Western Basque Festival
Western Basque Festival
2007, kronika
160 orrialde
978-84-95511-95-9
Miel A. Elustondo
 
 

 

42

 

«Mezatatik irten eta hilerrira joan ginen. Ez dut esan nahi denak joan ginela, agintariak eta gisakoak han izan zirela, besterik ez. Kontua zen Pat McCarranen hilobiaren aurrean lore eskaintza egitea. Lore eskaintza eta errezoa, alegia.

        «Patrick McCarran senatari izana zen Washingtonen, ardi-nagusia ere bai, eta zenbait euskaldun zituen artzain, kontratupean. Konbentzituta zegoen euskaldunak baino hoberik ez zegoela lantegi horretarako, eta 50eko hamarkadan, immigrazio kontuak estutu zirenean, lan handia egin zuen euskaldunek Amerikara etortzeko baimen izan zezaten. Etorri, artzain, betiere. Are gehiago, oker ez banaiz, McCarranek berak eragin zuen legeak bisa agiria eman zien hemen ziren euskaldunei, bertan iraun zezaten. Gizon boteretsua zen Washingtonen Pat McCarran senataria.

        «Las Vegasko aireportu galantak haren izena darama. Eta Reno inguratzen duen saihesbideak ere halaxe: McCarran bulebarra. Renon bertan jaioa zen. Alderdi demokratako kide izan zen eta 1932an hautatu zuten senatari. Euskaldunei lagundu zielako omendu zuten 1959ko jaialdian, eta horregatik du izena AEBetako euskaldunen historian. Gainerakoan, arrazaren araberako kuoten kontrako eta anti-komunista amorratua zelako da nabarmen. Alderdi Komunistaren eta hari afiliatuta zeuden elkarteen izenak erregistratzeko dekretua bideratu zuen 1950ean.

        «Euskaldunak AEBetara artzain joan zitezen lagundu zuen gure senatariak. Horretarako legea bideratu zuen, McCarran-Walter Omnibus 1952ko immigrazio dekretuaren bitartez. Euskaldunak artzain joan zitezen lagundu zuen legeak berak, are gehiago murriztu zuen immigranteen sarrera AEBetan. Bertan, estutu egin ziren 'atzerritar arriskutsuen' sarrera, esklusio eta kanporatzea».

 

        Sinesten dut nazio hau Mendebaldeko zibilizazioaren azken esperantza dela eta munduko oasi hau inbaditzen, perbertitzen, kutsatzen edo suntsitzen badute, itzali egingo dela gizatasunaren azken argi izpia. Ez daukat arazorik hainbat arraza, kredo eta koloretako jendeak gizarte honi egin dizkion ekarpenak goratzen dituztenekin. Are gehiago, Amerika erreka txiki askok ibai handia egitetik sortu da; Amerikako modua du izena ibai horrek. Hala ere, AEBetan baditugu, gaur egun, nukleoak, bloke digestio ezinak, Amerikako bizimoduan integratu ez direnak eta, oraindik okerrago, etsai errabiatuak direnak. Egun, behin ere ez bezala, milioika lagun ari dira gure ateei erasoka, sartzen uzteko, eta ateak pitzatzen ari dira haien oldarraren indarrez. Europako eta Asiako problemak ez dira konponduko problema horiek berak denak batera AEBetara ekarrita... Ez dut profetiko izateko asmorik baina lege honen kontra daudenek arrakasta baldin badaukate hura xehatzen, edo behar bezala aztertu gabe zuzenketak egiten, orduan beste inork baino gehiago bultzatuko dute nazio honen hondamena, nazioaren independentzia lortu genuenetik gaur arte.

 

        1953an McCarranek Kongresuan egindako hitzak dira. 77 urte zituen. Handik urtebetera hil zen euskaldunen laguna.

        1965ean atzera bota zuten McCarranek eragindako dekretua.