Western Basque Festival
Western Basque Festival
2007, kronika
160 orrialde
978-84-95511-95-9
Miel A. Elustondo
 
 

 

21

 

— Khrustxev duzu gakoa. Gonbit hori! —Imanol dut aldamenean xaxaka.

        Eta zer dela eta gonbidatu zuten Nikita Khrustxev jakin behar dudala. Horixe giltza. Imanolek.

        — Ez ezak adarrik jo!

        Ez ezak adarrik jo! esango niokeen...

        — Khrustxev Renon? —Gorka aldamenean zirika—. NBEn zapatakada jo zuen urtean ez ote zen izan?

        «Joan eta harrapa ezak!», esateko moduan.

        Imanol. Gorka. Alua behar du izan.

        Baina alferrik da, alfer-alferrik ari naiz. Hurrena Amerikara joan naizenean, har-joa daramat sagarra. Zer deabru egiten du Khrustxeven gonbitak festibal hartara deitutakoen artean. Horixe barrundatzen.

        Eta jo ezak batera, eta jo ezak bestera. Eta inork ez daki ezer. Jakin beharko lukeenak ez daki. Ez didate erantzun biribilik ez erdipurdikorik ematen. Ez dakite. I don't know! Hori ere badakit nik, Renora hamar mila kilometro egin gabe ere. Horixe alfer-bidaia. Baina hala ohi dut bederatzitik zortzira. Zer uste zenuen bada?

        Halako batean, babak eltzetik ateratzen dizkigun morroiarengana jo dut, nire jakin nahi eta ezinen berri kontari, edo, bestela bezala, egunero jo behar izaten diodan kukurrukua jotzera. D da. Demosthenes, alegia, baina zeinek agindu amerikar nagiei izen hori esan dezaten? Berriz jaio behar. D da, beraz. Gehienez ere, Demo. Di, edo Dimo.

        Internet astintzen hasi zait Di, artoaren historia kontatzen, Khrustxeven gonbita helburu. «Nora hoa hi, ordea?», baina hantxe Khrustxev, arto sailean ageri, artaburua eskuan eta argazkilariz inguraturik.

        — Nikita Khrustxev hemen izan zen zure urte horretako udan. 59an.

        — Hemen, non? Renon?

        — Ez, hemen, AEBetan. Iowan —Dik—. Roswell Garst izeneko nekazariak gonbidatu zuen. Bigarren Mundu Gerra bitartean, eta ondoren, janari premia handia izan zen eta nekazariek lehen halako bi saiatu behar izan zuten lanean. Giro horretan, nonbait, arto hibridoa ereiten hasi zen Garst hura. Laguntzaileak ere bazituen unibertsitatean. Ikertzaileak. Garst dirutu egin zen eta, 1955ean, artean Gerra Hotzaren garaian, SESBen izan ziren Garst senar-emazteak, beren artoaren berri errusiarrei ematen. Eta saltzen. Maila bateko eta besteko funtzionarioekin izan ziren eta, besteak beste, Nikita Khrustxev goi-funtzionarioarekin. Berriketaldiaren harian, Elizabeth Garstek Khrustxevtarrak Iowara gonbidatu zituen, arto sailak ikus zitzaten. Hauek, baietz. «Inoiz ez da jakiten noiz!». Bada, Nikita eta Nina Khrustxevek 1959ko irailaren 23an bisitatu zituzten Garstarrak Iowan. Kontua da ordurako Khrustxev SESBeko presidentea zela! Eta hantxe, Khrustxev arto sailetan, 600 kazetari eta argazkilariz inguraturik.

        — Horregatik euskaldunen gonbita!

        — Oso litekeena Khrustxeven bisitaren berri izan eta beren jaialdian ere nahi izana errusiar presidentea. Keinu bat izan zitekeen, Gerra Hotzaren garaian. Bestetik, festibalekoek publizitate handia nahi zuten, jende andana nahi zuten, leku guztietatik etorritako jendea, hotsa eta azantza... Hortxe, bada, Nikita Khrustxev!

        — Gonbita, bederen. Hi haiz hi, Di, muxu emango nikek ipurdia baino zatarragoa izango ez bahintz!

        — Beste detaile bat, Zaldi Ero. Hori ez ziok Interneten, neure kolkotik zakiat. Baduk arto mota bat, Krushev corn izenekoa. Alta, bisita haren ondoren bataiatu zuten delako arto mota presidentearen izenarekin. Besterik behar al duk?

        — Bai. Ahaztu baino lehen. Noiz izan zuan Khrustxevek NBEn zapatakada jo zuena?

        — Begira dezagun!... 60an. Besterik?

        — Ez, Di, eskerrik asko besterik.

        Di, Anaia Urdina dut. Aspaldi du zerua irabazia, AEBetan ezagutu dudan ezker bakana dut.

        Di zerura, Imanol, Gorka... zulora. Surtan erreko ahal dira! Alua behar du izan! Horiek lanak eragiten dizkidatenak!