Western Basque Festival
Western Basque Festival
2007, kronika
160 orrialde
978-84-95511-95-9
Miel A. Elustondo
 
 

 

3

 

«Well, and what a hell means to be Basque?».

        1959ko urte hasiera zen eta jaialdia egiteko eratu zen batzordeko kideek elkarri begiratu zioten. Irakasleak eskolan galdera zaila egiten duenean ikasleak egin ohi duen bezala. Batera begiratu, bestera, nork erantzungo ote duen zain. Bestek erantzun zain betiere. Esperantzatan.

        Batzorde hartan denek zuten hurkoak erantzungo ote zuen ustea. Ustela, beste behin. Erantzunik ez baitzuen inork ekarri. Mutu iraun zuten Sparkseko Nugget kasinoan bildu ziren zazpi lagunek. Mutu Peter Echeverria, mutu Robert eta John Laxalt anaiak, mutu Peter Supera, John Micheo, Martin Esain eta John Ascuaga... Galdera bai, «So, what a hell means to be Basque?», erantzunik ez.

        Bikaina hasiera.

        Dick eta Flora Graves ziren Sparkseko Nugget kasinoko nagusi. Idahotik Nevadara etorriak, han jokoa galarazi zutenean. Idahon bertan zituen sustraiak Dickek, eta arbasoak Gipuzkoan, berriz, Florak. Flora Agirre zen, ezkondu aurretik. Emaztea euskaldun, eta euskalduna Dicken giroa Idahon, eurrez baitziren haiek Boise bueltan. Kasinoko janari arduraduna bera ere euskalduna zuten, John Ascuaga, eta festa antolatzeko batzordeko izendatu zuten. Hala ere, Peter Echeverria eta Robert Laxalten deiari erantzunez bildu ziren Nugget kasinoan zazpi lagunak. Zazpi lagunetan, John Ascuagak ez zuen bide handirik egin beharrik izan: eskaileretan gora eta behera ibiltzeari laga eta bilera-aretora. Janari arduradun Ascuagak bertatik bertara egin zuen.

        John Ascuagak artean ezin zezakeen jakin, edo bai —haren tenplea ezaguturik—, egunen batean Nugget inperio ekonomiko handi egingo zuena. Eta kasino haren harriaren gainean bi dorre gora eraikiko zituena, eta euskaltasuna ere ikur erabiliko zuena, euskal artzainari monumentua jasoz, eta Restaurant Orozko jatetxea irekiko zuena artzainaren irudiaren kontra-kontra. Eta, bide batez, Rancho San Rafaelen hamar urte lehenago ezarri zuten Nestor Basterretxearen Bakardadea monumentuari ere kontra eginez.

        John Ascuagaren terrajea.

        Dick Gravesek bestelakoak zituen ardura. Ibiltari porrokatua, Euskal Herrian ere izana zen Flora emaztearekin, honen ama-lurra ikusten. Andre-gizonen arteko konbertsazio horietako batean asmatuko zuten, beharbada, loak hartu baino lehen.

        — Jai handiren bat asmatu beharko genuke, jendea gurera biltzeko. Sparks hau hutsaren hurrena da. Ezer ez eta festa da hemen! —eman dezagun, Dickek.

        — Euskaldun asko da hemen inguruan. Zergatik ez euskal festa handi bat? —eman dezagun, Florak.

        — Handia izatekotan, orain arte egin ez den bezalakoa beharko luke. Laguntza beharko genuke.

        — Laguntzailerik onenak izango ditugu. Batzordea osatuko dugu. Peter Echeverriari hots egingo diogu. Ez alferrik da Nevadako senatari! Karrera politiko handia egiteko itxura du abokatuak. Eta, gainera, hiztun ona da ingelesez eta euskaraz.

        — Gaztelaniaz ere badaki. Baina Idahon jaioa da, eta Nevada ondo ezagutzen duen baten bat ere beharko genuke.

        — Jo dezagun iltzea buruan! Zein da euskal komunitateak Nevadan duen izenik gorena?

        — ...

        Best seller hura idatzi zuena. Sweet Promised Land. Robert Laxalt. Pete Echeverriari eta Robert Laxalti agindu beharko genieke. Jaialdia antola dezaten.

        — Ezin esango du inork jende kamutsa denik —ameto emanez, Dickek.