Western Basque Festival
Western Basque Festival
2007, kronika
160 orrialde
978-84-95511-95-9
Miel A. Elustondo
 
 

 

11

 

«Basque Power!» dio Northern Nevada Entertainment-eko egunkari iragarkiak. 1979koa da. 20 urte dira Renoko jaialdiak kanona eta araua ezarri zituenetik, eta harri-jasotzailea ageri da orri betean. 44 urte ditu eta aurpegia zimur. Burusoiltzen hasia ez ezik, kalbotzen ari da. Adina. Sendo du gerri-buelta. Sasoi bateko harri-jasotzaile peto-peto ageri da Benedicto Goitiandia, 230 kiloko granito-bola lepora jasorik.

        Benedicto arrunt izen korapiloa du kazetari iparramerikarrak. Bi silabako izena behar du. Famak ez du gehiago, bi besterik. Izen berriz bataiatu dute: Big Ben. Ketchum, Kuna, Spokane, Boise, Elko, Winnemucca, Sparks, Reno... denean ibili da Big Ben. Kontrarioak ere bazituen aurrena —anaia Sabino, Jose Luis Arrieta...— baina denak hautsi ditu. Bakarrik ari da aspaldi. Bakarrik, bera izanagatik lehenengoa. Renoko jaialdian, Itziarrek aizkolaririk ez harri-jasotzailerik gogoan ez duen festan, Amerikako bataio handia egin zuen Benedicto Goitiandiak.

        Jaialdia egin eta berehala kaleratu zuen festaren argazki-kronika Dick Gravesen Nugget kasinoak. Ongi bete zuen lana batzorde-antolatzaileak. Bateko eta besteko kazetariak ere garraiatu zituzten bertara eta elementu exotiko gertatu ziren euskaldunak. Bide horretan, National Geographic-ek erreportaje-gai egin zituen euskal artzainak. Aldizkariak bazuen lana idatziko zionik ere. Arrakastaren gozoa dastatua zuen Robert Laxaltek ordurako, eta harixe eskatu zion euskaldunen gaineko artikulua ontzeko. Laxaltek behin baino gehiagotan idatziko zuen euskaldunez aldizkari eskisitoan. Hasteko, Dominique hartu zuen gai —idaztea da behin, haren gaineko bariazioak egitea hurren—, eta aitak Kaliforniako lerroko Sierra Nevadan egin zuen artzain bizimodua kontatu. Ondoko erreportajean, euskaldunak gai beti, ezker-eskuin zuen komunitateari begira jarri zen. Euskaldun nabarmenak behar zituen, orduan bai, boladan zeuden gutxiengoak, arrakasta zen giltza, integrazioa helburu. Nor izatekotan, Mendebalde Urruneko gizarteak aintzakotzat hartuko zituen ereduak eskaini behar zizkion euskal komunitateak. Eta Robert Laxalt, idazle. Eta Peter Echeverria, politikari. Eta Benedicto Goitiandia, exotikoa. Big Ben. Muinean ere euskaldun. Kirolari. Sport man. Hantxe egin du klik National Geographic-eko argazkilariak. Goitiandia betiko. Eta bakar. Harrezkero ez da izan aldizkari berean burua erakutsi duen Big Ben moduko harri-jasotzailerik.

 

        The object of Arri Altzeta, or Basque rock-lifting, is to get the sphere around the head as many times as possible before having to put it down. The first time, Goitiandia made three revolutions, and the second time he made four.