Western Basque Festival
Western Basque Festival
2007, kronika
160 orrialde
978-84-95511-95-9
Miel A. Elustondo
 
Western Basque Festival
2007, kronika
160 orrialde
978-84-95511-95-9
aurkibidea
 

 

31

 

«Sasoi hartan, gaur egun ere bai baina, Boise inguruko gazteok, euskaldunok, ongi antzean ezagutzen genuen elkar. Hormaetxearekin ari ginen dantzan ikasten eta, tartean behin, batean eta bestean dantza egin genezan eskatzen ziguten. Berez, ez ginen dantza taldea ere, lagun talde bat baino, dantzan bazekiena. Eta dantzan egiteko hots egiten ziguten. Konbentzioetara eta horrelakoetara joan izan ginen. Gogoratzen naiz Sun Valleyra ere joan ginela behin edo behin.

        «Peter Echeverria ezaguna nuen. Lehengusua zuen Boisen eta lehengusu hori, berriz, gure familiaren hurrekoa zen oso. Iruditzen zait horren bidez joko zuela Petek nigana.

        — Ze, Al, etorriko zinatekete Boiseko gazteak Renora dantzara?

        «Guk ez genuen dudarik egin. Eta, esan beharko banu, erraza izan zen guretzat jendea bildu eta Renora joatea. Oso erraza ere.

        «Badakit zenbait saio egin genituela hara baino lehen. Ez naiz ongi oroitzen, baina zer edo zer jardun genuela. Antolatuta genuen emanaldia. Renora orduko, erabakita geneukan zein dantza egin, nork zer egingo zuen... Antolamendu handirik ez, onik ere ez —gaurtik begiratuta, behintzat—, baina ahaleginean saiatu! Ez genuen zuzendaririk eta, nahitaez, geure buruak zuzendu beharrean izan ginen. Eta horixe egin genuen. Horixe da nor bere buruaren jabe izatea! Izatekotan, Jimmy Jausoro aipatu beharko nuke: hark soinu, guk dantza. Eta jaialdi handia eta saio berezia izango zela adierazi zigutenez, geu ere are gehiago saiatu ginen, eta zenbait haur bildu genituen, gurekin batera etor zitezen. Binaka jarri genituen, hau egiteko esan, hura egiteko agindu... Holaxe.

        «Beldurrez joan ginen. Bagenekien gauza handia izango zela, oso handia ere, antzekorik ez zela berriz egingo. Uste genuen egin zitekeenik handiena izango zela jaialdi hura. Eta, azkenean, Renora joan baino egun batzuk lehenago, behar baino dantzari gutxiago osatu ginen! Gogoratzen dut nire arreba, artean ezkonberria, San Josen bizi zela, Kalifornian, eta Renora etorri eta gurekin dantza egin zuela. Ahal genuen ondoena egin genituen gauzak. Gure esku zegoena egin genuen. Dantza, beldurrak airean egin genuen. Ahal genuen ondoena, hala ere.

        «Ez naiz harako bidaiaz oroitzen. Ez dakit nola joan ginen ere. Gogoratzen naiz han izan ginela, baina ez dakit nola joan ginen ere...».