Western Basque Festival
Western Basque Festival
2007, kronika
160 orrialde
978-84-95511-95-9
Miel A. Elustondo
 
 

 

10

 

— Dantzarien artean jarri ninduten, eszenarioan. Sagar-dantza egin nuen Renon, jantzia hemendik eramanda. Aitatxuk nahi izan zuen. Nonbait, bera jakinaren gainean zegoen. Segundo Olaetarekin ikasi nuen dantzan, eskolak eman zizkidan ezkongai nintzela, eta ezkondu ondoren ere bai. Aitatxuk harekin hitz egin zuen, eta esan zion: «Urte askoan erakutsi diozu dantzan Itziarri. Bada, ezohiko mandatua dakarkizut oraingoan: prestatu gure alaba behar bezala, Amerikara daramat eta, dantzari. Ea nola janzten duzun». Eta halaxe joan nintzen, dantzari-jantziak hartuta. Eta jantzi eta dantza egin nuen. Hango soinu, baina hemengo dantza. Bakar-bakarrik egin nuen. Baina pena, filma ez baita ageri, eta dantzan azaltzen nintzen han.

        — Filma? Ze film? Renoko artxiboan ez dio filma izan zenik...

        — Bai, filma ekarri genuen handik, nork edo nork egina. Guk ez, hala ere. Bizian ez dut argazkirik egin. Tira, oraindik orain bat edo beste, baina afiziorik ez! Aitatxuk, berriz, film huraxe zeukan, Renoko jaialdian egina, dantzan azaltzen nintzenekoa. Nor edo nork handik bidaliko ziola esango nuke.

        — Jaialdiaren filma galdu...

        — Pete Echeverriak Jose Antonio Agirrek bidalitako mezua irakurri zuen. Gure aitak ere hitz egin zuen, Espainiako enbaxadoreak, frantsesak... Afari bat ere egin genuen, petit comité-an, eta hirurek hitz egin zuten berriz, nork bere hizkuntzan. Areilza —oso jatorra, atsegina, harremanetarako dohainak...— bi seme-alabarekin izan zen bertan. Andreak ondoezak behar zuen. Aitatxuk hitz egin zuenean, esan zion: «Zorionak, Castor, oso ongi». Eta frantsesak esan zion: «Areilza jauna, ez zuk ez nik ulertu dugu hitz bat ere, ez dakigu euskaraz eta». Eta Areilzak erantzun: «Bai, baina jendearen harrera, txaloak, ikusi besterik ez zegoen». Jende askorekin hitz egin genuen. Ingelesik batere ez genuen egin, euskaraz beti. Euskaldunak ziren denak, Lekeitiokoak, Gernikakoak, Markinakorik ez dut uste... Gu agurtzera etorri ziren. Gero, jaialdia burutu eta desagertu egin zen jendea, nor bere txokora. Han ez dago astebeteko oporra hartzeko hemen dugun egokierarik. Ez dakit hainbeste lagun biltzen nola asmatu zuten ere. Ez dakit jaia zergatik egin zen ere. Euskal Herriarekin lotura handiago edukitzearren egingo zuten, hizkuntza eta kultura bizirik iraunaraztearren eta, batik bat, erroak ez galtzeko, ze beti ingelesez biziz gero...

        «Pete Echeverriak agintzen zuen han; laguntzaileak zituen, harekin batera beste batzuk zebiltzan, baina Pete zen buru. Nabarmena zen. Gainera, balio zuen: berritsua, jendearekikoa, atsegina... Batekin eta bestearekin hitz egiten zuen, euskaraz. Honako trafikozainarekin, harako autoan zihoanarekin... 'E, txo! Zelan ba!'. Oso zen ezaguna, arratoiek ere ezagutzen zuten».

        Hitzak eder, ederragoak dantzak.

        — Dantza besterik ez zen izan. Talde handi bat zen, neska-mutilez osaturik, eratu berri. Ongi egiten zuten dantzan, hemengoa eta frantsesa nahasirik. Ez dakit jendea konturatu zen, nik behintzat igarri nien. Dantza asko eginda nengoen ordurako. Aizkolaririk ez harri-jasotzailerik izan zenik ez zait akordatzen.