Aurkibidea
Aurkibidea
40
«Sparksen izan zen jaialdia, Nuggeten. Jende kualifikatua etorri zen Euskal Herritik. Hori badakit, nahiz eta nor eta nor etorri ziren zuzen ez dakidan. Ez daukat horren berririk. Peterren kontuak ziren horiek. Baina agintariak ere baziren han.
«Nik esango nuke oso ongi antolatu zutela festa. Guk dena prest egon zedin lan egin genuen. Zelai bat ere paratu genuen, ardi-txakur erakusketa egiteko! Harri jasotzea ere izan genuen, bizian aurretik izan ez genuena Renon...
«Niri, Peterren aginduetara tokatu zitzaidan lan egitea, eta ez zait damutzen. Ahal genuen ondoen egin genuen».
Benedicto Goitiandia gogoratuko duzu... Txapeldun izan zen harri jasotzen. Eta aizkoran ere berak irabazi zuen egun hartan...
«Bai, Goitiandia bai, gogoratzen dut. Benny. Bikaina gizona. Eta indartsua gero! Ezin nuen sinetsi inork harri hura jaso zezakeenik. Hartzen zuen bi eskuekin eta haren atzaparrak!, gerriraino jaso lehenengo, sorbaldara gero, lepoaren bueltan jirarazi eta lurrera bota! Handia zen hura, gero!
«Baina, berez, nik gehiago begiratu diot txinga eroateari, egun hartako lehia irabazi nuen eta! Renoko jai hartan bazen Goicoechea bat, Boisekoa esango nuke, txingan jardun zuena. Bennyk berak ere jardun zuen txingatan. Baina irabazi egin nion, horretan behintzat! Besteren bat ere bazen, nabarmendu zena, baina ezin haren izenik gogora ekarri.
«Lanaz beste, horixe egin nuen nik lehenengo jaialdi hartan: txinga eroate txapelketan parte hartu. Eta irabazi! Egundo horrelakorik!
«Jimmy Jausoro hemen izan zela gogoratzen naiz. Eta bazuen txistulari bat ondoan.
Jon Oñatibia, apustu.
«Ez dakizut. Ez dut izen horren aditzerik.
«Hitz eta pitz ari naiz baina nik ez dakit gauza handirik. Ez dakit kontua zehatz nola hasi zen. Pete zen buru 1959an. Bera hemen balego, esango lizuke, baina joan zen, hil zen. Haren andreak, beharbada, Francis-ek... Edo seme-alabek. Hemen inguruan bizi dira oraindik, oker ez banago, behinik behin. Echeverriaren seme zaharrena, John, adibidez, gaztetxo zen jaialdia egin zen sasoian...».