin, gero eta lotsagabeago, eta ageriago, hartzen hasi ginen harri hura. Urtean-urtean jokoen ardura zutenek normaltzat hartu zuten kanposantuko lan hura. Eta bezperan hartu eta biharamunean herrian erakusten zituzten bi harriak gurea bata, hildakoarena bestea, lehenengo urteetako kezkarik gabe. Normal-normal egiten zuten, hasieran ez bezala, ze, hasieran kontu handia ibiltzen genuen: ilunabarrean hartu eta atzera ilunabarrean entregatzen genuen harria, inork ikusiko ote gintuen beldurrez, kezkatan.
«Halako urte batean, ordea, jaialdia egin eta gero han ari zen Alfontso Igoa pisuak bola biribilak eta gainerako trasteak erremolke batera jasotzen, dena bere tokian lagatzeko eta, nonbait, emakume batek ikusi du, eta ikusi ez eze, konturatu da! Haien familiaren hilarria izan bola! Haien aitaitarena omen zen harria, orduan ehun urte baino gehiago hil zen gizonarena, haren hilobiaren gainean zegoen harri biribil bera! Emakumea kargutu egin zen eta bere aitari kontatu.
«Poliziari deitu zioten!
«Eta Polizia bolaren bila Alfontsoren etxera. Gertatu zen Alfontsok artean bertan zituela pisu denak, hildakoaren harri eta guzti. Poliziek hura ikusi zutenean izan ziren kontuak!
«Garai hartan Bob Echeverriak egiten zuen euskal klubeko buru eta hark joan behar izan zuen familiarenera, barkazio eske.
«Hildakoaren familiak ez zuen salaketarik jarri eta, ordainetan, Pedro Ormazak, eraikuntza negozioa zeukan eta, garbitu egin zuen hildakoaren hilarria, zuri-zuri garbitu, eta oinarriari zementuz ondo paratu. Klubak, ostera, harri biribila ez zuela atzera erabiliko hitz eman zuen. Eta horrela egin dugu».