Western Basque Festival
Western Basque Festival
2007, kronika
160 orrialde
978-84-95511-95-9
Miel A. Elustondo
 
 

 

68

 

«Neska koxkorra nintzen ni garai hartan. Bospasei urte besterik ez nituen izango.

        — Monique, gaur Renora goaz. Euskal jaialdia da bertan —agindu zigula aitak esango nuke.

        «Halaxe izan! Gainera, antolatzaile zebilen gure aita Robert. Eta gogoan dut Sparksera joan ginela. Nugget kasinora. Orduan gaur baino askoz kasino txikiago zen, jakina. Eta, inguruan, soroak zituen! Zerupean egin zen, ia erabat. Eta barbakoa handia egin zela ere oroitzen naiz.

        «Aizkolariak datozkit gogora. Ikusten nituen lehenengo aldia izango zen. Ez dut haren antzeko beste jaialdirik gogoratzen. Eta gure aita ikusten dut, oso pozik. Horixe daukat nik buruan iltzatuta. Aita, pozik.

        «Gure aita Robert, Peter Echeverria, Dick Graves... horiek izan zirela jaialdiko buru esango nuke.

        «Barregarria ere bada. Dick Graves eta haren emazte Flora, Nuggeten nagusiak, Garazira etorri ziren gu Euskal Herrian bizi izan ginen urtean. Han non azaltzen zaizkigun egun batean, autobus handi batean! Autobus bat zuten, osorik, eurentzat. Hotel ibiltaria egina zuten, gidari eta guzti. Europa ikusten ari ziren, tourrean, eta gu bizi gineneko herri txiki hartara heldu ziren, gu bisitatzera! Autobus tzar handi hura gure etxera etortzen, edo etortzen saiatzen, bide estuan barrena... Guri barregarria iruditu zitzaigun! Erotuta zeuden! Nuggeten nagusiak ziren, ordea, jaialdiaren babesleak: Dick Graves eta Flora.

        «Jaialdia... Eguna baino lehen, dantza eskolak hartu nituen, Echeverriaren umeekin batera. Baina ez dut uste jaialdian dantza egin genuenik.

        «Badakizu, ume kontuak.

        «Egia esan, oroitzapen lausoa dut».