Aurkibidea
Aurkibidea
1959
1958'garren urtean Arratibel'tar
Benediktino apaizak emana
Caracas'en
Urte hartantxe heldu zen Euskal Herrira Joxe Arratibel fraide beneditarra. Caracastik zetorren, han hiru urte eginda.
Meza eman eta sei urtera joan nintzen ni Ameriketara. Gertatu zen 1956an fraide bat etorri zela Lazkaora; ni nengoen komentura, alegia. Gu, ordurako, apaiz saila ginen Lazkaon. Gehienak «eder eta gazte», esateko moduan. Hala ere, baziren batzuk gu baino zaharxeagoak, ikasketak bukatzen ari zirenak. Hortaz, Ameriketatik etorri zen fraide hura jakinaren gainean etorri zen Lazkaora. Akordatzen naiz nola esan zion gure nagusiari: «Padresito, ustedes tienen aquí lo que nos falta a nosotros... Y nosotros también podríamos ayudarles a ustedes». Guk ez genekien garbi zer esan nahi ote zuen, baina jakin nahi. «Nosotros necesitamos gente. Estamos dispuestos a ayudarles economicamente por el trabajo que realicen los frailes que vengan con nosotros a América». Eta, horrela, gure nagusiak borondatezkoak eskatu zituen. Nik ez nuen asko pentsatu beharrik izan. Berehala esan nuen pronto nengoela Ameriketara joateko. Beste batek ere esan zuen baietz, Eusebio Arruabarrenak, eta bi izan ginen horrela. Garai hartan Caracas oso aberatsa zen, nahi hainbat petrolio zuen, eta nahi hainbat zilar...
«Izan ere, Ameriketatik Lazkaora fraide gazte eske etorri zen hura Caracasko komentutik zetorren. Beneditarra zen, gu bezala, baina alemana. Abadia handi bat irekia zuten Venezuelako hiriburuan, eta jendea behar. Fraide alemana gure artean egon zen egun batzuetan, harekin nor eta nor joan erabaki bitartean. Bi ginen Lazkaotik hara joatekoak, eta beste bi Beloketik. Pasaporteak egin, hegazkin txartelak erosi, osasun azterketa gainditu... Zortzi egun egin genituen Madrilen, bateko kontsulatutik besteko osasun etxera, hemendik hara eta handik hona. Nik berehala lortu nituen agiri denak. Nire lagunak, aldiz, ez zituen erraztasun horiek izan: medikuak orbana ikusi zion biriketan txikitan tuberkulosia pasa zuelako, nonbait, eta atzerapena eman zioten. Ni baino geroago abiatu zen Venezuelara; hamabost egun edo hilabete, ez dakit. Niri iruditu zitzaidan txoratzeko moduko ibilerak egin genituela Madrilen. Noiz edo noiz Caracasa iritsi ginen, behintzat.
«Fraide aleman hark oso ondo hitz egiten zigun Caracasen gainean. Apaizak lan handia zuela han, eta apaiz ez zenak ere bai. Artean Lazkaon ginela, gogoan dut behin esan zidala: 'Padresito, primeran ibiliko zara han!'. 'Hemen bertan ez nago gaizki ni!', erantzun nion. 'Bada, han hobeto egongo zara!'. Eta nik: 'Hortaz, benetan paraje ona izan behar du Caracasek!'. Eta, gero konturatu nintzenez, benetan izan zen ona hango egonaldia. Ona gorputzarentzat, ona nire arimarentzat.
«Kontu asko esango nituzke Caracasen egin genuen egonaldiari buruz. Lehen ere idatziak ditut non edo non. Ez denak, hala ere.
«Adibidez, Martin Ugalde ezagutu nuen nik han. Ezaguna zen ordurako Martin, Venezuelan. Idazle ezaguna. Haren ipuinak ere erraz banatzen ziren eta nik ere irakurri nituen batzuk. Gero, ipuin liburua ere osatu zuen. Behin edo behin gure komentura etorri zen. Biok euskaldunak eta elkarrekin hitz egin genuen, jakina. Hurrena, euskal etxera joan eta han ikusi nuen. Halako batean ipuin liburua eman zidan. Gustura hartu nion. Irakurri nuen eta ipuin batzuk gustatu zitzaizkidan eta beste batzuk ez. Ez dakit bada, beharbada asko eskatuko dut nik!
«Hark ipuin liburua eman zidan eta nik, ordainetan, ez nekien zer eman. Bestalde, nik kontu zaharrak neuzkan idatzita. Gaztetatik hasi nintzen idazten, hogei bat urte nituela, Lazkaon. Pernando Amezketarraren kontuak eta. Koaderno batean neuzkan idatzita eta, Martinek eman zidan liburuaren ordainetan, nire koadernoa eman nion. Eta Martinek koadernoaren azalean idatzi.
1958'garren urtean Arratibel'tar
Benediktino apaizak emana
Caracas'en
«1959an Lazkaoko nagusiak bueltan joateko hots egin zidan, eta haraxe joan nintzen. Alemanek gu han geratzea nahi zuten, baina hemen ere bazen zerbaiten premia. Nik pozik segituko nuen Caracasen, lan handia zegoen, eta on handia egiteko bidea. Baina nagusiaren hitzetan gure Jaungoikoaren nahia ikusi nuen eta itzuli egin nintzen. Alemanek pena handia hartu zuten guk alde eginda.
«Lazkaora etorri eta lau-bost bat urte egin nituen bertan. Gero, Estibalitzera etorri nintzen. Bertan nago oraindik. Martinek nik baino urte gehiago egin zituen Venezuelan baina, halako batean, Euskal Herrira itzuli zen hura ere. Horixe zuen gogoa nik ezagutu nuenean ere. Nik ez. Esan dut lehen ere: nik erraz etsiko nuen Caracasko komentu hartan...
«Estibalitzen nengoela, Aita Maurorekin tokatu nintzen. Gertatu zen hau, zer zela eta ez dakit, harremanetan jarri zela Martin Ugalderekin. Nik hori jakin nuen eta, behin, Martinengana joan behar zuen batean Aita Maurori esan nion hari galdetzeko Venezuelan eman nion koadernoaren berri. Eta Martinek gordeta izan! Eta Aita Maurorekin bidali zidan. Nik idatzitako koadernoa. Kontu zaharrak. «PeR'andoren zoR'ak», «Baratzako ogiak», «Txilibitu edo txistua»... Idazkera sendo eta gaztea ageri da barruko orrialdeetan. Eta idazkera sendo eta gaztea azalean:
1958'garren urtean Arratibel'tar
Benediktino apaizak emana
Caracas'en
«Orain Martin Ugalde hilda dago.
«Nik, berriz, oraindik gogor segitzen dudala esaten didatenean, zera erantzuten dut:
Bai, hezurretan gogor!