Western Basque Festival
Western Basque Festival
2007, kronika
160 orrialde
978-84-95511-95-9
Miel A. Elustondo
 
 

 

23

 

«1958an etorri nintzen ni Ameriketara, 17 urterekin.

        «Nik gura nuena zen hona etorri, 20.000 peso egin eta atzera buelta! Horixe zen nire asmoa. Aitari ere esan nion eta berak: 'Bejondeiala, Xanti! Hori asmoa buruan hartuta ibilten bahaz ez haz txarto ibiliko! Hori egiten badok ondo ibiliko haz hi!'. Horixe esan zidan gure aita Gergoriok... Baina gero, Amerika gehiago gustatu zitzaidan Euskal Herria baino. Bizia errazago egin zitzaidan hemen.

        «Ni ez nintzen pais honetara bakarrik etorri, ba'kizu. Beste batzuekin batera etorri nintzen: Ramon Jaio, haren anaia Luis Antonio, Juan Luis Eguen, Jose Eguen, Jose Luis Mallea Txotxogorri, Txato Gerrikagoitia... Beste bat ere izan zen gurekin etorri zena, Jose Maria Arriaga, baina hark bere burua hil zuen.

        «Horiek lagunak, baina denbora batean gu lau anaia izan ginen hemen Ameriketan, Luis, Juan, Antonio eta neu, Xanti».

        — Xanti Basterretxea. Munitibar-Gerrikaitzekoa.

        «Bai. Lau anaia eta arreba ginen baserrian. Gainera, ama, amama eta aita. Aittitte gaztetan hil zen. Eta lau anaiok izan ginen hemen Ameriketan. Baina, lehenengo, aita etorri zen: Gergorio.

        «Lehenbiziko aldian, 1920an etorri zen hona, eta 30ean edo 32an atzera Euskal Herrira joan zen. Amarekin ezkondu zen orduan. Gure aitak hemendik diru ona eroan zuen sasoi hartan. Ondo bizi zen. Esaten zuen diruaren interesaz urtea ondo pasatzen zuela. Gero, Francoren gerraostean, dirua debaluatu egin zen eta atzera Ameriketara etorri behar izan zuen. Hala esaten zigun. 1949an edo 50ean etorri zen ostera ere Ameriketara eta 62an joan zen bueltan Munitibarrera.

        «Gure aita hemen zegoela etorri ginen gu lau anaiok hona. Lehenengo zaharrena etorri zen, Luis, gero Juan, ni hirugarren, eta gazteena azkena, Antonio. Arreba, Gloria, baserrian gelditu zen, amarekin.

        «Aita american citizen zen eta hona ekarri gintuen lau anaiok, Espainian soldadu joan beharrik izan gabe. Bere garaian, gure aitak ere ez zuen gura izan gerrara joan. Eta gure amak ere ez zuen gura izan aita soldadu joatea. Auzoak, joaten ziren soldadu eta gaixorik etortzen ziren, goseak egoten ziren, pleuresiak jota etortzen ziren... Orduan, aitak eta amak ez zuten gura izan gu soldadu joan gintezen...

        «Ni poz-pozik etorri nintzen Ameriketara. Ez nekien hau zer zenik ere! Ideiarik ere ez! Akordatzen naiz amak hamar dolar eman zizkidala, Ameriketara etortzeko. Abioian sartu nintzen Madrilen. Dena amerikanoa zen han, turista edo ez dakit. Espainolik ez nuen ikusi. Dena zen ingelesez. Eta nire ondoan jesarrita ere, gizon bat, amerikanoa, looodia, niri ingelesez berba egiten. Eta nik ez nion batere aditzen.

        «Eta Madriletik irten eta New Yorkerantz.

        «Eta etorri ziren jatekoa ematen... eta nik hura ezin jan! Eta amerikanoak, looodiak, nire ondoan, jateko esaten zidan. Baina nork jan hura? Letxuga eta, gordin-gordinik, gozatu gabe. Nik ez nekien gozatzekoak han zeudenik, poltsatxo txiki haietan. Ez nekien!

        «Horrela, goizeko 6etan ailegatu ginen. New York-en ipini ninduten gelatxo batean eta hantxe egoteko esan zidaten. Eguerdiko ordu bata zen Euskal Herrian. Ni, goseaz! Gizon bat etorri zen eta jan egin gura nuela esan nion espainolez. Eta berak aditu egin zidan. Eta errestaurantera atera ninduen. Ez nuen eskatu ere egin. Eskatu barik ere platerkada itzela ekarri zidaten, hori bai. Gosea nik, eta jan nuen dena. Eta gero, kezka: 'Zelan pagatu behar joat nik hau, hamar ogerleko bakarrik eta!'. Baina haiek ez ziren Espainiako hamar ogerleko, hamar dolar baino. Hala ere, nik neure buruari. 'Zelan pagatu behar joat nik hau! Baina jan joat eta... Tira, emango zioat hamar dolarreko hau eta Espainiako diru hauek ere emango zizkioat eskatzen badizkit!'...

        «Morroia etorri zen eta eman nion hamarreko hura eta, atzera bueltan, dolarrak, dolar piloa atzera ekarri! Dolar batekoak, baina 'Lehen baino gehiago eman zidak honek!', pentsatu nuen, 'Hau duk diru piloa! Ez duk hauxe nazio txarra!'».