Western Basque Festival
Western Basque Festival
2007, kronika
160 orrialde
978-84-95511-95-9
Miel A. Elustondo
 
 

 

4

 

Lehen Western Basque jaialdia antolatzeko eskatu zieten Gravestarrek Peter Echeverria eta Robert Laxalti. Euskaldun ilustre ziren biak ere.

        Peter Echeverria Nevadako senatari zen. Sona handiko abokatua Renon, Idahoko Shoshone txikian jaioa arren. Karrera politikoa abiarazia zuen gazteari arrakastaren usaina aditu zioten Dickek eta Florak.

        Robert Laxalt ere ur gaineko bitsetan zen. Nevadako idazlerik ezaguna izateko bidean zen ordurako. Bi urte ere ez ziren Sweet Promised Land nobela 1957an argitaratu zuenetik. Liburuak, ordea, erabateko arrakasta izan zuen. Best seller-a, alegia. Literatur kritikariek, euskaldunek, gutxiengo etnikoetako irakurleek... denek ere gogotik onetsi zioten Laxalti bere aita Dominiqueren historia idatzi izana: «Aita artzaina zen eta mendia zuen bere etxea». Ez zen fikzioaren mendrenik ere hitz lau horietan. Laxaltek beti esango zuen horixe idatzi eta «eureka!» hots egin zuela. Hasi eta bukatu zuela nobela. Liginaga-Astueko Galantenia etxeko Dominiqueren historia. Bizia Kalifornia eta Nevadako mendi eta arrantxoetan artzain eman ondoren Zuberoara itzuli eta erroak Amerikan galdu dituela jabetzen den emigrantearen historia.

 

        «Badira ibilera bat eta aurpegikera bat, zabaldiak hesi gabe eta Mendebaleko kaleak lurrezkoak zireneko Amerikaren garai haietan bizi ziren gizonei zegozkienak; Renoko rodeo handietara etorri ohi diren antigoalekoengan, nahiz eta urtean-urtean urrituz doazen: oraindik ere zelai batean baleude bezain tente ibiltzen dira, luzaroan bakarrik egoteak ematen dien duintasun eta bakardade isila aurpegian dutela; antzinako indiar buruzagien aurpegien antzeko samarrak izaten dituzte.

        «Hauek ziren larru eta brontzezko gizonak, baroiak bezain aberatsak izanak behinola eta porrot egin eta soldatapeko lanetan jardunak hurrena, zaldi handi eta indartsuen gainean ibiliak eta basamortu bakartian topo egin eta hitz bakanka mintzatzen arituak, artemisi suaren eta kafeontzi belztuaren gainean pikotxean jarrita, eta nahiz eta bizitzarengatik borrokan ibiliak izan, ikasi zuten hori onartzen, aurrena beren buruak neguko bisutsen eta eremuko eguzkiaren aurrean makurtzen ikasia baitzuten. Eta nire aita haietarikoa zen».

 

        Sweet Promised Land-ek lau haizetara zabaldu zuen euskaldunen berri ona Amerikako Estatu Batuetan. Euskaldunen artean ez ezik, anglosaxoniarretan ere bai. Izan ere, hauek ziren editore eta argitaletxearen arduradunak; ez euskaldunak. Nevadan, Kalifornian, Idahon, Wyomingen, Washingtonen... ordu arte black Basquo izanak, zuriaren parralera igo zitezkeen, lotsa galtzen hasi, katakonba ezkututik irten eta etnien katakonbetara bere burua azaldu. Batzuk beste batzuk baino harroago, beti ere.

        Eta Echeverria eta Laxalt, nor baino nor buru-argiago, jaialdia antolatzen. Lehenik eta behin, lan egingo zuen batzordearen oinarriak ezarri zituzten. Mendebaldeko lau bazterretako euskaldunei egin zieten leku lantaldean: eta Micheo, Esain, Gascue, Parragirre, Supera... Frantzia aldeko Euskal Herrian zuten jatorria batzuek. Espainia partekoan bestetzuek. Bazen zerbaiten premia, estatuan estatuko euskaldunak Sparkseraino garraiatuko bazituzten. Horixe baitzen Echeverriaren eta Laxalten guraria. Lehen ere ugari ziren batean eta bestean euskaldunak biltzen zituzten herri-afari eta dantzaldiak. Besterik egiteko garaia zen. Besterik egiteko hots egin zieten beraiei. Eta erroetara jo nahi izan zuten:

        — OK! So, seriously, what a hell means to be Basque?