Aurkibidea
Aurkibidea
12
Batzorde antolatzaileak beltz egin zuen lan. Nahizu-nahizu baliatu zuen Robert Laxalten izena batarekin eta bestearekin harremanetan sartzeko. Batzordearen idazkari zen Laxalt, kazetari eta idazle, eta hedabideek jaialdiaren berri eman zezaten saiatu zen. Nevada State Journal, Reno Evening Gazette, United Press International, Associated Press, Time, Las Vegas Review Journal, Sunset Magazine, San Francisco News, The Territorial Enterprise, San Francisco Chronicle... denetara jo zuen. Mezua ez zen dudazkoa: jendetza nahi zuten Renoko jaialdian, mundu bat, Mendebaldean bizi ziren euskaldun denak. Ahalik eta gehienak.
Batzordeak ez zuen hutsik egin nahi. Lehenengo aldia zen inork tamainako jaialdia antolatzen jarduten zuena eta arrakasta zuten helburu, nork bere lanean bezala. Arrakasta Peter Echeverriak, abokatu gazte eta Nevadako senatari ordurako, arrakasta Robert Laxalt idazleak.
Laxalten afanaz jabetu eta oharra bidali zion Oakland Tribune egunkariko George Rossek: «Hara, lortzen baduzu albistea agertzea Sacramento Bee-n, Stockton Record-en, Modesto Bee-n, Fresno Bee-n, Chronicle-n eta gurean, Ipar Kalifornia osoko kazetetan agertuko da berria».
Batzordeak Art Blum publizitate-etxearen laguntza izan zuen. «Art Blum, public relations and advertising. Television - Radio - Newspaper - Campaigns - Marketing». Art Blum-ek hartu momentuko kazetari izarra eta Renora bidean jarri zuen, hegazkinean sartuta: «San Francisco News-eko Don Canter bidaliko dugu (Hungariako errefuxiatuen gaineko erreportajeagatik oraindik orain sari nazionalak irabazi dituen zutabegilea), bera izendatu baitu San Francisco News egunkariak zure Jaialdiari buruzko artikulu sorta idazteko».
Art Blum-ek apirilaren 25ean eraman zuen Donald Canter famatua Renora, bi egun bertan igaro eta idazteko gaia biltzen. Hala ere, Art Blum konpainiak bazekien zer nahi zuen: «Canterri interesatzen zaiona da, Jaialdian artzainak eta ardiak izango direla. Horra joan eta hiru bat artzain-familiarekin hitz egin nahiko luke, Renotik urrundu gabe. Bestalde, Graves andrea ere ezagutu nahiko luke euskalduna da-eta, oker ez banago, eta ohitura zaharrei buruz, jantziak, dantzak..., eta abarrei buruz hitz egin».
Renon izan eta gutxienez bi artikulu ondu zituen Donald Canterrek San Francisco News egunkarian. Maiatzaren 6an ikusi zuen argia lehenak, 8. orrialdean...