Western Basque Festival
Western Basque Festival
2007, kronika
160 orrialde
978-84-95511-95-9
Miel A. Elustondo
 
 

 

24

 

Jaialdian parte hartu zuten milaka jenderen artean zen Frank Arosetegui. Nola hartu zuen parte da kontua. Zaindari zen lanbidez eta lan egin behar izan zuen jaialdiak iraun zuen bi egunetan. «Bai, lan egin behar, jai izan arren. Zaintza-lanak egiten ditut, gure aitak bezala. Hura Herri Zaharrean jaio zen eta, ni, aldiz, Amerikan. Horregatik, jenero ezberdina zaintzen dugu».

        Bizkaitarra zuen aita Frank Aroseteguik. Bizkaitarra Idahon, artzain, ezinbestean. Mendian behera milaka ardi ekarri eta semeari esango zion: «Lan hau euskaldunek egiteko asmatu zen. Jendeak metro koadro batzuk izan eta 'etxea' esaten dio horri. Guri, euskaldunoi, ez zaigu etxean garela iruditzen mendi artean ez gauden bitartean».

        Zenbait aldiz, Frank hartu eta ardiekin batera abiatzen zen aita. Ardiak zaintzen erakusten zion, bazkarik onena nola bilatu, artaldea nola lotaratu... Baina, aita saiatu arren, semeak besterik zuen buruan. «Entzun, aitta. Beharbada ardiak zaintzea asko gustatuko zaizue Espainiako euskaldunei, baina Amerikakoei hori ez zaigu bizimodua iruditzen. Jende artean bizi nahi dugu guk, ez ardi artean».

        Horrela, ardiak zaintzen segitu zuen aitak, eta jende zaintzen hasi zen, berriz, semea: Dick Graves' Nugget Casinoko zaintzaile izan zen. Jokalariek jokoaren arauak zorrotz betetzen zituztela ziurtatzea zuen lana.

        1959ko ekainaren 6 eta 7an ere lan horixe bete zuen Frank Aroseteguik.