Western Basque Festival
Western Basque Festival
2007, kronika
160 orrialde
978-84-95511-95-9
Miel A. Elustondo
 
 

 

25

 

«Nik bost urte egin nituen ardian, beharrean. Kantsatu nintzen arte. Beste asko ikusten nituen ardiak utzi eta herrira joaten. Nik lehenengo egunetik neukan libre, estudiante etorri nintzen-eta, aita, Gergorio, citizen zelako. Bai, estudiante etorri nintzen ni, eskolarako. Baina ez nintzen joan eskolara. Egin eta egin dirua eta Euskal Herrira joan. Horixe zen nire asmoa.

        «Gooding-Idahon egon nintzen lehenengo, beharrean, ba'kizu, baina neguan hainbat herritan ibiltzen ginen, batera eta bestera ibiltzen ginen sasoi hartan, neguan dantzak egoten ziren eta. Gooding-en, Shoshone-n, Windov-en... dantzak non, hantxe prantatzen ginen gu. Artzainen festak ziren, euskaldunenak. Boisen ere izan ginen noiz edo noiz. Ketchum-en ere bai».

        — Ketchumen hil zen Hemingway. Bertan dago lurperatuta...

        «Neu ardian nengoela hil zen Hemingway. Artzain nengoela entzun nuen hil zena. Ordurako ez nuen idazlearen entzuterik, baina fama handia zeukan hemen. Gero bai, jakin nuen Espainiako gerra denboran ibili zena eta hau eta hori. Larregi ere ez nuen jakin, baina kontu batzuk. Eta gero, gizajoak bere burua akabatu zuen Ketchumen».