Aurkibidea
Aurkibidea
1959
Urte hartan Bahamontesek irabazi zuen Frantziako Tourra. Bordele-Baionako etapa «etxeko etapa» zuen hura euskaldunak zuberotarrak irabazi zuen: Marcel Queheille zalgiztarrak.
Queheillek ez du dudarik batere: 1959. urtea izan du bizitzako onena: «Tourreko etapa irabazi nuen urtea, esposa nintzen urtea!».
Uzta ona bildu zuen urte hartan. Mercier etxean ari zen. Sasoi betean zen.
Eta zuzendariak course-etan ezarri ninduen, zeren emaitza ona ukan nuen hatsarretik. Egin dut lehen urtean baino course-a haboro: Dauphiné Liberé, Midi Libre, Tour du Val, Tour de l'Aude... Course-a oro egin ditut orduan. Untsa nintzen. Grimpeur ni beti. 59an, Dauphinén etapa irabazi dut. Midi Libren bigarren egin dut orotara eta izan naiz lehen grimpeur-a. Eta Frantziako Tourreko selekzioa ukan dut. Ouest-Sud-Ouest ekiparekin egin nuen Tourra, bretoiekin. Baina baginen ekipan bi, eskualdunak: Befeuille eta biok.
Tourra hasi eta 9. etapa. Bordele-Baiona. 207 kilometro. Etapa laua. Eguzki galgatan errea.
Halako bero guti da. Nik beroa maite nuen. Etapa plateau-a zen, ez grimpeurrentzako! Partitzen ginen Bordelen. Darrigadek nahi zuen irabazi etapa, gure auzokoa baitzen. Darrigade Akizeko zen, landesa, baina Baiona eta Akize kantoian dira! Etapa hasi eta ez zuen nehork ihes egin, ez Darrigadek ez nehork ere. Trankil. Orduan eskapatu ziren 6 edo 8 txirrindulari, eta bi minutu eta erdi bazuten avantage. Ni pelotoian nintzen, pedalei ematen aise. Ibili gara amiñi bat eta Anquetilekin disputa ukan nuen. Sobera baratxe ginen! Hark nahi zuen trankil baina ni untsa nintzen! Eta eskapatu naiz pelotoitik. Eta atxeman ditut besteak. Haiekin ibili naiz eta, Eskual Herrira heldu ginelarik, 25 kilometra Baionarik, nihaur bakar batean eskapatu naiz, eta finitu dut lehen. Hala irabazi dut etapa.
Marcelek ezagutu zuen tropel hartan ez zen herrenik. Han ziren Louison Bobet, Jacques Anquetil, Roger Riviere, eta Parisen lehenen eta bigarren egingo zuten Martin Bahamontes eta Henry Anglade. Artean, Tour bakarra zuen irabazia Anquetilek, 1957koa, eta hiru, aldiz, Louison Bobetek: 1953, 54 eta 55ekoak. Charly Gaulek irabazi zuen 58koa.
Urte hartan aurkia Marcelek, etapa irabazita. Ifrentzua txapeldun handi batek.
Louison Bobetek abandonatu zuen urte hartako Tourra Col d'Izoard-en, Alpeetan. Ikusi dut bizikletatik jaisten. Fini zen harendako. Zahartzen ari zen!
Marcelek Tourreko etapa irabazi eta ezizena asmatu kazetariak.
Giant de la route nintzela eman zuten journaletan. Ordea, ni ttipi-ttipia nauzu... Eta ez naiz hazi oraino!