Aurkibidea
Aurkibidea
30
«Ordurako, euskaldunok indarra genuen Boisen. Eta Idahon ere nor ginela esango nuke. Boisen, esaterako, euskal etxea genuen. Dantza-eskola aurreko kontua izan zen...
«Gu bigarren belaunaldikoak ginen. Neure izena ere Albert da, Albert Erkiaga, nahiz eta denak Al esaten didaten. Baina, berez, Albert, Alberto naiz ni. Gure aita Ispaztertik etorri zen, Tomas zen hura. Ama ez, ama hemen berton sortu zen: Anita Echeverria zuen izena. Niri dagokidanez, Boisen jaio nintzen eta berton hazi eta bizi... baina, hirian gabe, etxaldean beti.
«Txikitandik egin genuen dantza Boisen. Niri, aitarengandik datorkit zaletasuna. Langile saiatua zela esango nuke eta, horrekin batera, dantzari amorratua. Dantzari arina. Juanita Hormaetxeak dantza eskolak hasi zituenean Boisen mendearen erdi aldera, gure gurasoek haraxe joateko bidea egin ziguten arrebari eta bioi. Neke izan zutela esango nuke: hiritik kanpo bizi ginen, etxaldean, eta han lana besterik ez zen. Esne-behiak genituen eta haiek jetzi beharra zegoen, bai goizean eta bai ilunabarrean. Dantza egingo bagenuen, aitaita-amamen etxera, hirira eraman behar izaten gintuzten gurasoek.
«Dena dela, Hormaetxearekin dantzan ikastera joan orduko, dantzan hasita nengoela esango nuke. Izan ere, gure etxeko sukaldean, aitak kantatu eta txalo jotzen zuen guk dantzan egin bitartean; guk ikasteko, alegia. Horregatik diot ikasita joan ginela gu dantza eskola haietara, aitak gure etxeko sukaldean erakutsita, alegia.
«Gure osaba-izebek ere bi ume zituzten, gure lehengusuak, eta dantzan ikastera joaten ziren haiek ere. Denok batera joaten ginen. Gurasoek behiak jetzi eta lanak egin eta gero, gure aitaita-amamen etxera etorriko ziren, gu jasotzera. Ez zuten samurra etxetik irtetea, ez pentsa, baina guretzat gauza handia zen dantza egitea».