Western Basque Festival
Western Basque Festival
2007, kronika
160 orrialde
978-84-95511-95-9
Miel A. Elustondo
 
 

 

29

 

«Zu 'Itziar Uriarte' esanez etorri zatzaizkit, baina, amerikarren modura, gizonaren deiturak agintzen du hemen. Bi urte nire bila!

        «Aitatxurekin Renora joan nintzeneko ezkonduta nengoen, eta hiru umeak ekarrita. Alaba zaharrenak 6 urte izango zituen sasoi hartan. Txikienak, Eduardok, hiru bat urte. Orain 47 ditu, oker ez banago. Atera kontuak. Nik neuk laurogeiko bidea daramat.

        «Renora joan ginen garaiko, Markinatik Bilbora etorrita geunden, bizitzen. Hori ere gogoan dut... Oso festa libertigarria izan zen. Bidaia bera ere ederra. Ni, izan, beti izan naiz ibili zalea. Etxean denok izan gara zale. Aitak esaten zuen kohetea genuela atzean. Metxa piztu eta ziztuan irteten ginela. Horixe esaten zuen. Zuzen zegoen. Tirtiri huts ginen. Eta, horrela, ez nintzen haserre aitatxu etorri eta esan zidanean:

        — Itziar, zurekin hitz egin behar dut. Amerikara goaz.

        «Gizonari baimena eskatu eta joan nintzen aitatxurekin Renora. Zu hona ekarri zaituen jaialdira, alegia.

        «Eta Robert Laxalt ezagutu genuen. Idazle famatua zen. Haien etxean ere izan ginen behin. Senar-emazteak ni baino gazteago iruditu zitzaizkidan. Alaba txikia ere bazuten. Bat edo bi. Ez dakit ba...».

        — Monique eta Kristin, ez dakit besterik izan zuten. Moniquek sei bat urte zituen orduan.

        «Jakina, nik ez dakit hori. Monique eta. Haien etxean neska koxkorren bat, behintzat, bazela esango nuke. Horixe akordatzen naiz.

        «Laxalt... Gaztea eta atsegina zen. Lotsati xamarra, aukeran».

        — Horixe esango nuke nik Moniqueri buruz: atsegina eta lotsati xamarra dela. Aitaren ezpalekoa —esan diot nik.

        «Peter guztiz bestelakoa zen. Kontrakoa. Arratoiek ere ezagutzen zuten Echeverria. Zer zen ba, hura! Ez ginen luzaro egon. Esan nahi dut, ez genuela egonaldi handirik egin. Astebete? Hortxe-hortxe. Jaialdiaz gero batetik bestera ibili gintuzten. Hango paraje bazterrak erakutsi zizkiguten. Boise aldean ere izan ginen, injineru batekin. Mendi aldera eraman gintuzten, erreka bat ikustera: eta izokinak ur-jauzian gora! Gauza polita, gero!

        «Egun gutxi igaro genituen han, baina Echeverriari igartzeko nahikoak! Ezagun zuen Echeverriak. Ezpala? Egurra zekarren hark, egurra! Hiztun dotorea. Eta haren etorria! Ingelesez, euskaraz, gaztelaniaz... Eta umoreko. Mikrofonoa hartu eta berak zuzendu zuen festibala, jendeari aspertzeko tarterik eman gabe.

        «Ez zait gogoratzen aizkolaririk eta horrelakorik. Izan zirela diozu, baina nik ez daukat akorduan. Kontuan hartu festa itzela izan zela. Eta luzea.

        «Flamenkorik? Eta zer dela eta egin behar zen han dantza flamenkoa? Dantzak bai, baina hemengoak. Gureak. Dantzari talde handi bat izan zen han. Sortu berria, inondik ere. Idahotik etorria zela esan zuten. Gazte asko ari ziren dantzan, eta ederto egiten zuten. Aurreskua eta. Ederto egiten zuten dantzan, baina nahasi antzean. Horrekin esan nahi dut ez zutela zeharo Bizkaiko erara egiten. Nik ez dakit jendea konturatu zen ala ez, baina ni bai, ze urte asko egina nengoen dantzan, eta Bizkaikoa eta Gipuzkoakoa ez dira guztiz berdinak. Jantziak, berriz, hemengoak bezalakoxeak zituzten».