Western Basque Festival
Western Basque Festival
2007, kronika
160 orrialde
978-84-95511-95-9
Miel A. Elustondo
 
 

 

45

 

«Benny Goitiandia naiz. Benedicto, baina Benny esaten didate hemen. Aulestiko Goitiandian jaio nintzen, 1932an. Zubero auzoan. Jendeak uste du han ere harri altzetan egiten nuela, baina ez da egia. Nahiz eta domeketan eta lantzean behin Malaxera joaten ginen eta hantxe bai, altzetan egiten genuen. Etxekoek ez zuten gura izaten nik harri altzetan egiterik eta ezkututik ibili behar izaten genuen. Maixeneko Joxe-eta Malaxera joaten ziren eta harri altzetan egiten genuen. Lantzean, gauean egiten genuen proban. Aulestin ere egin genuen behin proban, eskolan genbiltzala. Osterantzean, etxean jakiten bazuten, kastigatuta egoten ginen.

        «Orduan, denbora hartan, han ez zen egon beharra, askorik ez behintzat, eta honaxe etorri ginen, bizimodua hobeto badago edo! Boisera etorri nintzen ni lehenengoan. Letamendiren ostatuan egon nintzen eta herriko karnizerian egin nuen behar. Halako batean hemen ere hasi ziren batzuk jokoan harriekin eta neuk ere egin nuen. Gero pikinikietan ere hasi ziren harri altzetak ipintzen eta halaxe hasi nintzen. Boisen egin nuen lehenengo altzeta. Gero, Elkora joan ginen. Han ere hasi ziren. Mountain Home, Reno, San Frantzisko, Winnemucca...

        «Lehenago, Renon egin nuen, 1959an. Han egon zen morroi bat harri altzetan ona. Frantses euskalduna, harri altzetan ona, gero! Beldurretan egon nintzen baina erraz irabazi nuen. Gehiago ez nuen ikusi hura harri altzetan. Hemen Nabarnizkoek, Aulestikoek eta beste batzuek egiten zuten harri altzetan. Bat, Bikandi, Nabarnizkoa, kanpeon izanikoa zen han Bizkaian.

        «Renora joateko Pete Echeverriak esan zidan niri. Pete Echeverria zen hango gaming comission, ezagutzen ninduen, eta eroan ninduen. Harrezkero, Laxalt-ek ere eroan ninduen Las Vegasera birritan edo hiru bider».

        — Non zinen 1959an?

        «Boisen bizi nintzen. Jaialdira joan behar genuela esan ziguten eta joan ginen. Kotxeaz eroan gintuzten, gu eta pisuak eta denak. Harri bi eroan nituen. Bata 312 librakoa edo, eta bestea 9 arroakoa».

        — Zenbat da arroa bat?

        — Hamaika kilo baino gehiago.

        «Aizkoran eta txinga eroaten ere egin nuen. Aizkoran lehenengo egin nuela pentsatzen dut, neuk irabazi nuela. Txinga eroaten ere lehenengo egin nuela uste dut. Geroago, Amerikara neugaz abioian etorririko beste bat izan zen kanpeon hemen luzaroan: Jose Goicoechea. Harri altzetan ere egiten zuen hark. Biok egiten genuen. Bikandi joan zenean atzera Europara, nik itxi egin nion apur baten. Gero, berriz ere jokoa egin genuen eta halantxe hasi nintzen ni atzera.

        «Baina ni harri altzeta itxita egon nintzen luzaroan. Gero, honaxe, Kunara etorri ginen urtean, berton exhibizioa egiteko deitu zidaten, eta egin nuen. Hurrengo egunean, pikinikia egon zen Mountain Home-n, eta paper-ean etorri nintzen, periodikuan, eta batek desafioa eman zidan: harri txikiaz egingo genuela. Nik ez nuen gura izan jokoa egiterik baina beste batek, Joe Larreak, kamioiak zeuzkanak, dirua jokatu zuen. Lehenengo jokatu eta hurrengo egunean niri etorri jokoa egin zuela eta altzetan egin behar nuela esanez! Eta atzera hasi nintzen».

        — Txinga eroaten ere egin zenuela esan duzu...

        — Bai, egin nuen. Nik denetan egiten nuen! Entrenatu barik ere!

        — Gogoratzen zara Renoko dentista batek ere txinga eroaten jardun zuela?

        — Dentistarik ez zait akordatzen niri! Ez dakit, urte asko da eta! Ezin esango nizuke... O!, Elkoko parteko morroi bat egon zen han, Renoko festibalean. Amerikanua zen hura, eta txinga eroaten ona! Ardi-ugazaba izanikoa zen, pentsatzen dut. Haren aita ardiak edukitakoa.

        — Eurekakoa zen, izatez. Renon bizi da aspaldi. Eta dentista izan da orain dela urte batzuk erretiratu zen arte.

        — Renon bizi da orduan? Dentista? Ikusi ere egin dut noizik behin hura nik.

        — Carl Herrera du izena, dentista da Renon, eta berak irabazi zuen txinga eroatea jaialdi hartan —esan diot.