Western Basque Festival
Western Basque Festival
2007, kronika
160 orrialde
978-84-95511-95-9
Miel A. Elustondo
 
 

 

44

 

1930 baino lehen, euskaldunek ez zuten aipu onik AEBetako mendebaldean. Artzain ari ziren, eta behizainen eta ardi-nagusien arteko borrokaren erdian gertatu ziren. Euskaldunak, agindutako artaldea hartu eta libre zebilen bateko mendi kaskotik besteko erreka zokora, belar goxo bila. Urtea eman ohi zuen artzainak mendian, astoa edo mandoa, txakurra eta ardiak beste arimarik ikusi gabe. Kasu gehienetan, urtean behin jasotzen zuen zegokion pagamendua. 1913ko J.U. hark bezala.

 

        J.U. Winnemuccara itzuli zen Urteberri egunean. Lau urte eman ditu kanpoan, McDermitt-en etengabe lanean, J.J.-rentzat. Denbora horretan ez da behin ere izan hirian. Orain, J. aberastuta dago, andregaiari diamanteak, automobila eta adreiluzko etxea erosteko lain diru dauka. Iparraldeko asentamendu txiki horretan lau urte igaro eta gero, Humboldt konderriko metropoliaren hara-hona urduriak buruari eragin dio eta, gaur egun, Busch-en dago atsedeten. Kalera irten eta izpilikuzko galtzerdiak erosi orduko andregaiari hots egingo dio.

 

        Bizimodu horretan konforme ez eta bere bidea egiten hasi zen laster: soldata dirutan jaso beharrean, arditan eskatzen hasi zen eta, pixkanaka-pixkanaka, artaldearen zati batez jabetzen. Artzain izana ardi-nagusi egina!

        Lur federalak ziren mendi-ibarretakoak. Ez zen ezer ordaindu beharrik. Libre ibili zen artzaina, nahiz eta larrutik pagatu zuen libertate hori. Amerikar askok baino hobeto egin zuen negozioa, eta hori ezin eramana zuen bertako amerikarrak. Negozio ona euskaldunak eta, langile premian zenean, etxekoak ekartzen zituen, Euskal Herriko senide eta lagunak. Horrelaxe hazi zen euskaldunen kolonia Mendebaldean. Ardi-negozioaz zeharo jabetu gabe ere, omen handiko egin zen euskalduna. Eta begitan hartu zuten arrantxeroek. Hauek, erosia zuten lurra. Ondoan, kontra-kontra, artaldeak libre, artzaina arrotza eta lurra musu truk. Eta frustrazioa. Eta aurreiritzi eta juzku txarrak. Eta prentsak haize-emaile: «Ardi-nagusi horrek, ez hartu euskaldunik!».

        Batzuen eta besteen presioek politikariak estutu zituzten. 1934an, Taylor Grazing Act, lurren erabilera arautzen zuen legea onartu zen. Barrutiak izendatu zituzten, artaldeak non bazkatu eta non ez. Herri-batzordeek —arrantxeroz osatutako batzordeak, finean— kontrolatu zituzten baimenak. Ez zuten lan gaitzik egin: «Halakori, onartu; paseko euskaldunari, ukatu». Diskriminazioa. «Black Basquos!» garaia. Euskaldunak ez zuen pastelaren zatirik jasotzeko modurik izan. Artzainaren azkena izan zen AEBetako mendebaldean. Euskaldunaren amaiera.

        Anti-euskaltasunak bazuen bestelako errorik ere. Lehenagokoa. Espainiaren eta Amerikaren arteko gerraren ondorioz, euskaldunek Espainiarekin bat egiten zutela uste izan zuten amerikarrek, haietakoak zirela. Immigranteen aurkako sentimendua hazi egin zen XX. mendearen hasieraz gero, eta 1920an etorkinen kopurua mugatzen zuten kuotak arautu zituzten. Euskaldunak, edo espainiar edo frantziartzat hartu zituzten. Eta izan multzo batekoak, izan bestekoak, guztiz mugaturik izan zuten Amerika hartara sarrera. Eta 1924an, adibidez, espainiarrei zegokien immigrazio-kuotak 131 laguni besterik ez zion onartu baimena. Kito, beraz, Hego Euskal Herriko euskaldunen bidea AEBetara.

        1930eko hamarkadaren erdialdera, ordea, giroak aldatzera egin zuen, poliki-poliki. Lurren erabilera arautzen zuen legeak, Taylor Grazing Act hark, erabat bete zuen egitekoa: lurrak, arrantxeroentzat; kito artzain nomada eta euskaldunen immigrazio katea.

        Bigarren Mundu Gerrak bestelako jende mugimendua ekarri zuen. Gazteak soldadu eta ez zein izan artzaintzan jardungo zuenik. Horrekin batera, artzain zaharrak hil, erretiratu edo Europara itzuli ziren. Eta ez zen haiek ordezkatuko zuenik. Euskaldun ez zirenek ez zuten ofizio hartan hasteko interesik, ez gogorik.

        1940az gero zenbait lege onartu ziren AEBetako Kongresuan, euskal artzainak herrialdean sar zitezen errazteko. Lehenengo, behin betiko erresidentzia baimena aitortu zieten Amerikan bertan lanean ari zirenei. Geroago, 1950eko hamarkadan, McCarran senatariak beste zenbait lege proposamen landu zituen, Europako euskaldunak artzain kontratatu ahal izateko, Espainiari zegokion immigrazio kuotatik aparte.

        Patrick McCarran senatariaren ahaleginek arrakasta izan zuten 1952an, McCarran-Walter Omnibus immigrazio legea onartu zenean. Hark, Europako euskaldunak artzain kontratatzeko baimena eman zien artzain elkarteei. Batean ezetsiak, bestean preziatuak. McCarrani esker.

        Hargatik, 1959an, euskaldunek McCarran goratu zuten Renoko kanposantura joanda.