Western Basque Festival
Western Basque Festival
2007, kronika
160 orrialde
978-84-95511-95-9
Miel A. Elustondo
 
 

 

1959

 

1942an gerra betean ari ziren amerikarrak. Hain betean ere, beren burua berrarmatzeari ekin zioten. Lan horrek bertako eskulan osoa hartu zuela diote historialariek. Franklin Delano Rooselvet presidenteak, adibidez, ez zuen dudarik egin. Zera eskatu zion Kongresuari: urtean 50 mila hegazkin egin ahalko zituen azpiegitura militarra gauzatzea. Eta Kongresuak onartu.

        Diote, produkzioak goia jo zuen garaian, 1943-44 artean, AEBek itsasontzi bat egiten zutela egunean. Bost minututik behin, berriz, hegazkin bat. Bigarren Mundu Gerrak iraun zuen bitartean, sei urtean, 87.000 tanke, 296.000 gerra-hegazkin, 315.000 artilleria-pieza eta mortero, 2.434.000 kamioi eta 53.000.000 itsas tona (itsasontzi, txalupa, urpeko, hegazkin-ontzi, etab.).

        Eta, ezinbestean, zirenak eta zirenak jarri zituzten lanean. Fabrikara bidean jarri zituzten adin guztietako andre eta gizonak. Gizonezko gazte sasoikoenak —gizonen kontua da gerra, bistan denez— gerrara bidali zituzten.

        Horregatik azaldu ziren bracero-ak.

        Gerrak zekarrena aurreikusi eta 1942ko abuztuaren 4an diru-akordioa sinatu zuten AEBetako eta Mexikoko gobernuek. Trukean, soroetan eta trenbidean lan egingo zuten mexikar langileak kontratatu zituzten AEBek Bracero hitzarmenaren bitartez. Mexikoko Gobernuaren Washington D.C.ko kontsul Ernesto Galarzak 1942an hitzez hitz esanak: «Nekazaritzan lan egingo duten langile-eskaera etengabea, gerrak ekarriko duenari aurreratuz; nagusiak kezkatan bizi dira, esanez bertako eskulana erabat murriztuko dela ejertzitoak eta armada-industriak egingo dituen erreklutamenduengatik; hegoaldeko uste eta iritzi guztiz hedatua, Mexiko eskulan erreserba naturala dela dioena, nekazaritzarako eta trenbide-lanetarako; Mexikok egindako aldarrikapena, ipar-amerikarrei gerran lagunduko diela esaten duena, eskulana bidaliz; Mexikoko langileen egoera gero baino gero larriagoa, hirietan zein nekazari-herrietan, janarien urritasunagatik, prezioen gorakada etengabeagatik eta ekonomiaren beste zenbait trastorno direlako medio; eta Mexikoko langileek daukaten esperantza, AEBetan Mexikon baino soldata handiagoak irabazteko...».

        Hitzarmen horrek jo zuenetarik bat izan zen Francisco Aranda.

        «1943. urtea zen. Hemezortzi urte eskas nituen. Nahitaez soldadutza egitea zegokidan, baina AEBetara etortzeko egoskortuta nengoen. Mexikoko miseria beldurgarria zen, izan ere! Baziren zurrumurruak ere, alegia, gezurra zela jendea langile zetorrela, hona etorri eta jendea gerrara bidaltzen zutela... Amak ere esaten zidan:

        — Ez, seme, ez hadi joan! Soldadu eramango haute!

        «Baina ni etsiak harturik nengoen, nire adineko beste asko bezala:

        — Ama, nahiago dut gerran hil, miseria gorrian bizi baino!

        — Sikiera hire anaiarekin batera joango bahintz!

        «Batera ez, baina biok. Anaia ni baino astebete lehenago etorri zen. Kaliforniara ekarri gintuzten, South Pacific tren-konpainiarentzat lanean.

        «Estatu Batuetara sartu baino lehen eskuak aztertu zizkiguten. Babak ote genituen jakin nahi zuten, jakina; soroetan lan egin ote genuen, ea halako lana egiteko gauza izango ote ginen... Nik ez nuen horren batere kezkarik, txikitandik lanean jardunda nengoen eta. Eskuak ere, babaz beteta. Baina, egia esan, makina bat alproja bazen gure artean! Eskuak arbola-azalaren kontra igurtzi eta igurtzi ikusi nituen batzuk, eskuei zaildu itxura emateko! Niri dagokidanez, erraz gainditu nuen amerikarren froga hura. Egia esan, azterketa zailago izan nuen Mexikoko gobernuarena. Bracero etortzeko izena eman eta estatuaren funtzionarioek agiriak eskatu zizkidatenean gertatu zen.

        — Jaiotza-agiria?

        «Lehenengo, ez nintzen konturatu zer ari ziren, eta delako agiria eman nien. Hemezortzi urte nituen nik orduan. Alegia, soldadu joateko adinean nengoen!

        — Ez, ez, hi ez, ezin hinteke joan! Soldadu behar duk lehenengo, nahitaez. Amerikara joateko hogeita bi urte behar dituk!

        «Ordurako, bi egun igaroak nituen ilaran. Ilara handia zen, gero! Luzea eta zabala: hiru lagun ginen lerro bakoitzean.

        «Eta ez zidatela utziko joaten, adina ez nuelako! Nik joan egin nahi nuen, ordea, kosta ahala kosta.

        «Koinatuaren anaiak hogeita bi urte zituen, bete berriak, eta jaiotza-agiria utzi zidan. Kontua da ukoa jasota nengoela, agiriak funtzionarioei erakutsiak nituela ordurako, ikusi nindutela, alegia. Hala ere, atzera ilaran jarri nintzen, txanda iritsi zain. Eta heldu zitzaidan.

        — Aurreko batean ere ez al hintzen hi hemen?

        — Eeez!

        — Nik baietz esango nikek ba. Ezagutu egin haut. Zer duk, Amerikara joateko hainbesteko tirria! Hori amorrua, hori!

        — Ezin dut hemengo egoera gehiago eraman. Gure aitak etxetik hanka egin zuen, bakarrik utzi gintuen eta lan egin beste erremediorik ez daukat, familia aurrera aterako bada.

        «Istorio tristea asmatu behar izan nuen, propio, funtzionarioa bigundu eta limurtzekotan.

        — Ongi zagok! Baina gauza bat agintzen diat ziur: negarrez etorri behar duk hik Ameriketatik!

        «Eta pasatu nintzen.

        «Gogoan dut bospasei egun iraun zuela gure bidaiak. Lagun mordoa ginen han. Mexikoko South Pacific-en etorri ginen: Mexiko Hiria, Guadalajara eta beste hainbat herri igaro genituen. Mugan, Nogalesen, denak jaitsarazi gintuzten. Zer ote eta ilaran jarri gintuzten. Larrugorrian jarri eta hautsez igurtzi gintuzten, arkakusoak, zorriak eta beste desinfektatzeko. Zuri-zuri eginda irten ginen handik. Ez dakit azalaren kolorea ez ote ziguten aldatu nahi! Atzera trenera igo eta martxa berriz ere, halako batean berriz geratu ginen arte, itsasertzean! Abantadan joan ginen, denak bainatzera! Izan ere, hura zen kiratsa, gurea! Goseak, beroak, gaixorik, zikin eta narras eginda... Negargarri ematen ziguten jaten eta beherakoak jota zeuden batzuk, gonbitoka ari ziren beste batzuk... Zer izan zen hura, ordea!

        «Noiz edo noiz Sakramentora iritsi ginen. Tren geltokira. Jaitsi eta biko ilaran eraman gintuzten hiriko kale nagusitik barrena. Gogoratzen naiz batetik bestera zebilela tranbia eta semaforoa gorritik berdera aldatzera zihoanean kanpaiak jotzen zuela, jendea erne egon zedin. Gu, mexikar mordoa, biko ilaran, kale nagusian behera. Jendea, berriz, baztertu eta guri begira geratzen zen: asko ginen, eta denak porru eginda. Ikusgarria izan behar zuen! Kale hartantxe zeuden jatetxeak, dendak, zinemak... Azteka izeneko jatetxera eraman gintuzten, geure herriko estilora zer edo zer jatera.

        «Sarrera dotorea egin genuen Estatu Batuetan, horratik! Gero, okerragoa izan zen, trenbideko lana latza zen. Lan-egoera, negar egitekoa...

        «Behin baino gehiagotan etorri zitzaizkidan gogora Mexikoko funtzionario haren hitzak: 'Negarrez etorri behar duk hik Ameriketatik!'.

        «Funtzionarioak arrazoi: negargura galanta! Are gehiago, egia izan: negarrez itzuli nintzen Mexikora..., gure lan-konbenioa bukatu eta atzera Mexikora indarrez bidali nindutelako. Gogoz kontra itzuli nintzen ni etxera!

        «Ez alferrik! Handik urte batzuetara Estatu Batuetara sartu nintzen, berriz. Bertan egin dut bizia».

        Bracero hitzarmena 1963ko maiatzaren 30ean itxi zuten bi gobernuek. Hala ere, Mexikoko nekazariek berdin-berdin segitu zuten AEBetara joaten. 1964 arte. Orduan, herrialdetik kanpora bidali zituzten. Izerdi latzaren pagamendua.

        «Kanpora bidali zituzten». Ba ote? Galdetu Francisco Arandari, Renon (Nevada) bizi den bracero zaharrari. Joan Yakimara (Washington estatua). Hasi galdezka.

        Zorrak zer diren. John Steinbeck Nobel saridunak Monterreyko (Kalifornia) soroetan letxuga, tomatea, azenarioa, porrua, marrubia, azalorea, apioa eta gainerakoak biltzen lanean ari ziren mexikarren ahotik jakin zituen bere lanetara aldatu zituen istorio asko eta asko. John zaharrak ordaindu ere egiten zien braceroei: 40 zentabo, istorio truke.