Western Basque Festival
Western Basque Festival
2007, kronika
160 orrialde
978-84-95511-95-9
Miel A. Elustondo
 
 

 

2

 

— Erdaraz, mesedez —esan dit Itziarrek. Hiruzpalau aldiz hitz eginak gara telefonoz, euskaraz eta gaztelaniaz nahas-mahas beti, baina euskaraz ireki dit atea eta halaxe segitu dugu, harik eta sofan jarri eta grabagailua piztu dudan arte. Erdaraz, mesedez.

        Garbi hitz egiten du euskaraz, baina herdoildua duela usteko du, bizia Bilbon egin duen gernikarraren ajea, beharbada. Gaztelaniaz egin dugu, gozo.

        — Historiako atal haren lekuko bakarra zara. Zure aita hil zenetik Euskal Herrian ez dago beste inor egun haietako berri eman lezakeenik.

        Txantxa egin du esan diodanean, egiatan esan diodan arren:

        — Orduan, zer edo zer inportantea gara, ezta?

        — Dudarik gabe. Zure berri izan nuen orduko ekin nion arrasto bila, ez nekien bizirik ote zintezkeen ere. Renoko bidaia hartatik bueltan, alaba itzultzaile harturik abiatu zela besterik ez dio Castorrek Inazio Maria Etxaideri idatzitako eskutitzean. Euskera aldizkarian dago jasorik.

        — Itxura denez, Euskaltzaindiak ez zuen dirurik. Renoko jaialdira ordezkaria bidali nahi, baina nahiko diru ez. Sasoi hartan, berriz, gure aitak bazuen. Gainera, akademiarekin bat eginda zebilen, euskal gaiak aztertzen beti —biblioteka zoragarria zuen—, berari galdetu zioten, ea joateko modurik zuen. Ni, berriz, Cambridgen egona nintzen ingeles ikasten eta laguntzaile harturik eraman ninduen. Izan ere, gure aitak ez zekien ingelesez, frantsesez bai, baina. Horregatik joan ginen biok. Gogoan dut, behin, halako batean, gure aitak esan zidala:

        «Itziar, zurekin hitz egin behar dut».

        «Zer dugu?».

        «Senarrak uzten badizu, Estatu Batuetara joango gara. Akademiak ordezkari izendatu nau eta Amerikara noa. Eta nola nik ingelesez ez dakidan, lagundu egin behar didazu. Hitz egin Javierrekin, ea zer dioen».

        — Senarrak ontzat eman zidan eta, harrezkero, bidaia prestatu genuen. Handik hogei egunera abiatu ginen Renora. Madrilera lehenengo, gure amarekin eta Javierrekin, eta gure aita eta biok, gero. Oso bidaia luzea izan zen. Hain luzea egin gabea nintzen. Aita bai, zaildua zegoen, munduari itzulia emana zion eta. Bidaiaren luzea! Gainera, hegazkinak ez ohi zebiltzan gaur egun bezain arin. New Yorken ere hainbat denbora egin genuen zain, ekaitz beldurgarria jo zuen eta hegazkinak ezin irtenik egon ziren. New York-Denver egin genuen, eta handik Renora zuzen. Peter Echeverriak hartu gintuen han, euskaraz. Euskaraz egiten zuten denek. Aitaren poza! Kezkatan zihoan, ingelesez egin beharko zuelakoan, baina ez zuen batere hitz egin beharrik izan. Hara bitartean neuk lagundu nion ingelesez, baina hara heldu orduko, ez zuen interprete beharrik, euskaraz egiten zuten denek!