Western Basque Festival
Western Basque Festival
2007, kronika
160 orrialde
978-84-95511-95-9
Miel A. Elustondo
 
 

 

26

 

«Ni Gooding-en nintzen, Idahon, eta nire anaia Juan Sacramenton, Kalifornian. Biok ardian. Karta eskribitzen genion elkarri eta esan zidan behin: 'Etorri hadi Sacramentora, eta gero biok batera joango gaituk konstrukziora'. Esku-beharra esaten genion guk. Eta hartu Gooding-en autobusa eta joan nintzen. Juanek beste hamabost egun egin behar zituen txekea osatzeko. Juanek hamabost egun horiek bete bitartean, ni Sacramento Hotel-en egon nintzen. Txekea osatzeko behar zituen egunak bete eta etorri zen Juan. Hartu haren autoa eta Renora, Santa Fe Hotelera.

        «Renora etorri eta gustatu zitzaidan 24 orduko zer hori, '24 hours open'. Zabalik. 24 orduan martxa beti. Reno ez zen Idaho, Nevada baino, eta Nevadan horrela zen. Anaia zaharrena Nevadako beste herri batean genuen, Elkon, Stockmen kasinoan, kantinero. Hantxe ezkondu zen, eta bodara joan ginen. Elko ere ikusi nuen eta han ere 24 orduko kontua. Beti zabalik. Jokoa-eta, martxa itzela. Eta gustatu egin zitzaidan. Gustatu martxa, baina ez naiz jokolaria: ez dakit noiz joan nintzen azkenekoz kasinora. Jokatu ere ez dut egiten. Jokoa ez da errenta...».

        — ...Hobe da kapoia erreta...

        «Kasinoak gure moduko jende tontoaz eginda daude.

        «Santa Fe hotelean, garai hartan, hogeiren bat artzain egongo ginen. Gaur, bat edo bi daude bakarrik. Jose Goñi eta Jose Santxotena. Gu etorri ginenean bazeuden zahar batzuk ere. Old timers koadrila egon zen han orduan.

        «Ni beti Juanekin, anaiarekin. Beti biok arkalaz. Sei hilabete egin genituen Santa Fen eta gela batean egiten genuen lo. Beste euskaldun bat ezagutu genuen, Joe Moulian, donostiarra, eta haren bidez, 'baratzea egiten' jardun genuen lanean Arlington Nursery-n. Hemengo etxeek atarian duten belarditxoa zaintzen egiten genuen lan: belarra mozten, ureztatzen, lur aztertzen... Euskaldun asko ari dira lan horretan.

        «Arlington-en beharrean ari nintzela, Joxe Bengoetxea etorri zitzaidan egun batean. 'Hi, gura duk konstrukziora joan beharrera? Txanza daukak oraintxe!'. Helms zen konpainia. Helms-ek asko maite zituen euskaldunak, beharginak zirelako. Euskalduna lan eske etorri eta berehala hartzen zuen hark. Eta joan nintzen Helms-entzat beharrera...

        «Lehenengo egunean, fuerte saiatu nintzen eta babak egin nituen eskuan. Ez nintzen bakarrik ari. Beste batzuk ere ari ziren: Mike Inda euskalduna, Castro esaten zioten mexikano bat, eta beste batzuk. Ugazabak niri laguntzeko agindu zion Castrori: 'Mutil honek espainol egiten du eta erakutsiozu zelan egiten den beharra!'. Renoko aireportuan ari ginen beharrean, tutu handiak sartzen, norbera barruan tente paratuta egoteko moduko tutu itzelak. Juntetan zementu jartzen ari ginen, barruko alderditik. Hasi nintzen zementu ipintzen behetik gora, bueltan-bueltan, eta gora ailegatzen nintzenean, jausi egiten zitzaidan zementua. Neure buruari esan nion: 'Adios! Eskapo egin diat baratzea egitetik hemen behar hobea hartzekotan eta jaurti egingo naitek orain!'. Castrori esan nion laguntzeko. 'El cemento se me cae, no se me pega en las juntas'. '¡Qué, en España no tienen cemento ustedes o qué!', hasi zitzaidan lotsagaldua! '¿Quién es el patrón?', galdetu nion, eta '¡Aquél prieto!'. 'Prieto' zer zen ez nekien nik, baina beltzaran bat seinalatu zidan, indioa. Eta Castrok: 'Aquél es el patrón'. Joan eta indioari esan nion: 'Zu zara ugazaba?', 'Ez, ez naiz ugazaba, baina zer pasatzen zaizu?'. Eta esan nion zelan nenbilen, zementua ezin pegatuta. 'Neuk erakutsiko dizut', esan zidan. 'Ipintzen duzu karea honenbeste palakada, zementoa honenbeste eta harea honenbeste. Mezklatu, eta pegatuko zaizu!'. Egin nuen hark esan zidan moduan eta gero, bai, ederto, denean, bueltan-bueltan. Pentsatu nuen: 'A, mexikano alu hori, ni ez nauk izorratuko gehiago'. Handik aurrera egurra eman nion nik hari.

        «Akordatzen naiz beste batean italiano batzuek bildotsak zeuzkatela eta Castrori eskatu ziotela hiltzeko. Mexikanoak esan zidan: '¿Oye, Santiago, me puedes matar dos borreguitos mañana?'. Zapatua edo izango zen hurrengo egun hori. 'Sí, sí, ya te voy a matar'. Orain bizi garen etxea ari nintzen egiten denbora hartan, eta Castrori galdetu nion orduan: 'Oye, Castro, ¿me vas a ayudar a tirar el cemento un sábado de estos?'. 'Pero, Santiago, los cement finishers cobran 18 dólares la hora'. Diru handia zen 18 dolar, ordu bateko beharra! Eta erantzun nion: 'Sí, sí, ya te voy a pagar. Pero, ya sabes, los carniceros cobran 24 dólares la hora'. Horixe esan nion. Okerra zen Castro! Hark niri ez zidan gura izan, baina neuk ere ez berari. Mexikanoa! Hil zen gizajoa! Eduki dezala Jaungoikoak zeruan! Baina okerra gizona? Txarra!