Aurkibidea
Aurkibidea
34
«Ez, ez da gezurra. Miss Boise izan nintzen urte hartan. Ez zen izan nik nahi nuelako baina. Egundo ere ez nuen horrelakorik uste izango.
«Telefono dei bat jaso nuen egun batean. Dick Graves zen, Boiseko jatetxe bateko jabea. Nire izena eman nahi zutela miss lehiaketa hartako. Horixe esan zidan. Nik ez nuen horrelakorik nahi. Ezta pentsatu ere. Lotsa eta. Zer esan ere ez nekien. Gaztea nintzen eta beste kontu batzuk neuzkan nik buruan.
«Baina Dick Gravesen deiaren ostean, beste zenbait telefono dei ere jaso nituen, nire izena eman nahi zutela eta nire izena eman nahi zutela, teman. Eta baietz esan nuen halako batean, deiak isilduko zirelakoan. Eta hortxe hasi zen dena; ez naiz gogoratzen deiak isildu ziren. Eta kontua elur bola bezala hasi zen hazten eta hazten.
«Orduko miss lehiaketak ez ziren oraingoak. Argazkiak ikusi besterik ez dago. Dantzari jantzita nago ni. Gainera, kultur testa edo dena delakoa ere egiten zen. Geure jakituria, gaitasuna erakutsi behar genuen. Eta nire kezka, ze jakituria mota erakutsi. Nik ez nekien lanean eta dantzan besterik! Horixe egina nintzen bizi guztian. Eta, estuasunean, laguntza eskatu nion Pat Bieter-i. Honek, idazketa lantzen erakutsi zidan, eta, jakin banekien arren, euskaldun izateak zer esan nahi zuen adierazten lagundu zidan. Labur eta zehatz esaten lagundu zidan. Lehiaketa zeremonian, beraz, euskaldun izatea zer zen adierazi nuen aurrena, eta dantza egin nuen gero. Ez dakit nola egingo nuen, baina aukeratu egin ninduten: Miss Boise izan nintzen 1959an.
«Boiseko euskaldunek laguntza handia eman zidaten. Eskutitzak eta eskutitzak jaso nituen handik eta hemendik, 'euskaldunen ordezkari' nintzela esaten zidaten. Niri kosta egiten zait ongi ezagutzen ez dudan jende artean egotea eta, oso lasai egon ez nintzen arren, banekien miss izan beharko nuela urtebetez. 'Boise ez ezik, gure jendea ordezkatzen dut', esaten nion neure buruari. Zeremonia handia izan zen harrezkero. Hainbat konpromiso. Eskerrak, jende ona izan nuen inguruan. Hasteko, Al Erkiaga. Finalean, miss-ak gizonezko bat darama ondoan, laguntzaile. Nik Al Erkiaga izan nuen nire ondoan...