Western Basque Festival
Western Basque Festival
2007, kronika
160 orrialde
978-84-95511-95-9
Miel A. Elustondo
 
 

 

1959

 

«Astean bi aldiz, asteart eta larunbatetan, Chicutti anaien autobus batek egiten zuen La Calle-Bône bi hirien arteko joan-jina: goizean La Calletik Bônerat eta astirian gibeleratekoa. Nola 'zones interdites' edo leku debekatuak bait ziren hor gaindi, bidaiariek 'laissez-passer', pasabana, erran nahi baita baimen berezia, aldi oroz berritua, eskuetan behar zuten Aljerian. Ondorioz armadak kontrol zorrotzak egiten zituen.

        «Blandan, gure herrira sartzean, kamion, autobus eta auto partikularrak miatuak ziren eta bidaiari guzieri paperrak galdeginak. Maiatzeko goiz batez, bakarrik nintzen bulegoan Jean-Pierre itzultzailearekin. Horra non soldadoek emazte bat, dotzena bat urteko nexka batekin, ekartzen daukuten, ibiltzeko baimenik ez zutelako.

        «Usaiako galderak egiten nizkion: nora zoan? zertara? nolaz ez zuen baimenik?...

        «Preso zen semearen bisitatzera zoala, aste guziez bezala erantzun zautan. Gainera xeheki esplikatuz biziki gaizki jaten zutena Camp des Anglais deitu presondegi hortan eta bere semea eri izanikan ere, medikuak ez zuela artatzen. Ez zuken arras gezurra, jakinez zoin gaizki hazten gintuzten gu ere, eta ikusiz berekin zauzkaten zare eta zakuak janariz beteak zituztela. Bulta bat eman ginuen xehetasun horien agertzeko: nik egin galderak eta emaztearen erantzunak frantsesetik arabiara (eta alderantziz) itzuli behar zituelako Jean-Pierrek.

        «Bizkitartean senditzen nuen bitxikeria zerbait afera hortan. Bost hilabete semea preso zela eta astero amak bisitatzen zuela. Beraz, bost hilabetez, astero, bisita bezperan, amak atera zuela jandarmerian delako baimena. Eta egun hortan zergatik ez?

        «Galdera horri ez nuen erantzunik ukan. Bainan emaztearen aurpegian eta behakoan errexki irakurtu nuen ez zitzaiola batere gustokoa. Alta orduarte gure harremanak normalak izan ziren (gisa hortako elgarrizketak normalak balin badira).

        «Eta arabera gau hartan etxean ukan zuketen fellaghen bisita, semearen bisitatzeko estakurua baliatuz komisione bat behar zutela eraman. Nori? norat? nork manaturik! zer komisione?

        «Erantzunik ez.

        «Untsalaz, orduan beharko nuen emazte hori miatu, jakiteko letra edo gutun zerbait gordetzen zuenez. Ez nuen gogorik, lan hori ez bainuen batere gustokoa. Gure sardienta aldiz loriatzen zen holakotan, buluz-gorriarazten zituen, partikularzki emazteak. Egun batez fotografiatu ere zituen bi emazte buluzirik.

        «Berriz hasi zelarik mintzatzen, Jean-Pierrek erran zautan: 'Libro uztekotan truk, bere alaba emaiten daukuk'. Ez nuen berehalakoan konprenitu zer zion. Errepikatu zautan, keinuak eginez gainera, ene tontokeriaren argitzeko: 'Alaba emaiten daukula!'.

        «Nexkatoak 12 urte zituen (bere nortasun-kartan irakurria nuen), eta ez zen emaztetua, hala izan balitz etxetik ateratuko zen mantalina buruan eta aurpegia estalia. Jakinez zoin atxikiak diren musulmanak beren emazte, alaba, eta arreben 'bertute garbiari', ezin sinetsizkoa zen entzun nuena! Ama batek bere alaba, nexkatto bat, bi soldado etsaien eskuetan, ez bakarrik uztea, baina berak eskaintzea! Egin behar zuen komisioneak, hoinbeste balio zuena? Ala fellaghen beldurrak egin arazi zion?

        «Bulegotik kanpo eman nituen, beren zaku eta saskiekin, bainakien autobusa aspaldian lekutua zela eta baimenik gabe ez zirela urrun joanen.

        «Gaixo emazteak!».