Western Basque Festival
Western Basque Festival
2007, kronika
160 orrialde
978-84-95511-95-9
Miel A. Elustondo
 
 

 

9

 

Xanti Basterretxea bake ederrean bizi zen Munitibarren. Espainiako gerra ez zen bukatu zaharra, Bigarren Mundu Gerraren hotsak iraun egiten zuen artean. Gerraostea gorabehera, Goikola baserrian nahiko jatekoa zuten. Ola zaharraren horma sendoek babes osoa ematen zioten Xantiri. Artoa erein, errotan eho eta taloa zuten aldiro-aldiro. Eskolara bidean jaitsi ohi zuten artoa errotara, eskolatik etxerakoan atzera errotatik pasa, taloa hartu eta etxera.

        — Ogiaren baltza! Zerriei ematen genien jaten. Moldatzen ginen baserrian, zelan-halan bada ere, baina beti iruditu izan zitzaidan pobre ginela. Eta eskolan ere nahiko lan. Komeriak. Kartera moduko bat zen, ura bezala eskutik eskura ibiltzen genuena. Kartera zuenak deskuiduan inori euskaraz entzun orduko, eman egiten zion. Hilaren amaieran, kartera zuenak bi-hiru pezetako isuna pagatzen zuen. Horrela bizi ginen! Erdaldun asko azaldu ziren bazterretan. 'Belarri-motzak'. 'Hazur-baltzak' ere esaten genuen. Maisuak edo entzun behar ez zuen baten batek hitz horietako bat esaten entzunez gero, zigorra. Argi ibili behar ume artean ere. Guardia zibilak ere bazirela akordatzen naiz. Haien uniformearen kolorea ikusi orduko, sutan jartzen nintzen. Oso baldar portatzen ziren. Herrian festak, eta gazteok ibiltzen ginen tokietara azaltzen ziren, harro-harro, euren armak hartu eta hanketan jotzen gintuzten. Arrazoirik gabe ere bai. Ezagutu nituen ni baino zaharragoak soldadutzara joan eta gaixorik etorri zirenak. Oso txarto jaten ei zuten. Herrian hara inork joan gura ez. Eta zeinek gurako zuen, bada! Nik ez behintzat!

        Ordurako, Amerikarako joera handia zuen Munitibarrek. Eta inguru denak. Xantiren aita bera ere Idahon egona zen, artzain. Hamabi urtez jardun zuen lanean Twin Falls-en, Bell Newman-en arrantxoan. Hamabi urte, eta Gerrikaitz-Munitibarra itzuli zen. Goikolako oinorde Donatarekin ezkondu zen Gregorio Basterretxea. Bost seme-alaba egin zituzten: Luis, Juan, Xanti, Antonio eta Gloria. Aitaren Amerikarako benenoa odolean sartu zitzaien oinordeei. Banaka-banaka, eta adinak ezarritako mailaren arabera, lau anaiek dastatuko zuten suge haren pozoiaren mina.

        1957an heldu zitzaion txanda Xantiri. Hirugarren semearen aldi zen. Soldadutzara joan baino lehen, 17 urte eder eta gazte zituela. 1957an, Robert Laxaltek hil arteko sona eta aipua ekarri zizkion nobela argitaratu zuen urte berean. Sweet Promised Land, idazlearen aita Dominiqueren historia. Xanti Basterretxearena ere izango zen.