Aurkibidea
Aurkibidea
13
Broadway-ko Hotel de España sukaldetik hanka hotsa dator, dantzan ari dira, arin baino arinago.
Tabernan, bi gizonezkok edalontziak bertan utzi eta kriskitinak jotzen hasi dira, erritmoaren arabera.
Tabernako barraren atzean, Fermin Huarte, aurpegi laukiko euskalduna, irribarrez ari da:
«Maria Jaialdirako ari da dantzan, mutilak. Bere ametsa da La Jota (euskal dantzarik ezagunena) dantza egitea».
Maria Elu, hoteleko sukaldariaren emaztea, Dick Graves' Nugget Casino-ko lurretan egingo da, Sparks, Nevadan, ekainaren 6 eta 7an.
Kaliforniatik eta Mendebaldeko beste estatuetatik, baina bereziki ardi-lurralde diren Idaho eta Nevadatik, jaitsiko dira euskaldunak Sparksera, Mendebaldearen historian izan den euskal bilerarik handiena aitzakia.
4.000 euskaldun espero dituzte Jaialdirako eta, horietarik asko Ipar Espainiako eta Hego Frantziako artzain zailduak dira, Patrick H. McCarran senatariari esker, immigrazio-pribilegioak dituztenak. McCarran bera, irlandar artzainaren semea da.
Hotel de Españako Fermin Huartek dioenez: «Euskaldunak lehenago ezagutzen du ardia, ama baino».
Baina Renon beste euskaldun batek esan zidan herri honetan jaiotako belaunaldiak ez duela ardiarentzako maitasun hori heredatu.
Orain dela bederatzi urte, Pete Echeverriak Senatuko immigrazio-azpibatzorde baten aurrean testigantza emateko deia jaso zuen, euskal artzain gehiago Amerikara ekartzeko beharrari buruz.
McCarrani galdetu ziotenean zergatik Amerikan jaiotako euskaldunek ez zitezkeen artzain onak izan, Echeverriari hots egin zion: «Esaiezu zuk, Pete».
Eta Echeverriak, gaur egun Nevadako estatuko senatari dugunak, esan zuen:
«Nire aitta, Juan, herri zaharrean jaio zen. Artzain izan zen Nevadan 24 urtez. Amerikan jaio nintzen ni. Nire aittak Nevadako Unibertsitatera bidali ninduen, eta gero Stanford-eko Zuzenbide Eskolara. Opor garaian, batzuetan, lagun egin nion mendietan, baina ardiak ez ziren niretzat. Nik eta nire antzeko lehen euskal amerikar belaunaldikoek errespetu handia diegu gure gurasoei. Baina, geure buruei dagokienez, ezingo gaituzte ardi horien ondoan hilda harrapatu».
Eta, beraz, euskaldunen immigrazio eskariek lehentasunezko tratamendua jasotzen dute espainiarrei dagokien kuotaren barruan.
Bestalde, McCarranek zenbait lege onarrarazi zuen Kongresuan, euskaldun kopuru jakin bati hona etorri eta artzain lan egiteko hiru urteko kontratuak egiteko. Eta denbora hori bete eta euskaldun batek hemen bertan geratu nahi izan zuenean, askotan McCarranek berak lagundu zion bertan geratzen.
McCarran orain dela bost urte hil zen, baina euskaldunek ez dute behin ere ahaztuko.
Ekainaren 6an milaka artzainek eta beren familiak prozesioan joango dira Renoko hilerri katolikora, McCarran lurperatuta dagoen lekuraino. Girlanda utziko dute haren hilobian, otoitz egin haren arimaren alde.
Gero, euskaldunak inguruko Sparksera joango dira, La Jota dantzatuko dute, ardo-tragoa egin eta herri zaharreko bizimoduari buruz hitz egingo dute.
San Francisco News, maiatzak 6