Aurkibidea
Aurkibidea
54
Beharbada jakingo duzu, beharbada ez, zu oraindik gaztea zara eta Itziar Uriartek «gazte» niri.
Gaztea nintzen... esan diot, zer edo zer esan behar eta!
Gernikako bonbardaketari buruzko liburua ere idatzi zuen Castorrek. Bombas y mentiras sobre Guernica jarri zion izena. Bere poltsikotik pagatu zuen liburuaren edizioa. 1976an egin zuen... Renora egin genuen bidaiaren gainean ere idatzi zuen zer edo zer, libururik ez baina. Aitatxu zoriontsu etorri zen handik, han hainbeste euskaldun ikusita. Haiek Amerikara joan ziren, baina euskaldun izaten irauten zuten. Ez da «joan ziren» eta kitto. Ez, euskaldun ziren. Eta gero, filma ere jaso zuen gure aitak, nork edo nork handik bidalita. Bastidako etxean erre zen film hura ere, aitatxuren paper askorekin batera. Film hartan azaltzen nintzen neu ere, dantzan... Nik dakidala, hemendik ez zen gu beste inor joan. Filma galdu zen... arbola bat ere eraman genuen guk Renora.
Arbola? 1959an? Zer ari zara?
Horixe, arbola kimua eraman genuela Renora, paketean bil-bil eginda. Ez dakit aduana nola pasatu zuen! New Yorkera ailegatu eta aitatxuk esan zidan: «Zu egon hor. Hitz egingo dut nik». Aitatxuk ez zekien ingelesez eta, beraz, keinu eta imintzio jardun zuen. Azkenean, behintzat, «Aurrera, aurrera!» esan zioten eta gu, jakina, aurrera. «Ez aurpegiera arrarorik jarri, zuk normal segi», aitatxuk niri. Egia da, ez dakit nola pasatu genuen arbola. Txiki-txikia ere ez zen, metroa izango zen gora. Kontrol denak pasatu zituen. Barrenaldean lur bustia zuen, nonbait, poltsa batean sarturik. Eta dena, paperean bilduta. Eta kartoi asko ere bai inguruan.
Horren historia ez da inon ageri.
Baina izan zen. Plazaren batean aldatu genuela esango nuke. Meza eta gero hilerrira joan ginela uste dut, eta hilerritik plaza batera, edo antzeko leku batera. Ez dakit biziko den.
1959ko arbolaren berririk ez dit inork egundo aipatu. Dena dela, Reno ikaragarri hazi da harrezkero, eta badakit kanposantu katolikoa ere lekuz mugitu zutela aspaldi. Hortaz, joan eta bilatu! esateko moduan gaude. Nola atera haren aztarna? Baina Boisen bai, izan dira hemengo arbolak, Gernikako haritzaren kimuak. Franco hil eta gero eraman zituzten. Eta, esaten dizut, Renoko Gernikako arbolaren aztarnarik ez dago paperetan.
Nik baino gehiago dakizu zuk Itziarrek.
Ez dakit ba nik. Zu lekuko zuzena izan zinen, ordea. Bidaia egin eta festa bizi zenuen, 59an!, eta kontatzeko gauza zara oraindik. Nik paper zaharretan irakurritakoa besterik ez dakit.
Eta han bizi den jendeak kontatutakoa.
Bai, horixe da nire meritua. Ondasun guztia.