Western Basque Festival
Western Basque Festival
2007, kronika
160 orrialde
978-84-95511-95-9
Miel A. Elustondo
 
 

 

7

 

— Andreaz gogoratzen naiz. Oso guapa, sinpatika, hotela ere zoragarria zuen. Areto handi batean jarri gintuen, logela bana, aitarentzat bata, niretzat bestea, lore-sorta eman ziguten, gosari oparoak ekartzen zizkigun... Atsegina, jatorra, eta oso alaia. Primeran hartu gintuen. Hotelaren eta kasinoaren nagusia zen, Lekeitiokoa. Ez dut izena gogoan —Itziarrek.

        — Flora, Flora Graves. Flora Agirre, berez, baina badakizu nola den hango ohitura. Kasinoaren jabearen emazte zen, Dick Gravesena. Kasinoak Nugget zuen izena, eta John Ascuaga's Nugget du izena orain, aspaldi. Ezagutu zenuen John Ascuaga? Kasinoko jakien managerra zen garai hartan, gizon txiki bat... Tira, txikia da orain enpresa handiaren jabe! Kasinoa ikusi eta ez zenuke ezagutuko. Kanpotik, esan nahi dut. Ze, Ascuagak hartu zuenez gero hazi eta hazi egin da Nugget zaharra, bi dorre handi ere egin dizkio. 59ko jaialdia egin zeneko patioa ere ez dakit parking den ala kasinoak berak bere baitan hartu duen. Hurrena jakingo dizut.

        — Ez dakit andre hark seme-alabarik zuen...

        — Bai, hiruzpalau ere bai. Argazki zaharretan ikusi ditut...

        — Gogoan dut andre hark afaria egin zigula hotel hartan bertan. Bertan izan ziren Espainiako enbaxadorea —Jose Maria Areilza—, Frantziakoa, eta gure aita, Euskal Herriaren enbaxadore... Akordatzen naiz andreaz, Peter Echeverriaz, Robert Laxaltez... Laxalt, gaztea zen, atsegina, lotsati xamarra esango nuke, Peter askoz irekiago zen. Batetik bestera ibili ginen, ondo baino hobeto. Astebete inguru egin genuen bertan. Gero, buelta, Gernikako arbola han lagata, ze Gernikako arbola eraman genuen.

        — Horren berririk ez da Renoko artxiboan.

        — Gernikako haritzaren kimu gaztea eraman genuen. Hura odisea! New Yorken antzeman izan baliote, kenduko ziguten, galarazita zegoen eta: ez zegoen landarerik ez antzekorik pasatzerik, baina guk arbola gaztea pasatzen asmatu genuen. Renon bertan, plaza batean aldatu genuela esango nuke. Kanposantura ere joan ginen, lagunartean —Peter, Robert, enbaxadoreak...—, defuntuen alde otoitz egitera. Gero, arbola aldatzera joan ginen, Gernikako kimua. Handik, festara, barbakoara, zerupean. 5.000 euskaldun bildu ginen. Beste asko ere bilduko zen, baina ez zen garairik onena. Udaberria, iruditzen zait.

        — Ez duzu buru makala. Bai, udaberria zen. Ekaina. 1959ko ekainaren 6 eta 7a izan ziren...