Western Basque Festival
Western Basque Festival
2007, kronika
160 orrialde
978-84-95511-95-9
Miel A. Elustondo
 
 

 

1

 

Nor azalduko zain izan naiz. Zain, ezkaratzean. Txirrina jo eta neskameak ireki dit atea. Itziarren galdera egin dut. Itziar Uriarte. Oraintxe, esan dit, eta ezkutatu da atzerritarra. Jo batera, jo bestera ibili da neska. Ez nik nahi bezain arin, handik pixka batera bistaratu zait Itziar Uriarte, Castorren alaba, 1959ko Renoko jaialdi haren lekuko bakarra Euskal Herrian. Aitatxu —hala esango du berak Castorri buruz ari dela— hil zitzaionetik ez dugu beste inor.

        Bi urte eman ditut Itziarren peskizan hona eta hara. Lehenago, Castorrek berak itsutu ninduen.

        1959an Renon egin zen jaialdia ez zen baitezpadakoa izan. Harrezkero egin diren azterketa eta interpretazio burutsuen arabera, hantxe ernatu zen euskal amerikar nortasuna. Ez alferrik sinatu zuen William A. Douglassek artikulu fundazionala «Inventing an Identity: The First Basque Festival». Mundua bildu zen festa hartan, 5.000 lagun, euskaldun, izan omen ziren bertan. 5.000, ordukoak, esan ohi denez. Egun, Boisen bost urterik behin egiteko ohitura duten Jaialdi jai erraldoian hogeitaka mila izaten dira. 5.000, beraz, baina ordukoak.

        Jendetza haren artean era guztietako gonbidatuak. Goren, Espainiako eta Frantziako enbaxadoreak Washingtonen, eta Euskal Herrikoa: Castor Uriarte, Euskaltzaindiaren izenean. Sasoi hartan, Jose Maria Areilza ari zen Espainiako enbaxadore AEBetan. Bilbon hitzaldi gozoa egin izanaren saria, beharbada. Seme-alabak harturik joan zen Areilza Renoko festara. Andrea, gaixorik ei zuen. Frantsesa, emaztea besotik zekarrela azaldu zen. Castorrek, alaba eraman zuen.

        Lehen jaialdi handi hura, «The First Western Basque Festival», 1959an egin zen Sparksen, Renotik bereizten ez den herrian, ekainaren 6 eta 7an. 40 urte eta gero, festaren lekuko izan zen emakumea nuen aurrean —Itziar Uriarte, ezkon aurreko izenez—, lekuko bakar Euskal Herrian.

        Haren aztarna bila bi urte eman ondoren, Euskaltzaindian bertan atera nuen emakumearen iturria. Aurrez aurre nuen azkenean, atea zabalik:

        — Sartu, sartu barrura.