Western Basque Festival
Western Basque Festival
2007, kronika
160 orrialde
978-84-95511-95-9
Miel A. Elustondo
 
 

 

17

 

Paper mordoa dakar Jimen emazte Isabelek. Isabelek dakartza, eta ez Jimek. Izan ere, emaztea izan du manager eta antolatzaile gizonak bizi guztian. Soinulariak. 1959ko jaialdiko argazkiak. 1963ko emanaldi bat Ketchumekoa, Hemingway bizi eta hil zeneko herrian. Han eta hemengoak, Mendebalde «Urrun» honetakoak betiere. Berrogeita bost urte ere badira Western Basque American Festival hartatik, baina harexen gainean jakin nahi nik. Sasoi hartan gazte burugabe ziren Isabel eta Jim, Jim eta Isabel. Egun, adin handikoak ditut biak, inkili-mankala etorri zaizkit familia dena —alabak, suhiak, lobak— lagun harturik Boiseko euskal zentrora.

        Soinularia hasi zait...

        — Dick Graves zen jaialdi hartako ugazaba, eta berak esan zidan joateko. Ea modurik izango nuen.

        Jimek ez du kontatzen segitzeko aukera handirik. Andreak hartu dio aurrea. Gizonari etenarazi gabe ere, berbetan hasi da managerra, Boiseko bizkaiera garbian.

        — Hemen soinua egon da sasoi hartan, Oinkari taldeko dantzariak ere eduki ditugu hemen, eta hara joateko esan zigun Dick Gravesek. Gero, John Ascuaga etorri zen Boisera, gurekin berba egitera. Dick Gravesentzat ari zen lanean orduko denboran John Ascuaga... Begira zenbat paper eta agiri daukadan! Gero, Eloy Placerrek deiadar egin zidan Renotik, eta kopia bana bidali nion. Dena dela, ni ez nintzen han izan. Alaba txikia neukan, eta, bestetik, amari ere lagundu behar izaten nion. Jim joan zen, bere bandarekin. Bandarekin, orkestrarekin edo ez dakit ba zelan esan. Soinulariak! Bi urte lehenago hasi zen Jim bere bandarekin, 1957an, eta Renoko festa izan da 1959an. Lau lagun izan ziren bandan, eta danborra, saxofoia, tronpeta eta soinua jotzen zituzten. Inor aireportura etortzen zenean ere, hauek jotzen zuten musika...

        — Bai, baten, Nixon etorri zen... —hasi da Jim, arnasa hartzeko Isabelen etenaldia baliatuz.

        — Horrek ez du ikustekorik gai honekin —andreak.

        — Utzi, Isabel, utzi kontatzen —nik.

        — Baten Nixon etorri da, eta eskua eman digu. Esku honekin! Ez dut garbitu oraindik!

        — Kar, kar, kar... Eta, Jim, zer egin zenuten Renoko festibal hartan?

        — Han egon da beste konjunto bat. Hangoak. Los Churumbeles de España. Haiek egon dira. Eta gu, banda, lau soinulari. Ez genuen berba batere egin. Ezin elkar aditu! Nik amerikanoz eta euskaraz. Haiek, espainolez. Ezin berbarik egin! Ez ziren Euskal Herrikoak, espainolak ziren. Eta musika ere, espainola jotzen zuten. Guk atarian jo genuen, Dick Gravesen Nuggeten aurrean. Plazan. Hantxe egin ziren dantzak. Gure klaseko dantza jo genuen. Pasodobleak, baltsa, trikitixa... dena! Guk musika jo eta jendea dantzan. Koadrila! Orduko denboran oraindik ez zegoen Oinkari talderik. 1960an etorri ziren horiek. Baina, lehenago, hemen baziren gazteak, dantzan egiten zutenak. Delfina eta Diana Urresti eta. Renon dantzan izan ziren biak.

        — Boisetik jende asko joan zen —Isabelek—, gazteak autobusean, eta besteak karroetan. Harri-jasotzaileak eta.

        — Txingan ere egin zuten. Proba hori Renoko batek irabazi du. Frantsesa izan zela uste dut.

        — Akordatzen naiz handik etorri zirenean esan zutela «O, it was a wonderful party!» —Isabelek—. Zaharragoak ere pozik etorri ziren denak, han lau egun pasatuta. Huraxe izan zen lehenengo aldia horrelako festibal handia egiten zena. Lehenengo aldia.

        — Lehenagotik ere izaten zen euskal festa modukorik.

        — Lehenagotik, jendeak beren komunitatean egiten zituen batzarrak, beren txokoan —Isabelek.

        — Gabonetan eta, artzainak libre ibiltzen zirenean, paperak ipintzen genituen ostatuetan, halako egunetan, Jimmy Jausoro Orquestrak joko zuela esanez.

        — Orduko denboran ez zen izan orkestrarik! —Isabelek.

        — Bazen izan —gizonak.

        — Orduko denboran?

        Eztabaidan lotu dira senar-emazte adin handiko biak. Gaia beste bide batetik eramaten saiatu naiz orduan, beraiei begira. Beraien begietan barna ikusi uste izan dut Renoko Western Basque American Festival hura. 59koa.