Western Basque Festival
Western Basque Festival
2007, kronika
160 orrialde
978-84-95511-95-9
Miel A. Elustondo
 
 

 

28

 

«Niri, eskola baino, gehiago gustatzen zitzaidan mendian ibiltzea, ehizan: kastoreak, uretako arratoiak, bisoiak, koioteak eta antzekoak ehizatzen nituen, bakarrik edo beste lagunen batekin. Ehizatzen genituen animalia horiek denek larru baliosa dute, oso preziatua da eta guk, harrapatu eta saldu egiten genituen. Eremuan ere ibiltzen nintzen gaztetan, suge harrapaketan. Kasu honetan ere larrua zen kontua. Nik, ehizari buruzko liburu praktikoak besterik ez nizun irakurtzen. Hamasei bat urte nituela irakurri nuen lehenengo nobela. Gero, abentura liburuetara zaletu nintzen, Amazonas ibaian egiten ziren esplorazio kontuak irakurtzera, etab. Haiek bai liburuak! Baina literatura serioa? Ez horixe!

        «Askorik ez gustatu arren, erraz sartzen zitzaidan, eskola, alegia. Horixe da egia. Baina ez nuen unibertsitaterako gogorik batere. Aita, berriz, egoskortuta zegoen. Unibertsitatera behar nuela ari zitzaidan hura beti. Niri, aldiz, Venezuelara joan behar nuela sartu zitzaidan buruan garai hartan, diamante bila! Abentura liburu haietan irakurritako zerak. Abiatu ere nintzen hara, baina Mexikora baino ez nintzen ailegatu. Handik, buelta etxera. Venezuelako bidaia hura egiteko dirua behar nuen, eta lanean hasi nintzen Renoko farmazia batean, gauez. Bitartean, aitak nire izena emana zuen Renoko Unibertsitatean, ikasketak ordaintzen zizkidan, dirua ere ematen zidan, unibertsitatera joan nendin. Eta, jakina, ni, unibertsitatera, batere ikasten ez banuen ere! Farmazian ari nintzela lanean, behin, gau batean, atzerriko ikastaroei buruzko artikulu bat irakurri nuen: New Yorkeko Unibertsitateak antolatzen zituen, Madrilen, Complutensen. Orduantxe piztu zitzaidan argia. Aita, nik ikasteko amorratzen. Esana zidan: 'Nahi duzun unibertsitatean pagatuko dizkizut ikasketak, baina egin unibertsitatea!'. Nik, New Yorkeko hura irakurri, Madrilgo programarena, alegia, eta nola Mexiko bertan zegoen, Venezuelako diamanteak ere bai —esate batera diot—, bada, gaztelania ikastea gauza baliagarria izango nuela iruditu zitzaidan.

        «Eta, horrela, Madrila iritsi nintzen urte hartan, 1959an... Hemeretzi urte nituela! Aitari esan nionean, ezin sinetsi zuen. Madrila! Baina berak behin baino gehiagotan esana zidan: 'Heuk nahi duan unibertsitatean!'. Eta hark ezin hitza jan. Eta Madrila, bai, gaztelania askorik ez banekien ere. Complutensen hasi nintzen, espainiar literatura ikasten; huraxe zen aukeratu nuen arloa. Gaztelania eskoletara ere joan nintzen, jakina. Hasieran, gaztelaniaz inorekin hitz egiteko gauza ez nintzenez, irakurri egiten nuen, asko. Dostoievsky, Tolstoi, Steinbeck... irakurri nituen, baita On Kixote ere; hilabetean, ordu asko pasatuta, eta hiztegia ondoan nuela. Horrela, zaletu egin nintzen. Dolar batzuk poltsikoan eta, sasoi hartako Madrilen, aberats bizi ginen amerikar ikasleak. Flamenko ikastaroa ere egin nuen nik orduan. Joaquin Rodrigok ematen zizkigun musika eskolak, adibidez. Kontua da orduantxe egin zitzaidala argia, gogo intelektuala piztu. 1959ko urte hura gabe ni ez nintzen Renoko Euskal Ikasketen Programa irekitzera helduko, William Douglass Mr. Basque izatera iritsiko. Eta ez al da aldrebesa?

        «Gaur egun, inori esaten diodanean Espainiar literatura ikastera joan nintzela, eta antropologia ikasten bukatu nuela, ez dute erraz sinesten. Baina kontua da Madrila heldu nintzenerako, Renon ere jasota nengoela antropologia eskolaren bat edo beste, eta gustatu egin zitzaidala. Madrilen ere jaso nuen beste kurtsoren bat, eta holaxe. Eta Madrildik Renora itzuli sasoiko, atzera Iberiara joateko asmotan nintzela. Chicagoko Unibertsitatera eskaria bidali eta onartu egin ninduten. Hura herrialde honetako unibertsitate onena zen antropologian. Iberiar Penintsulari buruz irakurtzen hasi nintzen. Caro Baroja, batez ere: Los pueblos de España, Los pueblos del Norte, Los vascos, La vida rural en Vera de Bidasoa... Baita Kataluniari buruzko lanen batzuk ere. Baina Euskal Herria iltzatu zitzaidan. Haraxe joan behar nuela nik sartu zitzaidan kaskoan. Noiz edo noiz, herri hartan egin behar nituela nire ikerketak. Chicagon, gainera, bazen beste irakasle bat, Julian Pitt-Rivers, Caro Barojaren oso laguna. Pitt-Riversek jakin zuenean ikasle gazte bat Euskal Herrira begira zegoela, segituan animatu ninduen.

        «Eta horrela, zure urte hartako istorio eta historiak.