Western Basque Festival
Western Basque Festival
2007, kronika
160 orrialde
978-84-95511-95-9
Miel A. Elustondo
 
 

 

66

 

Joe Bob Briggs kazetari saiatua da, inondik ere. Eta zaildua. Ascuaga hartu zuen hizpide 2001ean ondu zuen erreportajean. Haren kasinoa ireki zeneko garaiak eta. Cowboy-en erresuma omen ziren Reno eta Sparks orduan. Haiexek jaun eta jabe. Giro horretan, Ekialdeko kostatik zetozenak cowboy egiten omen ziren. Politikari aztiei dagokienez, berriz, zaldian behin ere ibili gabeek ere cowboy balira bezala jokatzen omen zuten. Joek azpimarratu egin digu «jokatu» hitza bere lanean. Eta batek jakin azpimarraren barruan zer gordetzen den.

        Hortaz, Ascuagaren Nugget udaberrian loratu zen. Hazia loratu. Ez alferrik esan nahi du «pipita» ingelesezko «nugget» hitzak. Hazi, kasinoaren western estiloari esker, batik bat. Gaur egun, Best in the West Nugget Rib Cook-Off saiheski jaialdia dugu. Jaialdia: saiheski-jana. 280.000 lagun biltzen ditu festa horrek Labor Day asteburuan, iraileko lehenengo astelehenean, alegia. Ascuaga bera arrantxo-jabea da, okela paketatzen du eta Nevadako kasino eta jatetxe asko eta asko hornitzen ditu.

        Nugget family entertainment izan zen, izena asmatu baino lehen ere. Fuera lizunkeriaren aztarna oro. Nugget ez zegoen Las Vegasetan. Ez dago, gaur egun ere. Ez dago zertan esmokina jantzi, edo hatz txikian eraztuna sartu bertan trankil jokatzeko. Eta horrelaxe eusten dio oraindik ere. Ekitaldi «aratzek» besterik ez dute lekua haren show aretoan. Esan egin beharko da Ascuagak lagun min zuela Red Skelton, puritanismoaren defendatzaile sutsua, nahiz eta honen karrerak erreka jo zuen Smothers Brothers-en emanaldien eta Saturday Night Live komedia lotsagabeen arrakastaren ondorioz.

        Era berean, Jeff Foxworthy eta David Brenner, garbizale puritanoak biak, sarri antzean izan ohi dira Nuggeteko show aretoan. Gehiago nahi duenak, jakin beza California Correctional Peace Officers Association-ek ere, kartzela funtzionarioen elkarteak, Nuggeten egin ohi duela aldian aldiko konbentzioa.

        Ascuagak zintzotasuna du aldarri. Zilarra du ile, zilarra janzki, irribarrea ikono. Beisbol zaleek bero agurtzen dute San Francisco Giants taldearen partidak ikustera joaten denean: Kalifornian egin ohi dituen iragarkiak hain dira ezagun! «Stop at John's!». «Eat All You Can!». «See the Elephant!». Tira, elefantea hil zen. 55 urte zituen eta edadea, ba'kizu. Alegia, you know.

        Maiatzero, bestalde, Nugget Scholarship Awards emanaldiko buru egiten du. Ia 50 urte darama Nevada iparraldeko high school-etako ikaslerik onenak saritzen eta beraien izen eta argazkiak kasinoan bertan, jendearen ikusmirako «Hall of Fame»n ezartzen.

        Joe Bob kazetariak ez daki hori dena.

        Beharbada, Ascuaga euskalduna ere badela ez daki. Gogoan hartu Peter Echeverriaren hitzak.

        Guk esango diogu: Hall of Fame horretan badira jatorri euskalduneko ikasleak ere: Sarratea dira biak. Ahizpak.

        Ascuagaren berri bi hitzetan eman behar eta «tipo jatorra» dela esan beharko litzateke. Hortxe bi hitz. «Tipo jatorra». Edo «beharko litzateke». Hitz bi han. Bi hitz hemen.

        Hobe izango dugu atertu.

        Gaztigatu ninduten behin. Laxalt familiaren gainean zer edo zer galdetu nion morroi bati. Haren bulegoan, bera eta biok, atea zabalik. Hura, ordenagailu aurrean jarrita. Tente, ni. Nik galdera bat, eta bi, Laxalt familiaren gainean. Hizketan lotu ginela jabetu orduko, morroia isildu. Bulegotik irten, niri berarekin joateko keinua egin eta handik hamar metrora, liburutegiko apal artean ezkutaturik biok. Laxalt hau eta beste. Paul, guztien buru. Baina ez laxaltar bakar. Zenbait kontu —«hau eta beste», alegia— haizatuz gero, lanak izango nituela nire bidaiak Renora sarri-sarri berritzeko.

        Dena esatea ere ez da on. Ez da komeni.

        «Atertu hadi!», beraz.