Western Basque Festival
Western Basque Festival
2007, kronika
160 orrialde
978-84-95511-95-9
Miel A. Elustondo
 
 

 

64

 

Euskal usaina zuen hankabikorik baldin bazen, garai batean elkarrizketa egin beharra nion. Bakean nengoenean, edo ase eta atsedenean, Marcelino Ugalde etortzen zitzaidan zirikatzaile. Behin baino gehiagotan. «Halakorekin hitz egin duzu?». «Ez. Zein da hori?». «Ez dakizu? Zure elkarrizketa bilduma horretarako aparta da. Pertsonajea!». Hamaikatan.

        Beste batzuetan, distira handiko pertsonaiaren baten berria nire belarrietara etorri, lur aztertu eta historiaren jabe egin ni eta neu joango nintzaion Marcelinori: «Halakorekin egon naiz». Eta, sarri, gure liburuzain nagusiaren ustekabea. Bostekoa eman —amerikar erara, jakina, eta bi euskaldun give me five! eginez—, eta hots egingo zuen gure Marcelinok: «You've got it, man!».

        Horrela iritsi zitzaion txanda Peter Echeverriari ere. Ehiza kontua. Eta hots egin nion, eta idazkariarekin hitz egin, eta ohiko nuen erretolika bota dena segidan: «Hello, my name is Miel Elustondo. I am a writer who came from the Basque Country in Europe, and I would like to meet Mr. Peter Echeverria for a formal interview about his Basqueness». Gutxi gorabehera.

        Eta, gutxi gorabeherarik gabe, bizpahiru hitz astiro, argi eta klar estres eginda: Mi-el E-lus-ton-do —em-ai-i-el, i-el-yu-es-ti-ou-en-di-ou—, Baaas-que... Tonto zein tuntunenak ere hainbestean ulertzeko moduan, alegia.

        Eta Peter Echeverriak ni errezibitu. Eta elkarrizketa egin, euskaraz. Mende hasieran Idahora jo zuten gurasoek erakutsi zioten bizkaieran mintzo hura. Ni, neure aldetik, estandarra harenera albait gehien hurreratzeko saioak eginez.

        Eta Peter Echeverriaren bizkaieraren zaharra ere! Laurogei urtean altxor-kutxan itxirik iraun duen pitxia irudi. Fosildua, errekarriak biribil-bolika higatua. Kontua da haren gurasoek Ameriketara zirenean ere higatua eraman zutela... eta Peter Echeverriari ezpain artean galtzen zitzaizkion berbak. Gure hizkuntzak etxean egin duen aldaketa ez zen gauzatu haren euskararen baitan. Ordea, ingelesaren maileguak zituen.

        Aurkezpenean, Pete-ren hitzak berba:

        — Pedro Inazio naz ni!

        Eta konbertsazioaren harian, halako batean galdera nik:

        — Eta zergatik ez zenuten festibala gehiago egin?

        Eta Pedro Inazio Pete-ren sententzia, gaztelania garbian:

        — Mucha gallina y poco corral!

        Peter Echeverriarekin egindako elkarrizketa ondu bai, baina ez nuen inora bidali argitara zezaten.

        Izaera kontuak.

        Ostegunetan hiruzpalau euskaldun bildu eta txorizo lunch egiten genuela esan nion Pedro Inaziori. Gure apartamendu exkaxean. Nahi bazuen etorri, gonbidatu izango genuela. Eta etorri zen. Eta behin eta birritan. Eta lagun egin nuen. Adio egin nion elkarrizketari. Prest banuen ere. Laguna vs. pertsonaia. Lagunak irabazi zuen. Agur elkarrizketa.

        Ez dut argitaratu oraindik.