Aurkibidea
Aurkibidea
27
«Helms-en nenbilen beharrean. Helms Constructions Company. Etxeak egiten zituen. Egun batean, gazte bat luzea, segaila, iharra... gurekin behar egiten etorri zen. 'Hau be badok baten bat!', esaten genion geure buruari, ze gaztea ez zen nor edo nor. Esan gura dut, Cadillac handi batean etortzen zela.
«Gaztea etorri eta nire ondoan paratu zuten beharrean. Arkalaz, biok. Eta, bat eta beste, konbertsazioan egiten genuen lantzean behin. Ni, euskalduna nintzela. Bera, Reno bertokoa. Baina bazuen zelanbaiteko interesa. Euskaldunen gainean, ba'kizu. Eta beti pregunta eta beti pregunta:
Euskaraz zelan esaten da 'good morning?
Egunon nik.
Eta 'bye bye'?
«Eta beti pregunta eta beti pregunta eta nik erantzun egiten nion, ba'kizu, berba horiek denak. Eta, hurrengo egunean etorri eta nik esandako berba guztiak esaten zizkidan berak!
«Beharretik ailegatu eta etxean esaten nuen:
Han beharrean bajaok amerikano bat, erdi tontoa ematen jok, eta deabrua baino listoago dok! Hark egiten jok euskaraz! Esaten dizkiodan berba denak ekartzen ditik hurrengo egunean.
«Egunetan ibili ginen arkalaz beharrean gazte hura eta biok. Eta bateko eta besteko, baina beti egiten zituen morroi hark preguntak. Esan zidan Espainiara zihoala estudietan. Baina nik amerikanoek halako asko esaten dute, ba'kizu ez nion sinistu ere egin.
«Halako batean, derrepentean, ordea, egun batetik bestera, lanari itxi eta ez zen gehiago etorri. 'Amerikanoa! Bull shit!' esan nion neure buruari.
«Hurrena, joan naiz Euskal Herrira, banago Aulestin, banago hantxe, sartu naiz tabernan, Zarrabentan edo, eta han non ikusten dudan berton, Amerikan konstrukzioan nirekin behar egin zuen gaztea, haxe amerikanoa! Herriko abadeaz zegoen berbetan, don Emiliogaz! Barre egin nien biei...
Hori da oraintxe Amerikatik etorria! esan zidan don Emiliok, baina ni ordurako amerikano hari begira nengoen barrez-barrez.
Ezagutzen dut nik hori! esan nion abadeari.
«Bill zen gazte haren izena. Gero oso famatu egin da, berak egin zuen eta Renoko Basque Studies Program. Bill, William Douglass. Eta klaro!, lagun handiak izan gara harrezkero».