Western Basque Festival
Western Basque Festival
2007, kronika
160 orrialde
978-84-95511-95-9
Miel A. Elustondo
 
 

 

1959

 

Thunder in the sun

Euskaldunen berri emateko edo pelikula bat, Ipar-Amerika'n egiña

 

        New York'ko Broadway zineleku ospetsuan mintze bat erakutsi berri dute or goian ingeles doan tituluarekin. Euskeraz «Trumoia eguzkipean» esan nai luke. Kritikak zer esango zuan ez dakit baña jendez txinatuta (beteta) zegoan ni ikustera joan nintzanean. Kolorez dator eta Western klasekoa da, baña diferentzi batekin: Betiko «cowboy»en ordez zerak agertzen zaizkigula, Euskaldunak. Euskaldunak eta Indioak. Dudarik gabe Euskaldunen berri emateko-edo egiña izan da mintze au baña zer? Bide erdian gelditzen dala.

        Alaxen du aria: Prantzi aldeko euskaldun multzo bat Ameriketera iristen da. West'erantz nai dute joan, beuren errian arkitu ez duten lur-zabalen billa. Bide erakusle amerikano bat artzen dute. Oni bereala sartzen zaio biotzean ezkongai dagon neska euskaldun bat. Au dala-ta, zenbait gorabera sortzen dira, bide batez aria luzatuaz. Azkenaldera, eremu latzgarria pasa ondoren, lur menditsura jotzen dute. Tontor oien bestekaldean zelai berdeak dagoz, alegia eurak irrika duten paradisua. Baña mendi-maldatan kokaturik, indiuak ez diete pasatzen utziko. Bide-erakusleak dio ez dagoela zer egiñik. Euskaldunak diotena: Gabaz basoan izkutatu ta egunsentian erasoko diegu. Zearo arrituta, bide-erakusleak erantzuten du: Indioak eraso? Bistan dago zuek ez duzutela iñoiz indiuakin burrukatu. Euskaldunak arro iardetsi:

        — Ezta indiuak ere ez dute gurekin sekula burrukatu. Guk Europa'ko indartsu guztiak apurtu ditugu: Erroma, gotuak, mauruak, Karloman tab.

        Pentsa ta egin. Eguna zabaldu alaz bat, irrintzi guztiz latzgarriak entzuten dira, Indiuei ezurretaraño bildurra sartzen zaiela. Euskaldunak basauntzen pare egiten dute salto aitzartetik aitzarte: katamixarrak bezin arin igotzen dira arboletara, ta, indiuak baño askoz gutxiago izan arren, irabazi egiten dute ta gero, zelai zabal gizenen atarira iristen diralarik, mintzea bukatu egiten da.

 

* * *

 

        Ez dut uste egin berria danik, ez eta Euskalerrian erakutsi dutenik, bañaa jakingarri litzake gure erriaren iritzia. «Gogorren» biak (Gogorrena = personaje printzipala, Oñati'n), ots, biderakuslea ta neska euskalduna, amerikano odolekoak dira ta aski ezagunak. Besteak —indiuak kenduta noski— euskaldun jatorrak dirudite; batzuen arpegiak beintzat ez dute dudarik.

        Amerikano zuzendarien betiko pekatu ta birtuteekin tajututako filma da. Erri zaar ta oiturei atxikia bezela presentatu nai dizkigute euskaldunak, baña oiturarik lenbizikoena aitatu ere egin gabe: izkuntza. Euretako batek ere ez du itzerdi esaten euskaraz. Ordez, sorginkeri tentel batzuk agertzen dira. Euren sukaldeko izkuntza Frantsesa da. «Gu euskaldunak gera» esaten dute bein baño sarriago, baña frogatu gabe. Akats aundiagoak ere ikusten ditugu oraindik. Esaterako, etxeko jai bat ospatzean, mutil txankamee ipurterre bat igotzen da mai-gañera ta... ezta asten ba flamenkoa dantzatzen?!! Neskak, gona barrenak astinduaz laguntzen dio. Astakeri onen arrazoia: Amerikanuak flamenko zale aundiak dirala, ta, jendearen gustoa egin bear noski. Twista zergatik ez ote zuten dantzatuko gure euskaldun aiek? Amerikanuei ori ere gustatzen baitzaie! Familiko jaiak ta kanta zaarrak ain lotuak egonik elkarrekin, nola eman ez aletxo bat ere?

        Euskaldunok akerrak antzo gerala erakusteko egiña dago mintze au. Bateonbatek neurtuko balituzke aitzartetan ematen dituzten salto aiek, ta Olinpiar markakin konparatu, zer ago-zabaldu bearra! Irugarren gogorrenak, berriz, txisterakin lanegiten du katuestezkoen ordez, arri koskorrak darabilzkialarik, indiuak euren pare jausten dira. Beti bezela, indiuak gixajo ikaragarriak dira, ta askoz geiago izan arren, igesari ematen diote.

        Neska euskaldunaz itz bi. Odolez guretarra ez dan ezkero, alperrik saiatzen da bere jokuari garo-usaia ezartzen. Nortasun aundiko agertzen zaigu ta ortan baditeke etxekoandrearen iturriko. Alare, baditu bere ateraldiak. Biderakuslea kirten utsa da ta lenengo lenengotik neskatilla nola limurtuko dabil. Oietako baten indarrez asten da, baña neskatoa errena ere ez izaki ta ostikoz ematen dio anka-bitartean, kirtenkumea luze utzirik (jendearen parreak!).

        Bukatzeko, zerbait esan bearra dago amerikanuen alde. Irrintzi'rik lazgarrienak ez dirala Euskalerrian bota, Ameriketan baizik. Zer dira oiu ozen aiek? Neu ere ikututa gelditu nintzen. Zine onek benetan irrintzi «bildurgarriak» ematen dizkigu, oso luzeak, otsoen intziria lez amaituaz. Olako oiuak jaurtzen jakin ezkero, gure asabek etzuten ez ezpata bearrik mauruen kontra. Mintzea bukatu zanean, jendea kukurrukuka atera zan (ezin esan irrintzika). Ura zan erromeria.

 

JK Mallea Olaetxea