Western Basque Festival
Western Basque Festival
2007, kronika
160 orrialde
978-84-95511-95-9
Miel A. Elustondo
 
 

 

20

 

«Bai, baten batek festibala grabatu zuen eta filma ekarri genuen handik, baina galdu egin zen. Beste gauza asko bezala. Aitatxuren biblioteka bezala. Gernikako bonbardaketaren garaian. Castor Gernikako Udalean arkitekto zen, Bilbon bizi zen arren. Astero, astelehenero joaten zen hara, obrak gainbegiratzera, eta egun hartan ere bertan zen. Gure ama ere berarekin joaten zen, erosketak egiten zituen eta Bilbora ekartzen zuen jeneroa, erositakoa. Astelehen hartan esan zion aitatxuk: «Ez etorri, Pepita. Gernikan zer edo zer gertatu behar duela iruditzen zait. Biblioteka ere ekarri nahi dut. Ez nuke galdu nahi». Eta joan zen. Aitatxu bakarrik. Eta Gernikan autoa bete zuen, liburuz. Baina bonbardaketa gertatu zen egun hartan Gernikan, eta bonben suak autoa hartu zuen. Akabo aitatxuren biblioteka, erre egin ziren liburu denak.

        «Aitatxu Gernikara joanda, gu Bilbon, eta hara non telefonoz hots egiten diguten Deriotik, aitaitaren fabrikatik: 'Gernika erre dute!'. Eta aitatxu falta. Gu umeak ginen artean, baina ongi gogoratzen naiz sasoiz sartu gintuztela ohean. Guk igarri, hala ere. Umeak konturatu egiten dira. Guk ere, ez genekien zuzen zer zen oker, baina jabetzen ginen han bazela zer edo zer. Goizeko laurak edo bostak izango ziren, amaren hotsa entzun genuenean: 'Castor, Castor!'. Aitatxu zen. Amatxuri esan zion: 'Ez dakit barre ala negar egin: Gernika desagertu egin da'. Ez zait behin ere ahaztuko. Eta umeok berriro lotara.

        «Biharamunean, jendez beterik azaldu zen etxea, hainbat senide eta lagunek gurean hartu zuen ostatu, harik eta zerbait inguratu arte. Goian zerua eta behean lurra, besterik ez zuten. Gran Vía 56an bizi ginen, Sotaren etxeetan. Etxebizitza handia genuen. Hara azaldu ziren denak: 'Zer edo zer izango du Castorrek!'. Ahal zutena egin zuten.

        «Aitatxuk asmatu: 'Pepita, gaur ez etorri'. Ez zekien zer gertatu behar zuen, baina zer edo zer. Gernikan egon zen bonbardaketak iraun zuen bitartean, garai hartan arkitektoa suhiltzaileen buru ere bazelako. Eta gure aita Gernikan, surik handiena itzali arte. Halako batean etorri zen eta pozik gure ama! Gu akordatu ginen baina, nola esan, ez ginen akordatu. Umea zer den! Badakizu».

        — Bai, hobe ez! —nik, urte eta erdiko nini hankagorria etxean dugula.