Aurkibidea
Aurkibidea
8
William A. Douglassek ez zuen jaialdi haren berririk izan. Artean hogei urte ez zituen. Senperrenak eta bi egin zituen unibertsitatera joan beharrik ez izateko, baina ezin izan zion aitari ihes egin. Urrutiko lurraldeak zituen amets Bill gazteak. Aitak, unibertsitatea nahi zuen semearentzat. Hitzarmenak itxi zuen lehia: unibertsitatera joango zen Bill, baina atzerrian. Madrilen. 1959. urtea zen.
Universidad Complutensen egin zuen estreinua, atzerriko ikasleentzako ikastaro batean. Hemeretzi urte zituen Douglassek sasoi hartan. Bertan egin zuen emaztea, Patricia. Adin batekoak biak, amerikarra hura ere, handik bi urtera ezkonduko ziren. Aldi berean, gizarte-antropologia ikasteko unibertsitaterik onenean hartu zuten mutila, Chicagon. Nahiko kezka bazuen, unibertsitaterik onena baitzen, eta gure lagunak, berriz, granorik ere ez zekien antropologiaz. Kezka handia bezainbat zuen ikasteko asmo sendoa. Estudiatzen ari zirela, kanpo lana egitea zegokien. Handik urte batzuetara etorriko zen lehenbizikoz William A. Douglass Euskal Herrira, Etxalarra, emaztea eta urtebeteko umea harturik. Chicagon zuen irakasle batek ikerketa egina zuen Espainiako herrien gainean eta hark berotu bide zuen. Hantxe ekin zion bideari Renoko Basque Studies Program 33 urtez zuzendu zuen irakasleak. 1959ko lehen jaialdi handia bete-betean aztertzen asmatuko zuen renotarrak.