Aurkibidea
Aurkibidea
39
«1958an Peter Echeverria eta biok lagun handiak ginen. Nik haren familia zaintzen nuen, ahoa behintzat, dentista izan nintzen eta erretiratu arte: 'Carl M. Herrera, mediku dentista'. Nik hari eta haren familiari hortz eta haginak eta, berak, ordainetan, nire lege gorabehera denak zuzentzen zituen, abokatu zenez gero. Abokatu ona gero! Nire lagunik onenetakoa zen. Hark eman zidan jaialdiaren albiste.
Carl, euskal picnic-a egitekoak gara. Zu gure ondoan izatea nahiko nuke. Laguntza ere beharko dugu, hainbat jende etortzea espero dugu eta.
Pozik baino pozikago, Pete! esan nion nik.
«Eta hola eta hola. Horrelaxe hasi zen dena. Ez zuen askoz gehiago esan beharrik izan. Gaztea nintzen eta gogo onez joan nintzen jaialdiko lanean laguntzera.
«Makina bat lagun izan ginen egun hartan lanean Nuggeten. Eta, beste inor gabe, Peter Echeverria zen buru. Berak agindu zidan lana: jaialdian ardo faltarik izan ez zedin arduratu behar nuen.
«Hainbat funtzio izan zen jaialdian zehar. Ardi-txakur erakusketa egin zen, harri jasotzea, txinga eroatea, aizkora... Nik txinga eroatea jo nuen begitan.
«Gazte zimela nintzen, zaildurik nengoen, Eureka-ko ardi kanpamenduan egindako lanak gogortuta. 'Neuk ere egin nezakek!', esan nuen, halako pisurik aurretik behin ere jaso ez banuen ere, ez txingarik, ez bolarik. 26 gizon zeuden, pisua altxatzeko prest. Azkena nintzen ni. Eta irabazi egin nuen.
«Interesgarria izan zen, nire umeek ere ikusi egin baitzuten, eta gerora, zaletu ere bai. Niri dagokidanez, jaialdi hartantxe hartu nituen txingak lehenengo aldiz. Han irabazi eta gero, euskal jai denetara joaten hasi nintzen. Hartu gurasoak eta euskal festa zegoen lekura joaten ginen: Elkora, Winnemuccara, Elyra... Jaialdirik jaialdi, hainbat lagun egin nituen eta, gero, Renoko euskal kluba osatu zenean bertako kide egin nintzen.
«Festibal handi hura dela eta, ez dakit nork asmatuko zuen jaialdia egitea. Peter Echeverriak? Dick Gravesek? Honen emazteak? Euskalduna baitzen Graves-en emaztea, Flora. Robert Laxaltek? Ez dakit. Ascuagak? Hark jakin lezake, beharbada. Seguru naiz Ascuaga tartean zegoela. Joe Arbinok, menturaz?
«Nik zierto dakit Pete Echeverria etorri zitzaidala. Hots egingo zidan edo batek jakin nola izan zen. 'Jakina, lagunduko ez diat ba! Egin behar dena egingo diat!'. Horixe esan niola apustu! Berehala pentsatuko nuen nik txinga eroaten jardun behar nuenik!
«Aizu, baina ba al dakizu noizko kontuak diren? Nola nahi duzu besterik gogoratzea? 40 urte baino gehiago joan dira harrezkero... 1959, haur bat besterik ez nuen artean, Mike, eta urtebete zuen. Nahiago nuke besterik esateko moduan banengo».