Aurkibidea
Aurkibidea
55
2003ko otsailean izan zen. Renoko Center for Basque Studies-en Aholku Batzordeak urteko bi bilera nagusietarik lehena egin zuen John Ascuaga's Nugget kasinoaren aretoetako batean. Ohiko kideez gain, bileran parte hartu zuten gonbidatu berezien artean zen Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Maria Anjeles Iztueta. Hitzaldia ere egin zuen, gisa denez, Euskal Herriaren berri on emanez.
CBSren bilerak ezarririk zuen gai-zerrenda goiz eta arratsalde landu eta gero, eta bilera bukatzera zihoala, esku-erakutsia egin zien Hezkuntza sailburuak batzordeko kideei: Gernikako haritzaren hostoa, lehorturik eta kristalean jarria.
Ez dago esan beharrik denek ere lege onez jaso zutena erregaloa. Estimatu zutela, alegia. Ordea, Pete Cenarrusa beste inor ez zen gai izan Gernikako hostoari kimua ateratzeko. Oparia jaso bezain arin, esan egin behar Petek:
Hostoa ez ezik, arbola dugu Boisen. Gernikako Arbola! Idahoko Capitol-en daukagu, neu estatu idazkari nintzela ipinita.
Bileran ez zuen besterik kontatu. Baina dakienak badaki Boiseko Gernikako arbolaren historia... Cenarrusak konta zezakeen...
«Kontua da gu hemen jaio ginela, Ameriketan, eta amerikar garela, baina euskaldun ere bai. Gure gurasoak euskaldun izan ziren, Bizkaian jaioak. Eta Boise aldean oso gogoan izan dugu hori beti. Lotura handiak ditugu Euskal Herriarekin. Franco bizirik zegoela gure herriari laguntzen saiatu ginen; Burgosko epaiketa izan zenean eta, guk geure ahalegintxoa egin genuen hemendik. Eta diktadorea hil zenean, are gehiago. Orduan samurrago izan zen, euskal gobernua jarri zuten eta.
«Sasoi hartan, Boiseko euskaldunei burura etorri zitzaigun Gernikako Arbola behar genuela Idahon. 'Ameriketako Gernikako Arbola' izango zen, eta gure euskal jatorria betikotuko zuen. Hala gura genuen, guk ez ezik, gure oinordeek ere kanta zezaten: 'adoratzen zaitugu, arbola santua'.
«Eta, asmo horretan, Gernikako haritzaren landarea eskatu genion Bizkaiko legebiltzarrari 1981ean. Zelan Boise bueltako euskaldun denak bizkaitarrak garen, diputazinoari eskatu genion arbola. Guk eskatu eta haiek eman: bat ez, hiru landare ekarri zizkiguten. Haiek bazekiten bat ekartzea ez zela seguru. Bide handia dago Gernikatik Boisera eta batek jakin arbola santua hegazkinean osorik etorriko zen. Badaezpada, hiru adar ekarri zituzten Bizkaiko agintariek, Alberto Amorrortuk eta Jose Manuel Zabalak.
«Apropos, izenak ere eman zizkieten hiru landareei: Jose, Juan eta Pedro. Barregarria da, baina egia.
«Ez pentsa arbolak honaino ekartzea erraz izan zutenik: arbolentzako agiriak bete behar!
«Hango paperak Bizkaian bertan zuzendu zituzten. Hemengoak zuzentzen, berriz, neu arduratu nintzen. Izan ere, gaitza da, Ameriketan ez dute uzten atzerritik landare bat ere ekartzea. AEBetako Nekazaritza idazkariari idatzi nion, Idahoko estatu idazkari nintzela esanez. Gernikako Arbolaren historia azaldu nion eta hiru landareak nazio honetan sartzeko baimena eskatu. Hark egindako agiriari esker pasatu zuten muga haritz txikitxo haiek.
«Landareak heldu biharamunean, apirilaren 18an, jai egun handia izan genuen euskaldunok Boisen. Idahoko Capitol-eko lorategia AEBetako eta Euskal Herriko ikurrinez apain-apain jantzita zegoen. Landarea aldatzeko zeremonian goi-mailako agintariek egin zuten berba: gobernadorea, estatu idazkaria ni neu, gotzain katolikoa, Bizkaiko diputatu biak... 'Agur Jaunak' kantatu genuen, eta 'Gernikako Arbola'... eta Boise bertoko Oinkari taldeko dantzariek 'Ikurrin dantza' eta 'Zortzikoa' dantzatu zituzten. Atera kontuak, lorazaina ere euskalduna genuen Capitol-en, Severiano Legarreta! Hark aldatu zuen Gernikako Arbolaren landarea. Pozik ginen, bai horixe! Landare hark gure gurasoak omentzen zituen, euskaldunak ginela aldarrikatzen zuen amerikar eta euskaldun, gura baduzu, eta harro ginela, oso harro.
«Hurrengo egunean zapuztu zen gure poza. Gernikako landarea ez zen ageri han. Kendu egin zuten! Haren lekuan adar zahar bat jarri zuten! Severianok ezin sinetsi zuen, txapelari jira eta buelta! Egundo horrelakorik!
«Maldizio batzuk esan, eta bizkaitarrek ekarri zituzten hiru haietarik bigarrena Jose, Juan edo Pedro aldatu genuen, hantxe, aurrekoa aldatu genuen zulo berean. Harrezkero, hirugarren landarea... hirugarrena badakit nik non aldatu genuen, baina ez noa hemen esaten».